Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gobernu Bileraren prentsaurrekoa: Erkoreka, Beltrán de Heredia

2019-02-05
  • Gobernu Kontseiluak “Premiazko Aurrekontu Neurriei buruzko Lege Proiektua” hiru proposamen legegilegatik ordezkatzea onartu du

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondoren izan ohi den prentsaurrekoan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazurekin batera.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du lehenengo Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren araudia. Sailburuak azaldu duenez, araudiaren asmoa da ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak bertaratuentzat segurtasunez garatzea, erabiltzaileen eta hirugarrenen eskubideak errespetatuz, aisiarako eskubidearen eta herritarrek dituzten gainerako eskubideen artean bizikidetza baketsua lortzen laguntzeko. Sailburuak adierazi duenez, Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak ospatzen diren leku eta aretoetan harrera lanetan jarduten direnentzako habilitazio berezia beharrezkoa izango da aurrerantzean.

PREMIAZKO AURREKONTU NEURRIAK 2019. URTERAKO

Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk jakinarazi duenez, gaur goizean bertan ezagutu du Eusko Jaurlaritzak Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuaren legaltasunari buruzko txostena, Legebiltzarrak landua, non babestu egiten den erabili den prozedura. “Txosten honek, azken batean, oniritzia ematen dio gure kudeaketari, Ganberako berme juridiko guztiak biltzen baititu”, zehaztu du.

Azpiazuk gogora ekarri duenez, Gobernuaren asmo bakarra da neurri batzuk onestea, positiboki eta berehalakoan eragiten dietenak langile publikoei, itunpeko ikastetxeetako langileei, Euskadiko unibertsitateei, DSBEren hartzaile diren familia eta pertsonei. Horregatik, Azpiazu sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak gaur onetsi dituela hiru Lege Proiektuak, 2019. urterako Premiazko Aurrekontu Neurrien irakurketa bakarrekoak, 2018ko Aurrekontu Orokorren Luzapenaren osagarri izango direnak. Azpiazuk argitu duenez, erantzun hori eman bada arrazoi honengatik izan da: joan den astean aurkeztutako Lege Proiektuan jasotako neurriek aurrera eramatea eragozteko dagoen arrisku larria oposizioko taldeen aldetik, Legearekin berarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

ERRETIRO PARTZIALEKO PLANA 2020

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Euskal Autonomia Erkidegoko langile lan-kontratudun finkoentzako erretiro partzialeko Plana 2020”. Erkoreka sailburuak azaldu duenez, Plan horrek lotu egiten ditu erretiro partzial guztiak errelebo-kontratu berriekin. “Langile publikoen borondatezko erretiro partzialak sustatzen ari gara eta, horrekin batera, pertsona berrien prestakuntza eta belaunaldi-erreleboa”, zehaztu du. Gainera, nabarmendu duenez, akordio honen oso balorazio positiboa egin du Eusko Jaurlaritzak, 700 pertsona berri kontratatzea ekarriko baitu berekin, bi urtez, gutxienez.

BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN PLANA

Eusko Jaurlaritzako sailburuak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak gaur ezagutu du “Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana 2020ren urteko jarraipen-txostena.”Planari dagokionez 2018an izan duen exekuzioaren oso balantze positiboa egin dugu”, azpimarratu du. Zentzu horretan, Erkoreka sailburuak azaldu duenez, osatutako 15 ekimenetatik, aurreikusitako konpromisoak % 100ean bete dituzte 12k; eta gainerako 3 ekimenek % 80an bete dituzte, beste instituzio edo erakunde batzuekin lankidetzan egutegian egin behar izan diren doikuntzengatik.

Gai ordena

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @EAJPlentzia
    2019-02-05

    Comentario de Twitter:
    Gobernu Kontseiluak Premiazko Aurrekontu Neurriei buruzko hiru Lege Proiektu onartu ditu https://t.co/kQy5yvl8mc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)