Berriak Hezkuntza
Eu

EIJO - Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak ezohiko sarrera probak egingo ditu

2019.eko otsailak 06
  • Jazz orkestra gazteak musikari berriak hartu nahi ditu: tronpeta, pianoa, flauta, trikitia, alboka nahiz txisturako
  • EIJOren 2019ko programazio artistikoak euskal musika tresnen kolorez jantziko ditu bandaren doinuak

EIJO – Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak abian du dagoeneko 2018-2019 ikasturte honetarako proiektua. Joan zen abenduaren 15ean burutu zituzten sarrera proben ondoren, ezohiko sarrera probak deitu ditu berriro ere EIJOk kide berriak aukeratzeko. Datorren otsailaren 9an burutuko diren proba hauekin, dagoeneko banda osatzen duten 21 kideei beste honako hauek gehitu nahi dizkiete: hiru tronpeta, flauta bat, piano bat, alboka bat, trikiti bat eta txistu bat gehiago.

Ezohiko sarrera proben deialdi honen arrazoia, 2018-2019 ikasturterako programazio artistikoan EIJOk barneratu duen berezitasunean aurkitzen dugu. Izan ere, Carlos Sagi perkusionista, konpositore eta pedagogoari musika-enkargu berezia egin dio EIJOk. Enkargu honek, musika tresna autoktonoak ez ezik (alboka, trikitia eta txistua), jazz bandetan ohikoak diren beste zenbait instrumenturen presentzia sendotzea ere eskatzen du (tronpeta, flauta eta pianoa).

Proba hauek 14 eta 19 urte bitartean izan eta Euskadiko Musika Eskola edo Kontserbatorioren batean ikasten ari diren ikasleei zuzenduak dira.

 

EIJO. Ezohiko sarrera probak, honako plaza hauetarako:

 

  3 tronpeta

  Flauta 1

  Piano 1

  Alboka 1

  Trikiti 1

  Txistu 1

 

 

Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioa, Bilbon:

otsailak 9, larunbata

10:00etatik aurrera

 

 

Proba instrumentalen inguruko informazio zehatzagoa, eta ikasleek burutu beharreko ariketen berri, ikusi hemen:    www.eijoweb.com

 

 

 

14 eta 19 urte bitarteko musika ikasleei zuzendua

 

 

 

Tresna autoktonoak aurtengo musika-enkarguan:

Carlos Sagi perkusionista, konpositore eta pedagogoa izango da EIJOko konpositore egoiliarra 2019 honetan. Musikeneko ikasle ohia eta, besteak beste, Big Bandeterako III. Konposaketa eta Moldaketa Lehiaketaren irabazleak (SGAE 2016) jaso du EIJOren enkargua, euskal musika tradizionalaren kolorea txertatu dezan Big Banderako jazz moldaketetan, trikitia, alboka eta txistua erabiliz. EIJOk apirilean izango dituen kontzertuetan joko ditu Sagiren moldaketak.

Carlos Sagik Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egin ditu ikasketak, Jazz (bateria) eta Konposizio espezialitateetan. Bere ibilbide profesional oparoan EIJOrentzako interes bereziko da musikari hau Khami proiektuan egiten ari den lana. Iñaki Salvador, Garikoitz Mendizabal, Kalakan hirukoa nahiz Ander Gracia musikariak lagun dituela, XXI. mendeko euskal musikaren ildo artistiko berriak aztertzen ari da Khami proiektuaren bidez. Carlos Sagiren ibilbide artistiko eta profesionalaz gehiago jakiteko, jo hona: www.carlossagi.com

Ezohiko sarrera probak burutu eta bandarako kide berriak hautatu ondoren, EIJO entseguetan sartuko da buru-belarri, otsailaren 16an lehenik eta martxoaren 30ean ondoren. Azkenik, apirilaren 23tik 27rako astean egingo dituzte egonaldia eta kontzertuak.

 

EIJOren entseguak, 2019:

     otsailaren 16an

     martxoaren 30ean

 

 

Egonaldia eta kontzertuak:

apirilaren 23tik 27ra

 

 

Zer da EIJO?

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra – EIJO, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu eta 2014-2015 ikasturtean sorturiko hezkuntza proiektua da. Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetan musika-prestakuntza jasotzen ari diren 14 eta 19 urte bitarteko ikasleak biltzen ditu. Proiektuaren helburua da, gazte horien artean musika modernoa sustatzea eta lantzea, jazz bertsioan. EIJOren oinarrizko taldea Jazz Big-Band bati dagokiona da, 25 ikasle ingururekin, haize-egur, haize-metal eta perkusio instrumentuekin. Bandako kideak urtero berritzen dira, sarrera probak gainditzen dituzten gazteekin.

HEDABIDEENTZAT OHARRA: bertaratu nahi duen edozeinentzat irekiak izango dira EIJOren sarrera probak, baina ezin izango da grabaziorik egin edo irudirik hartu, ikasleak proba burutzen ari diren bitartean. Interesa duten medioek, hala ere, alboko entsegu gelan lan egin dezakete, ikasleak beroketa egiten ari diren bitartean. Informazio gehiago edo elkarrizketak hitzartu nahi izanez gero, jarri harremanetan EIJOko koordinatzaile Roberto Pachecorekin: 665 73 06 62.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak