Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik munduko turismo-azoka garrantzitsuenean parte hartuko du, Berlinen

2011.eko martxoak 09

Euskadira turista gehien zer herrialdetatik datozen kontuan hartuta, hirugarren herrialdea da Alemania, eta iaz % 17ko gorakada izan zuen bidaiari alemanen sarrerak Euskadin

Aurten Eusko Jaurlaritzak buru-belarri bultzatuko du sustapen turistikoa Alemanian, jarduera-egutegi zabalarekin.

Urtero Berlinen egiten den munduko turismo-azoka garrantzitsuenean -ITB azokan- parte hartuko du aurten Euskadik. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla eta Basquetourreko zuzendari Ana Izagirre gaur bertaratuko dira azokara, aste honetan 100.000 bisitari profesional eta bestelako 70.000 bisitari izango dituela espero den azokara.

180 herrialde inguru daude ordezkatuta ITB azokan, gaur hasi eta igandera arte irekita egongo den azokan. Horietako batzuk garrantzi berezia dute euskal turismo-sektorearentzat.

Alemania, esaterako, hirugarren herrialdea da turista gehien zer herrialdetatik datozen kontuan hartuta. 2010. urtean herrialde horretatik etorritako 61.786 bidaiari erregistratu ziren euskal hotel-sisteman, eta % 17ko gorakada izan da hori aurreko urtearekin alderatuta.

Alemaniako turismoaren hazkundea Espainiako batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da. 2010. urtean, Alemaniako bidaiariek guztira 42 milioi egonaldi egin zituzten Espainiako hoteletan, hau da, % 5,8ko hazkundea Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera. Espainiarentzako lehen merkatu igorlea da Alemania hoteleko ostatu-gauen kopuruari dagokionez, Erresuma Batuaren aurretik.

Euskadi, + % 18 atzerriko turismoan

Atzerriko turismoa % 18 hazi zen azken urtean Euskadin, sektorean izandako hazkunde orokorraren gainetik. Euskadik bere historiako urterik onena izan zuen 2010ean, % 12ko hazkunde orokorrarekin aurreko urtearen gain.

Alemanian bere turismo-sektorearen sustapena buru-belarri bultzatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Horrela bilduta dago 2011rako sustapen-egutegian. Bi lan-jardunaldi antolatuko dira ekainean euskal enpresaburuekin, Frankfurt-en eta Munich-en. Azken hiri horretan, ekitaldi bat ere egingo dute Euskadi marka aurkezteko.

ITB azoka oso aukera ona izango da, ildo horretan, akordioak ixteko eta agenteekin harremanetan jartzeko. Izan ere, Alemaniako zenbait touroperadorek Euskadirako bisita egingo dute hurrengo hilabeteetan.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)