Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak 2018rako Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako Planean aurreikusitako ekimenen betearazpen-maila altua izan dela egiaztatu du (Gobernu Bilera 2019-02-05)

2019.eko otsailak 05

Gobernu Kontseiluak, gaur, 2018an Planak izan duen kudeaketaren eta betearazpenaren balantzea eta aurtengo urterako erronka nagusiak ezagutu ditu

Gobernu Kontseiluak gaur izan du Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako Planaren segimenduaren urteko txostenaren berri; bertan, 2018an bertan jaso diren ekimenen kudeaketaren eta betearazpenaren balantzea jaso da, bai eta 2019rako erronka nagusiak ere.

Zehazki, Planaren 15 ekimenetatik, 12tan 2018rako aurreikusitako konpromisoak erabat bete dira, % 100ean. Beste hiru ekimenetan konpromisoak % 80an bete dira, egutegiak beste erakunde edo instituzio batzuekin egokitu behar izan direlako. Nabarmendu behar da % 100ean bete diren ekintza guztiak direla zuzenean Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzaren ekintzaren mendekoak direnak. Hori horrela, lanaren betetze-mailak Eusko Jaurlaritzaren balorazio ona merezi du.

2019RAKO ERRONKA NAGUSIAK

2019. urte honetarako, eta euskal egoera soziopolitikoa kontuan hartuta, Planaren jarduera-planak zehaztasunez definitzen ditu egin beharreko jarduketak, honako erronka nagusi hauei erantzuteko:

1. ETAren alde bakarreko desegite eraginkorra eta behin betikoa gauzatu ondoren, jardun-ardatz estrategikoa da, zailtasunak eta erresistentziak badaude ere, terrorismoak eta indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak ekarri duen kaltearen justiziarik ezari buruzko hausnarketa kritikoaren prozesu partekatua sustatzen jarraitzea.

2. Terrorismoaren biktimekin elkarrizketan, elkarlanean eta akordioetan jarduteko eremuetan sakontzen jarraitzea.

3. Memoriaren politika publikoen sustapenean ahalik eta adostasun handiena sustatzen jarraitzea, Gogora institutuaren eta institutu horren Zuzendaritza Kontseiluaren jarduera-programen bidez.

4. 12/2016 Legea garatzea, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa, bertako artikuluetan Espainiako Gobernuarekin konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoari uko egiteko adostutako aldaketak Eusko Legebiltzarrean onetsi ondoren.

5. Espainiako Gobernuarekin, Frantziako Gobernuarekin eta Legebiltzarreko taldeekin akordioak sustatzea, espetxe-politikari beste orientazio bat eman ahal izateko, hurbiltzeari eta erantzun humanitarioei dagokienez, bai eta gizarteratzeko politika aktiboak legalki garatu ahal izateko oinarriak adosteko ere.

6. Bizikidetzan agertzen doazen erronkei erantzuteko ekimenak abian jartzea. Besteak beste:

  • Errefuxiatuek jasaten duten krisi humanitarioari erantzutea.
  • Migraziorako Euskal Gizarte Ituna sustatzea.
  • Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 Zuzendaritza Plana garatzea.
  • Kulturako Zentroen Legea onestea, Erlijioen arteko Euskal Kontseilua sortzea.
  • Eusko Jaurlaritzak euskal erkidego islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko duen jarduketa-programaren aurreikuspenak abian jartzea.

7. Bizikidetzaren eta giza eskubideen hezkuntza eta kultura sustatzeko eremuan 2019rako aurreikusitako jarduketak garatzea. Hezkuntza-eremuan, beste bi aurreikuspen nabarmendu behar dira:

  • Indarkeriazko erradikalizazioa prebenitzeko hezkuntza-modulua gidatzea.
  • Mundua eskolan–Eskola Munduan izeneko esku-hartze pedagogikoko proposamena aurkeztea, elkartasunera bideratuta hezteko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin bat etorriz.

IBILBIDE-ORRIA

Bakearen eta bizikidetzaren ikuspegitik, 2018ko gertakari nagusia ETAren alde bakarreko desegite eraginkorra eta behin betikoa izan da. Horrekin batera, presoak urruntzeko espetxe-politikan aldaketa hasi berri dela nabarmendu behar da, bai Frantziako Gobernuaren aldetik, bai Espainiako Gobernuaren aldetik.

Hori horrela, gaur aurkeztu den txostenak bere egiten ditu Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak ETAren desegitea egiaztatu ondoren elkarrekin jendaurrean eginiko Bertizko Adierazpenaren ondorioak, horiek duten garrantziagatik eta indarragatik.

Dokumentu horretan, ibilbide-orri gisa ezartzen ziren bi denbora-esparru:

Epe laburrera eman beharreko urratsak

Zuzenean lotuta daude ETAren kapitulua behin betiko ixtearekin eta bi helburutan islatzen dira:

-Hausnarketa kritikoa. ETAren indarkeria esplizituki jasota, indar politiko guztiek lehen aldiz partekatuko duten lehenaldiari buruzko hausnarketa kritiko globala.

-Espetxeetako politika. Espetxe-politika testuinguru berrira egokitzeko adostasuna, indar politiko guztiak batuko dituena.

Bi adostasun horiek epe laburrera lortzeak oztopoak alde batera utzi eta epe ertaineko helburu estrategikoetan aurrera egiteko baldintza egokiak eta aproposak eragiten ditu.

Epe ertainera eman beharreko urratsak

Zuzenean daude lotuta bizikidetzaren normalizazio estrategikoarekin eta Gizarte Topaketarekin. Hiru helburu nagusi lortzera bideratzen dira:

-Memoria. Memoria plurala eta partekatua finkatzea, giza eskubideen urraketaren arloan gertatu dena argitzea oinarri hartuta.

-Biktimak. Terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiei errekonozimendua eta erreparazioa emateko politika publikoak sustatzea.

-Hezkuntza. Etorkizunerako eta etorkizunak dakartzan erronka berrietarako prebentziozkoa izango den bizikidetzarako eta giza eskubideetarako hezkuntza eta kultura sustatzea. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko