Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak protokoloa aktibatu du, Vitoria-Gasteizen legionelosiaren bost kasu egiaztatu ondoren

2019.eko otsailak 09
  • Kutsatutako hiru pertsona ospitaleratuta daude, baina beren bilakaera positiboa da 
  • Kutsaduraren fokua zehazteko ingurumen-ikerketa, nagusiki, kasu gehienak antzeman diren gunean dauden eraikinen hozte-sistemetan oinarritzen da

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak protokoloa aktibatu du, Vitoria-Gasteizen legionelosiaren kasu-multzoa antzemateko, urtarrilean bost kasu egiaztatu ondoren. Hauetatik lau epe laburrean eman dira. Osasun Sailak informazio hori eman die gainerako erakunde eskudunei, agerraldia izan eta berehala hartutako segurtasun- eta prebentzio-neurriei eusteko, eta gertakari horren bilakaeraren segimendua eta zaintza egiteko.

Horien guztien sintomak urtarrilean hasi ziren, 7aren eta 29aren bitartean. Bi emakume eta hiru gizon dira, 30 eta 84 urte bitartekoak. Bostak ospitaleratu behar izan dira, baina orain hiru baino ez daude ospitaleratuta eta bilakaera positiboa da. Kasu guztiek, batek izan ezik, arrisku-faktoreak dituzte, hau da, erretzaileak dira, adin aurreratua dute, biriketako gaixotasun kronikoren bat dute edo obesitatea dute.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak kasu guztien inkesta epidemiologikoa egin du eta informazioa Osasun Publikoaren Zuzendariordetzaren Ingurugiro Osasun zerbitzuari eta Vitoria-Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren zerbitzuari eman dio, fokua zehazteko ingurumen-ikerketa abiarazteko. Inkestaren bidez jakin da horietako hiruren etxeak elkarrengandik nahiko hurbil daudela.

Azken egunetan, eraikin eta establezimendu batzuetako hozte-sistemak aztertu dira, bai eta, susmoen arabera, kutsaduraren jatorria izan daitekeen gunean dauden iturri apaingarriak ere, eta garbiketa- eta desinfekzio-tratamenduei buruzko dokumentazioa eskatu da. Oraingoz, emaitza guztiak negatiboak izan dira, baina ikerketa amaitu arte, aktibatuta izango da jarduketa-protokoloa datozen egunotan.

GUZTIRA 118 KASU EUSKADIN, 2018AN

Legionelosia Legionella izeneko bakterioak eragiten du; bakterioa natura-ingurunean dago, gehienetan erreka eta lakuetako uretan. Baldintza fisiko eta kimiko ugaritik bizirik ateratzeko gai da, harik eta hirietako ur-horniduraren sistemetara iritsi arte, eta ugaritu egiten da, haren tenperaturaren arabera. Hori dela eta, ur beroaren sistemak, besteak beste dutxak, edo aire girotuaren sistemen hozte-dorreak bakterio horiek garatzeko leku aproposenak dira; ez dio pertsona batek beste bati transmititzen, baizik eta aire bidez, bakterioarekin kutsatuta dauden aerosolak arnastuta.

Gaixotasunaren sintomak direla eta, horiek bi modutara gerta daitezke:

  • Legionarioaren gaitza: kutsaduraren modu larriena da eta pneumonia ere badakar.
  • Pontiac sukarra, gripe-sindromearen antzekoa; ez du pazientearen bizitza arriskuan jartzen.

Inkubazio-aldia 2 eta 10 egun bitartekoa da, baina, agerraldi batzuetan, 14 egun arteko inkubazio-aldiak izan dituzten kasuak deskribatu dira. Pontiac sukarraren kasuetan, inkubazio-aldia 5 eta 66 ordu bitartekoa da. Legionelosiak tratamendu eraginkorra du antibiotikoak ematen direnean, baina kasuak larriak badira, baliteke ospitalean euskarri aurreratua behar izatea.

2018an, Euskadin bakterio horren eraginpean 118 pertsona izan direla egiaztatu da, alegia, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 5ekoa izan da. Lurraldeen arabera, Araban 18 kasu erregistratu ziren, Gipuzkoan 54 eta Bizkaian 46.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera horren bilakaeraren berri emango dute, bestelako neurririk hartu behar bada.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau