Eu

Artolazabal: “Enplegurako prestakuntzaren es-pezialitate batzuen laneratze-tasak % 75ekoak dira”

2019.eko otsailak 06
  • “Mendeko pertsonentzako arreta”k % 74,8ko laneratzea du, batez beste.
  • 17.310 pertsonak arrakastaz amaitu zuten prestakuntza, 2017an
  • Lanbideren zentro laguntzaileek 1.463 prestakuntza-ekintza eman zituzten 2017an
  • Lanbide-arlo batzuetan, adina ez da muga, enplegu batera jotzeko orduan
  • Prestakuntza-maila baxuenek profesionaltasunaren etorkizun ziurtatuaren ateak irekitzen dituzte.
  • 43.000 langabek beren enplegagarritasuna sendotuko dute datozen bi urteotan, prestakuntzaren bidez

 Vitoria Gasteiz, 2019-02-06

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Vitoria-Gasteizen, honako hau nabarmendu du: “Lanbideren laguntzaile diren enplegurako prestakuntzako zentro batzuek 2017an eman zituzten espezialitate batzuek % 75 inguruko laneratze-tasak izan zituzten, prestakuntza amaitu eta sei hilera”.    Artolazabal sailburuak mendeko pertsonentzako arretarekin zerikusia duten ekintzak aipatu ditu; horiek lan-merkatuan txertatzeko izan duten batez besteko maila, 2018an, % 74,8koa izan da.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiarekin eta Juan Ibarretxe erakunde publikoko Prestakuntzako zuzendariarekin batera, azken urtean enplegurako prestakuntzak izan dituen emaitzak aurkeztean, Beatriz Artolazabalek honako hau esan du: “17.310 pertsonak arrakastaz amaitu zuten beren prestakuntza, Lanbideren zentro laguntzaileek 2017an emandako 1.463 prestakuntza-ekintzaren batean parte hartu ondoren”.

Lanbidek finantzatzen eta kudeatzen duen prestakuntzaren zati bat hainbat egoerarengatik lan-merkatuan txertatzeko zailtasun gehien duten pertsonei oinarrizko tresnak ematera bideratzen da. Marjinazio-egoeretan egoteko aukera gehien dutenak dira.

Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, “pertsona horientzat guztientzat, Lanbidek eskaintzen dien prestakuntza funtsezko tresna da, ordainpeko lan batera jotzeko duten aukerak areagotzeko”.

Hori horrela, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak berriz ere esan du: “enplegurako lanbide-heziketaren ildo oinarrizkoenak sendotzeko lan egiten jarraitu behar da; izan ere, horiek kokatzen dituzte pertsona ahulenak bazterketatik irteteko ateetan”.

 Enplegurako prestakuntza bost prestakuntza-mailatan egituratzen da autonomia-erkidegoan, maila oinarrizkoenetik –0 maila– berrikuntzara artekoa –4. maila–; tartean, Estatuko trebakuntzen mailak ezarritako tarteko 3 mailak daude.

2017an, 5.000 pertsona inguruk amaitu zituzten 0 eta 1 mailetako prestakuntza-ekintzak (1.844 pertsonak 0 maila, eta 3.045 pertsonak 1 maila). Nahiz eta enplegurako prestakuntzaren sistemako baxuenak diren, Artolazabalen iritziz, “balio handia dute horiek egiaztatzen dituztenentzat; izan ere, etorkizunean profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko ateak irekitzen ditu”.

“Langabeek jasotzen duten prestakuntza ez da bakarrik lan-mundura jotzeko, baita gure ingurunearen errealitate berriei aurre egiteko ere”, esan du Artolazabalek.

Kontratazioak

Laneratze gehienak preofesionaltasun-ziurtagirien ondorioz izan ziren; titulu hori ofiziala da eta baliozkotasuna du Estatu osoan; horren bidez, pertsonek lan-jarduera jakin bat egiteko lanbide-gaitasunak dituztela egiaztatzen da. Era berean, ziurtagiriek trebakuntza eta ondoko lanbide-garapena hobetu ahal izateko prestakuntza-ibilbidea eratzen dute.

Aztertu den epean, 7.834 kontratazio egin ziren, Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatzen dituen prestakuntza-ikastaroak amaitu eta sei hilera. % 78,6 (6.393 kontratu) lanbide-trebakuntzen euskal sistemako 2., 3. eta 4. mailei zegozkien, eta horiek, kontratazioaren ikuspegitik, arrakastatsuenak izan dira.

Eskari gehien duten espezialitateen laneratze-tasa antzekoa izan zen hiru lurraldeetan.   2mailak du prestakuntza-laneratzeko harreman onena; alde batetik, Mendekotasun Legearekin zerikusia duten jarduerek daukaten laneratze-maila handiagatik (% 74,8); horrek, bestetik, Lanbideren ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek gehien eskatzen duten lanbide-arloetako bat izatea dakar. 2017an, 1.540 pertsonak amaitu zuten “Arreta soziosanitario”ko prestakuntza Legeak aurreikusten dituen bi alderdietan: gizarte-erakundeak eta etxeak.

 

Aurrekoarekin batera, “Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa”, “Tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoa” eta “sukaldaritza” espezialitateek % 70etik gorako laneratze-tasak dituzte eta matrikulen eskari onargarria dute. 3mailan, enpresen Administrazio eta Kudeaketaren zeharkako adarraren barruan –beste sektore batzuetarako enplegua sortzen du–, “Ikuskapenerako kontabilitate- eta administrazio-kudeaketa” ikastaroek % 62,8ko laneratze-mailak izan zituzten,

 

Enplegurako Prestakuntzaren maila altuenek maila teknikoko lanak autonomiaz eta lantaldeak koordinatzeko gaitasunarekin garatzeko gaitasuna ematen dute”, esan du Artolazabalek.

 

Gazteak

Gazteenek (25 eta 34 urte bitartean) eta, bereziki, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen kolektiboak, oro har, aprobetxatu dute gehien profesionaltasun-ziurtagiriak enplegua lortzeko bide gisa ezarri izana. Adin-tarte horretako hamar pertsonatik seik, gutxi gorabehera, ikastaroa amaitu eta hurrengo 180 egunetan lan-merkatuan sartzea lortu zuten, % 56,2k.

 

“Hala ere, lanbide-arlo batzuetan, adina ez da muga bat, enplegu batera jotzeko orduan”, esan du Artolazabalek. Hori gertatzen da, esaterako, “Arreta soziosanitarioa gizarte-erakundeetan” jardueran; bertan, 35 urteko eta 55 urteko pertsonetan dauden laneratze-tasen arteko aldea hamarren batzuetakoak baino ez dira (% 75 ingurukoa bi kasuetan).

 

Antzekoa gertatzen da “Eraikin eta lokaletan gainazalak eta altzariak garbitzea” (% 60) eta “Enplegurako lanbide-heziketako irakaskuntza” jarduerekin, nahiz eta ikasleen parte-hartzea pixka bat txikiagoa izan.

 

2018-2020 deialdia

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak Euskal Enplegu Zerbitzuak langabeentzako egin duen prestakuntza-deialdi berriaren alderdi esanguratsuenak aurkeztu ditu; lehen aldiz izango da bi urtekoa (2018-2020).

 

Belandiak honako hau nabarmendu du: “43.000 langabe baino gehiagoren enplegagarritasuna sendotuko da datozen bi urteotan, prestakuntza-ikastaroen bidez; horiek abenduan hasi ziren zentro laguntzaileetan ematen”.

 

Halaber, Lanbidek orain arte eginiko deialdi zabalena izango da; izan ere, lanbide-maila guztietako 2.802 prestakuntza-ekintza eskainiko ditu. Deialdi horretan Lanbiden edo gazte-bermearen fitxategi nazionalean izena eman duten langileek parte hartu ahalko dute.

 

“Enplegu Sailak eta Lanbidek prestakuntza egiaztagarriaren aldeko apustu irmoa egin dute, profesionaltasun-ziurtagirien bidez”, esan du Belandiak, deialdi berriarekin lotuta. Prestakuntza-ekintzen erdiak baino gehiagok ezaugarri hori betetzen du.

 

Deialdia prestatzeko, langabeen enplegagarritasunean eragin handiena lortzeko lehenetasunezkotzat joko diren espezialitateak izan dira gogoan. “Kalitateko eskaintza da, homogeneoa, egituratua eta homologagarria; eragile sozioekonomikoek baliozkotu dute”, esan du Belandiak.

 

Euskal Enplegu Zerbitzuaren arduradunaren iritziz, 84 milioi euroko aurrekontua duen azken deialdi honen urterokoen aniztasunaren bidez, “laguntzak planifikatuago eta orekatuago gauzatu ahalko dira”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak