Eu

Gobernu Kontseiluak 2019rako Premiazko Aurrekontu Neurriei buruzko hiru Lege Proiektu onetsi ditu (Gobernu Bilera 2019-02-05)

2019.eko otsailak 05

Gobernu Kontseiluak, 2019rako Premiazko Aurrekontu Neurriei buruzko irakurketa bakarreko hiru Lege Proiektu onetsi ditu gaur. Lege Proiektu horiek 2018ko Aurrekontu Orokorren Luzapena osatuko dute, behar bezala aplikatu ahal izateko lege maila izan behar duten neurriekin. 

Eusko Jaurlaritzak eman duen erantzun hori, Legearekin zerikusirik ez duten zergatiak direla eta, oposizioko taldeek joan den astean aurkeztu zen Lege Proiektuan aurreikusitako neurriak aurrera ateratzea ezinezko bilakatu ahal izatearen arrisku larriaren ondorioz eman da.

Izan ere, gaur goizean bertan, Eusko Jaurlaritzak, EH Bilduk eskatuta Eusko Legebiltzarrak egin duen Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuaren legezkotasunari buruzko txostena jaso du. Bertan, erabili dugun prozeduraren alde egiten da. Txosten horrek, inolako zalantzarik gabe, erabilitako formula erabat legezkoa dela eta Eusko Legebiltzarraren arautegian aurreikusita dagoela jasotzen du.

Hala ere, borondate politiko falta dela eta, Euskadiko 150.000 familia baino gehiagori onura zuzenak ekarriko dizkieten neurrietara zuzendutako 250 milioi euroak gauzatu ezin ahal izateko arrisku txikiena ere ez du hartuko Eusko Jaurlaritzak.

Hiru lege proiektuak hauek dira:

Ordainketak, Eusko Legebiltzarra 

Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileen urteko ordainketa osoek %2,25eko igoera izango dute. Neurri horrek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondoreak. Halaber, Jaurlaritzari ehuneko hori eguneratzeko baimena ematen zaio, oinarrizko legediak igoera handiagoetarako aukera ematen badu.

Eusko Legebiltzarrak 2019rako izango duen aurrekontu zuzkidurari dagokionez, 31.100.000 eurotan geratuko da (luzapenak 30.250.000 euro jasotzen zituen).

 

Hezkuntza: Hezkuntzako Kontzertuak eta  EHU/UPV

Bigarren Lege Proiektuak, 2019ko aurrekontu proiektuan dagoeneko aurreikusita zegoen ikastetxe kontzertatuetako moduluetako langileen osagaiak eguneratzea jasotzen du. Osagai horiek, Hezkuntza Sailaren esku dauden unibertsitatetik kanpoko ikastetxe publikoetako langileen ordainketetarako ezarritako ehuneko berean handituko dira, hau da, %2,25a. Horrez gain, ehuneko hori, ekitaldian zehar sistema publikoan ari diren irakasleen ordainketak igo daitezkeen zenbateko berean igotzeko aukera ere aurreikusten da.

Euskal Herriko Unibertsitatearen zuzkidurak ere gora egingo du, 314.040.099 euro izango baititu, 2018ko luzapenean aurreikusitakoa baino 10.045.915 euro gehiago.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta kontziliaziorako laguntzak

Bukatzeko, hirugarren Lege Proiektua DSBE-RGIari buruzkoa da. Joan den astean aurkeztu zenean iragarri zen bezala, modalitate guztietan, %3,5eko igoera izango du, 2018an jasotako zenbatekoekin alderatuta. Hala ere, Errenta hori jasotzen duten pentsiodunen kasuan, igoeraren ehunekoa %4,5era helduko da.

Lege Proiektuak, familia eta lan bizitzako kontziliaziorako laguntzak %5 igotzea ere jasotzen du, seigarren xedapen gehigarria baliogabetzearen ondorioz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko