Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak boluntariotzaren hiru euskal agentzietako ordezkariei egin die harrera

2019.eko otsailak 05
  • Agentzia horiek “funtsezko elementu dira, ekintza boluntarioa sustatzeko eta elkartze-egitura sendotzeko”

  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak kanpaina bat atera du, Euskadiko 242.000 boluntarioak omentzeko eta atxikipen berriak sustatzeko

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko presidentearekin batera, boluntariotzaren hiru euskal agentzien ordezkaritza bati egin dio harrera, gaur, Lehendakaritzan. Batekin (Araba), Bolunta (Bizkaia) eta Gizalde (Gipuzkoa) dira agentziak, eta honako hau esan du horien inguruan: “Euskadiko funtsezko elementu dira, ekintza boluntarioa sustatzeko eta elkartze-egitura sendotzeko””.

Topaketan, Lehendakariak boluntariotzaren agentzien gizarte-balioa, konpromisoa eta ekintza boluntarioa sustatzeko eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako elkartze-egitura sendotzeko apustua nabarmendu ditu.

Hiru agentziek parte hartzen dute, aktiboki, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluan, hura sortu zenetik, eta horiek funtsezko elementu dira ekintza boluntarioa sustatzen eta Euskadiko elkartze-egitura sendotzen. 2017-2020rako Boluntariotzaren Euskal Estrategiak, ekintza estrategikoen artean, "boluntariotzako agentziak eta gizarte-partaidetza sustatu eta finkatzea” jaso du.

Estrategia horrek lau ildo estrategiko markatzen ditu: ekintza boluntarioarekin sentikorrak eta aktiboak diren herritarrak eraikitzea; elkartze-egitura dinamikoa garatzea, ekintza boluntarioaren eta gizarte-partaidetzaren erronka berriei erantzuteko gai dena; partaidetzaren eta boluntariotzaren fenomenoak normalizatzea eta, horrela, gizarte-mailan duten eginkizunaren garrantzia egiaztatzea eta hura posible egiten duten eragileen arteko antolaketa- eta koordinazio-esparruak finkatzea; eta gizartean eta politikan eragina izateko gaitasuna duen gizarte-egitura sustatzea.

Gaurko ekitaldian, Natxo Arnaiz, Leire Ortiz De Zarate eta EDE fundazioko Jose Maria Puyo zuzendaria izan dira Boluntako ordezkariak, Miren Gurrutxaga, Ander Larrea eta Hezkide Eskolako Rakel Álvarez zuzendaria izan dira Gizaldeko ordezkariak, eta Ainara Pérez, Zulaima García, Gustavo Candal eta Sartuko Alfredo Santamaría zuzendaria izan dira Batekineko ordezkariak. Lehendakaritzan Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria eta José Alberto Vicente Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko presidenteordea ere izan dira.

Hiru agentziek dituzte beren lana sustatzen duten erakunde sustatzaileak. Batekinen kasuan, Sartu, Vital fundazioa eta Vitoria-Gasteizko Udala; Gizalderen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hezkide Eskola; eta, Boluntaren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK fundazioa eta EDE fundazioa.

‘Zuri esker-rak’

Ekitaldi horren bidez, gainera, jendaurrean aurkeztu da Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak milaka euskaldunen boluntario-lanaren balioa nabarmentzeko gaur abiarazi duten kanpaina. Kanpainan, kartelak argitaratu dira, irratiko iragarkiak sartu dira, publizitatea sartu da komunikabide idatzietan eta Interneten eta markesinetan publizitatea jarri da hiru hiriburuetan.

‘Zuri esker-rak-’ lema du kanpainak eta helburua da erakustea gaur egun euskal herritarren % 13,4k hirugarren gizarte-sektoreko erakunderen batean diharduela boluntario-lanetan, alegia, 242.000 pertsonak baino gehiagok. Horrek erakusten du Euskadiko herritarrak “oso parte-hartzaileak" direla eta “gizarte-konpromiso handia” dutela. Zehazki, kartelek nabarmentzen dute Euskadin zortzi pertsonatik batek boluntario-lanak egiten dituela erakunde-mota horretan.

Gobernuak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak 5.000 kartel editatu dituzte, eta horiek, besteak beste, gizarte-erakundeetara, instituzioetara edo aisiako zentroetara bidaliko dira, horietan jartzeko. www.euskadi.eus/eskerrak estekan, Euskadiko boluntariotzari buruzko informazio gehiago dago, bai eta agentziekin harremanetan jartzeko datuak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak