Eu

BASOTEKek baso-egur sektorearen lehiakortasuna sustatuko du balio erantsiko proiektuen bitartez

2019.eko otsailak 07

I+G+Bko diziplina askoko partzuergoa pintura ekologikoak, isolatzaile naturalak eta egurrezko eraikin berriak garatzen ari da dagoeneko.

Baso-egurraren sektorea Euskadiko BPGaren %1,5 da eta 18.000 lagun ingururi ematen die lana.

BASOTEK partzuergoa Euskadiko baso-egurraren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko sortu zen, eta gaur aurkeztu ditu lantzen ari den balio erantsiko proiektuak, sektorearen lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin.

BASOTEK I+G+Bko diziplina askoko partzuergo bat da, basogintzaren eta eraikuntzaren inguruan ikertzen duten zentro teknologikoek osatzen dute, eta Euskadiko egur eta basoaren balio katea osatzen duten eragile nagusiak ere bertara bildu dira (BaskEgurHAZINEIKERTECNALIA, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) eta Vicomtech): Partzuergoaren babesleak dira baita ere Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gainera, BASOTEKen, Europan baso gaietan erreferentziazkoak diren European Forest Institute (EFI) eta Europa Hegoaldeko Basoginen Elkartea (USSE) erakundeek ere parte hartzen dute.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak gidatuta, BASOTEK bat dator Eusko Jaurlaritzaren erronkekin basoaren sektorean berrikuntza sustatzeko, eta basoko bioekonomia bultzatzeko estrategiaren baitan kokatzen da, garapen ekonomikorako paradigma berri edo garatzeko aukera berri moduan, basoko baliabideen erabileran oinarrituta, balio erantsiko produktu edo tresna berriak sortzeko. Euskadin zuhaitzek guztirako lurrazalaren %54 hartzen dute, Europar Batasunean dauden portzentajerik altuenetako bat, eta baso-egurraren sektorea BPGaren 1,5 da eta 18.000 lagun ingururi ematen die lana.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak azaldu duenez, BASOTEK saiatuko da “baso-egur katearen eragile guztiak elkartzea, sektorearen beharrak elkarrekin lantzeko”.

BASOTEKen helburuen artean nabarmentzen dira sektorea eraldatuko duten proiektuak abiaraztea, lehiakortasun eta iraunkortasun terminoetan, bikaintasun proiektuetan edo eduki berritzaile handikoetan parte hartzea, zaintza teknologikoa, sektoreak Europatik finantzatzen diren proiektuen deialdietan parte hartzea, enpresa jarduera berriak sortzea eta nazioarteko erreferentziazko beste zentro batzuekin aliantza gakoak sustatzea”, adierazi du.
Gaur egun, BASOTEKek lau lan ildotara zuzentzen du bere jarduera: egurra eraikuntzan erabiltzea, egurrean eta bere azpiproduktuetan oinarritutako material berriak garatzea, baso-egurraren baliabidea segurtatzea eta sektorearen lehiakortasuna hobetzea.

Eraikuntza

Eraikuntzan egurra erabiltzeari dagokionez, baliabideak, tresnak eta proiektuak garatzea bultzatzen da, etxebizitza publikoan zein pribatuan erabiltzen laguntzeko. BASOTEK bi lerro osagarri lantzen ari da: “Zuzkidurako egurrezko etxebizitzak”, eta “Erabakiak hartzeko tresna” baten garapena, “planta berriko egurrezko obraren proiektuan eta exekuzioan”. Lehenengoaren helburua da alokairu publikoko etxebizitzak eraikitzeko kostuak optimizatzea, sistematizatuz, aurrefabrikatuz eta errepikatuz. Ikerketa eta esperimentazio lan bat da, eraikuntzako prozesu jasangarriak hobetzeko. 2019an zuzkidurako etxebizitzen eraikuntza proiektu estandar bat definitzeko lan egingo da, egurrez egina eta errepikagarria. 2020an lehendabiziko prototipoa eraiki eta baliozkotuko da.

Bigarren lerroa metodologia bati lotzen zaio. Egurreko eraikuntzak praxi berri bat behar du proiektuaren zein exekuzioaren prozesuetan, eraikuntza konbentzionalean erabiltzen denaz oso bestelakoa. Egur hutsezko eraikuntza bultzatzeko helburuarekin, bigarren lerro honen proposamenean hiru ardatz daude: prozesuak egiazki teknifikatzea, aurrez garatutako tresna informatikoak kasu erreal batean egiaztatzea, eta egurrezko eraikuntzaren benetako kostuen kalkulu konparatua egitea, eraikuntza konbentzionalarekin alderatuta. Proiektua bi fasetan planteatzen da: lehenengoan (2019) prestazio handiko aplikazio informatikoak garatuko dira, eta bigarrenean (2020) lehen faseko planteamenduaren aplikagarritasuna eta ergonomia egiaztatuko dira.

Lehiakortasuna hobetzea

Lan ildo honetan Bi proiektu garatzen ari dira, BIOTOP eta BASOA 4.0. Lehenengoak, BIOTOP proiektuak BIO etiketa duen eraikuntza sistema bat garatzea planteatzen du, prestazio handietakoa, bertako egurraren erabilera masiboan oinarrituta, ekoizpen industrializatu altua lortzeko. Eraikuntza sistemaren osagaiek ekoefizientzia maila handia lortu beharko dute (inpaktua murriztea, berriztagarriak, birziklatuak, birziklagarriak eta BIO moduan etiketatzeko modukoak).

Material isolatzaile biobasatuarekin egituratutako egurrezko panelak erabiliko ditu, eta material toxikorik gabe tratatutako osagaiz estaltzeko aukera eskainiko du. Fabrikazioa industrializatua eta aurreratua izango da, prozesu integratu baten bitartez, ekonomia zirkularraren beharretara egokituta.

Bigarrenak, BASOA 4.0 proiektuak, baso-egurraren balio katearen digitalizazioa bilatzen du. Sektorearen digitalizazioa da bere erronka estrategiko nagusietako bat, izan ere, eraldaketaren bi elementu nagusiek azpisektoreen digitalizazioarekin eta bioekonomiaren garapenarekin dute zerikusia. Proiektuaren xedea ez da soilik teknologia digitalak barneratzea, baizik eta paradigma aldatzea, oso eskuzkoa eta analogikoa den sistema batetik, zeinak esperientzian oinarritutako kudeaketako preskripzioak dituen, datuak atzitzeko eta planifikazio digitaleko sistema batera, erabakiak hartzeko sistema berriekin.

Ulertzen da sektorearen erronka handietako bat dela bere lehiakortasuna nabarmen hobetzea. Hobekuntza horren zati handi bat teknologia berrien erabilerarekin etorriko da, sektorea oro har modernizatzeko.

Material berriak

Egurrean edo bere azpiproduktuetan oinarritutako material berriei buruzko lan ildoan nabarmentzen dira zerrautsaren erabilera, isolatzaile natural moduan, edo gutxiago kutsatzen duten pinturak lortzea, jasangarriagoak, egurraren hondakinetatik abiatuta. Xedea da kimika berdea delakoari erantzutea. Egurrean edo orain arte alferrik botatzen ziren bere azpiproduktuetan oinarritutako material berriak bilatzen dira.

Isolatzaile naturalak sortzeko proiektuak zerrautsa erabili nahi du poliol bat lortzeko, hau da, beste produktu batzuen artean, eraikuntzako isolatzaile bat fabrikatzeko oinarrizko elementua. Poliol horrek industria petrokimikoak ekoizten dituen isolatzaileen antzeko ezaugarriak izango ditu. Proiektuaren bitartez, eraikuntzarako apar isolatzaile naturalagoak ekoiztearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatu nahi da, egur zerratuaren azpiproduktu bat erabiliz.

Gutxiago kutsatzen duten eta hain tokikoak ez diren pinturak sortzeko ekimenak basoko hondakinen errebalorizazioa sustatzen du, bioekonomia zirkularrera hurbilduta, egurraren balio kate osoa baliatzeko. Pintura horiek lortzeko behar diren produktuak inausketaren hondakinetatik ateratzen dira –zerrautsa, azalak eta abar–, izan ere, gaur egun balio gutxiko azpiproduktuak dira, zeinak batez ere energia sortzeko erabiltzen diren, konbustioaren bitartez. Produktu berri horiek gaur egun pinturak fabrikatzeko erabiltzen diren petrolioaren eratorriak ordeztuko dituzte, ingurumen inpaktua murriztuz.

Baso-egurraren baliabidea segurtatzea

BASOTEK lanean ari da baita ere baso-egurraren baliabidea segurtatzeko, landareen kalitatea hobetuz, konpost eta biochar bidezko nutrizioaren bitartez.

Basoko landaketa baten arrakastan pisu itzela dauka landareen mintegiko produkzioaren faseak. Hasierako etapa horretan mintegian egindako kudeaketak landarearen kalitatea baldintzatzen du, eta, behin bere lekura aldatuta, arbolaren beraren etorkizunaren kalitatea. Mintegietan ongarri nitrogenatuen ohiko erabilerak eragin dezake landareak kalteberagoak izatea izurrite eta gaixotasunekiko, eta, horregatik, funtsezkoa da produktu alternatiboak aurkitzea. Proiektu honekin lehengaiak aurkitu nahi dira, ekonomia zirkularraren kontzeptuaren baitan (konposta, biochar, eta abar), landareak mintegian hazteko substratu alternatiboa izan daitezen.

Xedea da landareen osasuna lantzea, hobekuntza genetikoa, egurraren kalitatea handitzea eta espezie berriak bilatzea.

BASOTEKi buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/basotek_eu

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2019.eko otsailak 09

    Comentario de Twitter:
    BASOTEK impulsa la competitividad del sector forestal-madera mediante proyectos de valor añadido https://t.co/7XoaWUjMp3

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak