Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak aurrera egiten du minbizia ikertzeko 380 proiekturen bitartez

2019.eko otsailak 03

OTSAILAREN 4a, MINBIZIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

 

Osakidetzak aurrera egiten du minbizia ikertzeko 380 proiekturen bitartez

Proiektuek hobekuntzak bilatzen dituzte minbiziaren prebentzioa, diagnostikoa eta diziplina anitzeko arretaren arloetan ahalik eta tratamendu pertsonalizatuagoak lortzeko

 

Osakidetzak minbizia ikertzeko 378 proiektutan parte hartzen du, 7,7 milioi euroko kanpo-finantzaketarekin, Bioaraba, Biocruces-Bizkaia eta Biodonostia Ikerketa Institutuetan jarduera egiten duten puntako ikertaldeen bidez ikertzeko.  Minbizia da Euskal Osasun Sistema Publikoaren ikerketa-arlo nagusienetako bat.

Ikerketa-proiektu horiek minbiziaren prebentzioa, diagnostikoa eta diziplina anitzeko arreta hobetu nahi dituzte, eraginkortasuna areagotu, albo-ondorioak murriztu eta, azken batean, pazienteen osasuna eta bizi-kalitatea hobetu. Bestalde, onkologia gaiaren arloan egon diren argitalpenek 125 artikulutik gora egin dute azken 2 urtetan.

Ikerketa-ildo horien helburuak dira, besteak beste, minbizi-mota ezberdinen mekanismo molekularrak eta zelularrak ulertzea, estrategia diagnostiko eta terapeutiko berriak garatzea –markatzaile biologiko berriak ezaugarrituta, minbizia duten pazienteen tratamendu pertsonalizatua sustatzea, hala pazienteek tratamenduari erantzun kliniko hobea emateko, edo farmako berrien efikazia terapeutikoa frogatzea, betiere, paziente onkologikoen asistentziaren kalitatea hobetzeko azken helburuarekin. Horiez gain, asistentziaren kalitatea hobetzeari begirako beste ildo batzuk ere jorratzen dira, esaterako, talde-terapia psikologiak garatzea edo koloneko minbizia diagnostikatzeko teknika endoskopikoak hobetzea.

Osasun-sistemaren ikerketa-ildoek minbizi-mota sorta zabala barne hartzen dute, baina, duten eraginagatik, hauek aipatzekoak dira: bularreko eta prostatako minbiziak, digestio-aparatuko tumoreak, arnas sistemako eta gernu-aparatuko tumoreak, Nerbio-sistema Zentraleko tumoreak, buru eta lepoko minbiziak, hematologia-minbizia eta azaleko minbizia.

 

EUSKADIKO PLAN ONKOLOGIKOA

Osakidetzan egiten diren ikerketa onkologiko guztiak bat datoz Osasun Sailak asistentzia-arloan, hain zuzen, Euskadiko Plan Onkologiko Integralaren esparruan –duela gutxi, Estatuko onkologia estrategia onenaren saria lortu du Best in class 2018 sari entzutetsuetan– sortu dituen ekimen estrategikoekin.  Plan honek Euskadiko onkologia asistentzia-baliabide guztien berrantolaketa ekarri du minbizia duten pazientei arreta hobea emateko asmoz. Osakidetzan egiten den ikerketak berebiziko garrantzia izango du arreta hobea eskaintzeko helburu horretan.

Plan Onkologikoa 2018ko uztailean jarri zen martxan, eta helburuetako bat du minbizitik bizirik irteteko indizeak handitzen jarraitzea; Euskadin gizonen % 52,2 da eta emakumeetan % 60, Estatuko eta Europako tasetatik gora. Helburu hori aintzat hartuta, azken urte honetan zenbait neurri hartu dira, esaterako: minbizia prebenitzeko programak sustatu dira, Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa ezarri da, Onkologikoa Osakidetzari batu zaio, eta bost azeleragailu lineal eta mamografo bat erosi dira, Amancio Ortega fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 3a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau