Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian hartu du Buenos Aires Probintziako Poliziaren ordezkaritza

2019.eko otsailak 11

Bisitaren helburua bi polizien arteko lankidetza garatzea eta areagotzea da

Arkaute, 2019ko otsailak 11.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaria eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo Buenos Aires Probintziako Poliziaren ordezkaritzarekin elkartu dira gaur Arkauteko Akademian. Jorge Oscar Figini komisarioa buru duen ordezkaritza aste honetan Euskadi bisitatzen ari da, bertatik bertara ezagutzeko segurtasunaren arloko politika publikoak eta Ertzaintzak herritarren babesaren arloan duen kudeaketa-eredua.

 

Bien intereseko elkarlana garatzea eta areagotzea da Buenos Aires Probintziako Poliziaren ordezkaritzak Euskadira egin duen bisita honen helburuetako bat. Bi polizia-kidegoen arteko harreman estua 2017ko urrian hasi zen. Data horretan Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko eta Herritarren Babeserako Dibisioaren buruek Buenos Aires Probintziako Poliziaren hainbat instalazio eta erakunde bisitatu zituzten La Platan, Herritarren babeserako kudeaketa-ereduen eta politika publikoen arloko elkar trukeen adierazpen-agiriaren esparruan.

 

Iaz, Jorge Oscar Figini komisario generala buru zuen Argentinako ordezkaritza batek eta beste hamar buruzagik Ertzaintzaren polizia-eredua, Misioa, Bisioa eta Baloreak oinarri dituena, hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten, eta erakundearen kudeaketaren eta egituraren berri izan zuten bisitatu zituzten Ertzaintzaren ertzain-etxe, unitate eta zerbitzuetan.  

 

Tarte honetan, Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateko agenteak Argentinan izan dira gaiaren inguruko eskolak ematen, eta Ertzaintzako Esku-hartze taldeak eta Negoziazio taldeko kideek praktika bateratuak egin dituzte eta Ertzaintzaren esku-hartze eta negoziazio teknikak landu dituzte.

 

Ordezkaritzaren bisita baliagarria izango da etorkizun hurbilean lankidetzarako konpromisoa formalizatzeko honako arlo hauetan: akademiako formakuntza eta gaikuntza jardueren garapena, hobekuntza eta aholkularitza eta esperientzien trukea delituen aurkako borrokan eta prebentzioan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak