Berriak Segurtasuna
Eu

Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren Euskadiko lehenengo erregelamendua onartu da (Gobernu Bilera 2019-02-05)

2019.eko otsailak 05

Gobernu Bilerak, Segurtasun Sailak eskatuta, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren lehenengo erregelamendua onartu du, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen segurtasun juridikoa areagotzeko, lege horretako aginduak zehaztuz.

Egingo den erregelamenduak lagundu behar du jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak gauzatzen direnean eraginpeko pertsonen segurtasuna bermatzen, erabiltzaileen eta hirugarrenen eskubideak errespetatzen eta aisiarako eskubidea eta herritarrek dituzten gainerako eskubideak era baketsuan bateratzen. 

Laburbilduta, erregelamenduak lortu nahi du:

  • Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren araudiaren oinarrizko alderdiak arautzea
  • Ikusleen eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zehaztea
  • Establezimenduetan segurtasun-neurriak eta autobabeserako araudia ezartzea
  • Adingabeei arreta berezia eskaintzea
  • Eta udalekin koordinatzea

Erregelamenduaren bidez lege-agindua osatzen da legeak berak erregelamendu bidezko garapena eskatzen duen kasuetan.

Horrela, aldatu egiten da jardueren eta establezimenduen katalogoa, sailkapena balioaniztunagoa eta malguagoa eta, aldi berean, deskribatzaileagoa izan dadin. Esate baterako, 98 lokal-motak (ikuskizunetako 38 eta jolas-jarduerako 60) 10era murriztu dira.

Erregelamenduaren bidez jarduerak eta ikuskizunak egiteko lekuetan egituren sendotasunari eta higieneari buruz eska daitezkeen baldintzak zehazten dira, bai eta ikuskizunetan eta jolas-jardueretan egoteko eta onartzeko baldintzak ere, eta arreta berezia eskaintzen zaie adingabeen babesari eta ekitaldietako bizikidetza baketsuari eta erosotasunari buruzko beste baldintza batzuei, eta ekitaldi jakin batzuei jendea onartzeko, segurtasuneko eta akomodazioko kontrol-zerbitzuak ezartzen dizkie, horien ezaugarriak eta edukiera kontuan hartuta. 

Sarrerak saltzea

Dekretuaren kapitulu batean sarreren salmenta arautzen da, eta, bereziki, azken urteotan gora egin duen Internet bidezko salmenta.  Erregelamenduan argi eta garbi zehazten da zer den zuzeneko salmenta eta zer den komisiodun salmenta, eta azken honen kasuan mugak jartzen dira eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimenarekin egin beharko da. Era horretara, lortu nahi da segurtasunik eza saihestea eta sarrerak garestiago birsaltzea eragoztea, legez berariaz debekatuta baitago hori egitea. 

Era berean, ezartzen da sarreraren edo abonamenduaren prezioa ezingo dela ezberdina izan erabiltzaileen jatorria edo jaiolekua, arraza, sexua, erlijioa, iritzia, desgaitasuna, sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta edo erabiltzaileen bestelako egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta.

Adingabeak babestea

Jendea onartzeko eta egoteko baldintzen kapituluaren barruan, testu arautzailean haurrak eta gazteak babesteko atal bat dago.

Legean ikuskizun eta jolas-jardueretara sartzeko ezarrita dauden mugez gainera, dekretuan ikuskizunak eta jolas-jarduerak sailkatzeko jarraibideak ematen dira, adingabeak horietara sartzeko gomendioak zehaztuta. 

Jendea onartzeko zerbitzuko langileak

Onartutako erregelamenduak jendea onartzeko zerbitzuko langileen irudia arautzen du, eta horien eginkizunak zehazteaz gainera segurtasun-langileen eginkizunetatik bereizten ditu.

Araudiak ezartzen du jendea onartzeko zerbitzuko langileek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako gaikuntza jakina izan behar dutela eginkizun horiek betetzeko.

Gaikuntza hori lortu ahal izateko, Zuzendaritzak EHAAn argitaratutako ebazpen baten bidez arautuko ditu proba teorikoen, praktikoen eta psikoteknikoen moduluak, bai eta horien edukia eta aldizkakotasuna ere. 

Horrez gainera, gaikuntza espezifikoa lortu duten pertsonen erregistroa sortuko da ikuskizunen arloan eskumenak dituzten gainerako administrazioekiko elkarreragina errazteko.

Bestalde, erregelamenduan jaso da jendea onartzeko zerbitzuko langileek, dekretua indarrean jartzen denean, lan hori egiten jarraitu ahal izango dutela gaikuntza izan gabe, baina gaikuntzaren baldintza hori jendea onartzeko zerbitzuko langileak gaitzeko lehenengo deialdia egiten denetik urtebeteko epean lortu beharko dute.

Zehapenen erregistroa

Dekretuak establezimenduen eta jardueraren ikuskapena eta kontrola ere arautzen ditu, eta zehapenen erregistroa sortzen du gaian eskumenak dituzten udaletako eta autonomia-erkidegoko agintariek ezarritako zehapenak jasotzeko, esate baterako, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legean tipifikatutako arauak berriz hautsi diren baloratzeko. Erregistroa Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzaren mende egongo da.

Era berean, arauak hautsi dituzten erabiltzaileek eta ikusleek zehapen arinak jaso ordez berriro hezteko neurriak borondatez betetzea onar dezakete, eta erregelamenduan berriro hezteko neurri-mota horiek ere zehazten dira. Era horretara, planteatzen dira komunitatearen aldeko zerbitzuak edo heziketa-, prestakuntza- edo kultura-programetan edo antzekoetan parte hartzea, baina ezingo dira udaleko langileei edo horien mendeko enpresa edo erakundeei dagozkien lanak izan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko