Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Plan Onkologikoa aurkeztu dio Madrilen kidego diplomatikoari

2019.eko otsailak 07

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Kanpo Harremanetako arduradunek lan-elkarraldi bat izan dute gaur goizean Madrilen hainbat herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, haiei Euskadiko Plan Onkologikoa 2018-2023 aurkezteko. 

Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan izan da bilera, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondo, Plangintza, Ebaluazio eta Antolamendu Sanitarioko zuzendari Nekane Murga, eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariaga, baita arduradun sektorialak ere, herrialde hauetakoak: Erresuma Batua, Belgika, Mexiko, Argentina, Danimarka, Estatu Batuak, Txile, Suitza eta Suedia.

Lan-elkarraldian Euskadiko Plan Onkologikoa 2018-2023 aurkeztu zaie diplomazialariei, izan ere Best in class 2018 Estatuko estrategia onenaren saria jaso du plan horrek. Planaren helburua da minbizia dutenen biziraupena hobetzea, gure gizartearen osasun arazo nagusienetako bat da eta.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat lehentasun bat da minbiziari heltzea, Euskadin heriotzaren eragile nagusietako bat dela kontuan hartuta. Diagnostiko goiztiarrean izandako aurrerapenei, terapia pertsonalizatuei eta tratamendu berriei esker, gaur egun, pazienteen portzentaje handi batek du biziraupena luzatuta. Izan ere, minbizia dutenen biziraupen-indizea %52,2 da gizonen kasuan; eta %60, emakumeen kasuan. Estatuarenak eta Europarenak baino tasa handiagoak dira. Baina, zalantzarik gabe, Plan Onkologiko honek berezitasun bat du; erdian kokatzen du pazientea, bai eredu asistentzialean, bai berrikuntzan baita ikerketan ere. 

Zalantzarik ez dago minbiziaren arloan asistentzia-sistema sendo bat ez dela posible minbizia duten pertsonei arreta eraginkorra eta segurua eskaintzeko aukera ematen duten teknologien laguntzarik gabe. Zentzu horretan, Euskadiko Plan Onkologikoak berrikuntza-plan teknologiko baten babesa du, Amancio Ortega Fundazioaren babesarekin indartutakoa, eta aukera emango du diagnostikorako eta tratamendurako ekipoak berritzeko. Horrela, gainera, Planaren ibilbidearen hasiera erraztuko du, abiapuntu teknologiko pribilegiatu bat izango duelako. 

Ondo finkatutako ikerketa eta berrikuntza estrategia batez baliatzea aukera bat bezala har daiteke enpresa teknologikoei laguntzeko gauza izango den osasun-sistema baten testuinguruan, RIS-3 estrategiaren arabera minbiziaren diagnostikorako eta tratamendurako tresna berriak garatzeko, eta horretarako lehentasunezkoa da lotura berriak finkatzea, gure inguruneko sistema sanitarioa eta ehun industriala eta teknologikoa elkar hurbiltzeko.

Legegintzaldi honetarako gobernuaren plan eta ekimen estrategikoak ezagutzera emateko helburuz Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean Madrilen egiten ari diren elkarraldien ohiko egutegian sartzen da gaurkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak