Eu

Langabeziak pixka bat egin du gora urtarrilean eta urte arteko saldoak behera egin du, eta 7.576 langabe gutxiago daude

2019.eko otsailak 04
  • 2019ko urtarrilean, Euskadin erregistratu den langabeen kopuruak gora egin du, eta 1.076 pertsona gehiago dira; guztira, 120.750, (% 0,9).
  • Gabonetako ostalaritzako eta merkataritzako kanpainen amaierak izan du eragina
  • Euskadin, urtarrilean, 83.579 kontratazio egon dira eta, horietatik, 7.727 (% 9,25) mugagabeak izan dira; horrela, bada, egonkortasunerako joera egiaztatzen da
  • Urte arteko saldoak erakusten duenez, 7.576 langabe gutxiago daude.
  • Urtarrilean, langabeziak behera egin du 35 eta 44 urte bitarteko tartean (-% 1,1).
  • Nabarmentzekoa da eraikuntzaren sektorean izan den beherakada (-% 4,6) eta lehen mailako eta industriako sektorean izan direnak (-% 1,6 eta -% 4).

VG 19-01-04

2019ko urtarrilean, Euskadin erregistratu den langabeen kopuruak gora egin du, eta 1.076 pertsona gehiago dira; guztira, 120.750, (% 0,9). Urtarrilean, normalean, langabeziak gora egiten du, baina, 2018an, langabeziaren igoera txikiagoa izan zen. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “aurtengoa, analisten hitzen arabera, azken 15 urteotan langabeziak izan duen gorakadetan bigarren txikiena izan da, eta analistek hilabetea positiboa izan dela diote. Ez gara horrekin konformatu behar, eta gizarteak, enpresek eta erakundeek enplegu gehiago eta hobea lortzeko duten eginkizuna azpimarratu behar dugu. Urte arteko saldoak 7.576 langabe gutxiago daudela erakusten du, pasa den hilean baino 297 gutxiago; horrela, iazko ia hilabete guztietan izan den langabeziaren urte arteko beherakadaren erritmoa murrizteko joerarekin jarraitzen da”.

 

Langabeziak gizonen artean behera egiten jarraitzen du; urtarrilean, % 1,9 egin du behera. Emakumeen artean, ordea, gora egin du, % 3,1. Urtean, gizonezkoen langabeziak % 6,4 egin du behera eta, emakumeenak, % 5,4. Gaur egun, langabeen % 56,9 emakumea da; krisialdiaren hasieran, gizonezkoen langabezia okerragoa izan zenez, sexuaren araberako langabe-kopurua oso antzekoa izan zen. Gizonek gehiago nabari izan zuten krisialdiaren eragina, baina aurreko egoerara bueltatzeko gaitasun hobea izaten ari dira.

 

Azken hilabete honetan, langabeziak 35 eta 44 urte bitarteko tartean egin du behera (-% 1,1). Gorakada handiena 16 eta 24 urte bitarteko tartean izan da (+% 5,4). Urte arteko saldoan, 25 urtetik beherakoen portaera alde batera utzita, korrelazioa nabarmentzen da langabeziaren beherakadaren eta enplegu-eskatzaile langabeetako gazteen artean. Beherakada handienak 25 eta 44 urte bitartekoetan izan dira. Langabeen erdiak baino gehiagok (% 50,5) 44 urte baino gehiago ditu; % 24,7 ez da 35 urtera iristen; eta % 24,8 35 eta 44 urte bitartekoa da.

 

Artolazabalen hitzen arabera: "urtarrilean, nabarmentzekoa da langabeziaren beherakada eraikuntzaren sektorean, 414 langabe gutxiago baitaude (-% 4,6ko beherakada), bai eta lehen sektoreko eta industria-sektoreko beherakadak ere (-% 1,6 eta % -4, hurrenez hurren; 43 eta 606 langabe gutxiago). Zerbitzuen sektorean, langabeziak % 2,5 egin du gora (1.963 langabe gehiago). Lan-esperientziarik ez dutenen artean, 176 langabe gehiago daude. Termino erlatiboetan eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, -% 15,6koa; halaber, nabarmentzekoa da lehen sektoreari lotutako langabeziaren beherakada (-% 8,6).

 

Azken hilabetean lotutako langabeziaren beherakada dela eta, honako arlo hauekin zerikusia duten jarduerak dira nabarmentzekoak: enplegua (-536) eta hezkuntza (-359). Langabeziaren gorakada izan dute honako jarduera hauek: txikizkako merkataritza (+570) eta egoitza-establezimenduetako asistentzia (+489).

 

Iraupen luzea

“Urtarrilean, behera egin du iraupen luzeko langabeziak (6 pertsona gutxiago) eta gora epe laburrekoak (1.082 pertsona). Urteko erreferentzian ere beherakada handiagoa nabaritzen da iraupen luzeko kolektiboan (% 9,8eko beherakada), iraupen laburrekoen artean erregistratutako % 1,6ko beherakadaren aldean. Iraupen luzeko langabeziaren portaera on hori albiste ona da eta adierazten du suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaiela langabe kronifikatuenei”, esan du Artolazabalek.

 

Urtarrilean, pixka bat gora egin du hiru lurraldeetan: % 1,3 Araban, % 1,7 Gipuzkoan eta % 0,4 Bizkaian. Urteko saldoan, portaera onena Bizkaiak izan du, % 6,7ko beherakada erlatiboa izan baitu, gero Gipuzkoak (% 5,2ko beherakada) eta, gero, Arabak (% 4,2ko beherakada).  Hiru euskal hiriburuetako datuak aintzat hartuta, Vitoria-Gasteizen 314 langabe gehiago daude, Bilbon 132 eta Donostian 282.

 

Kontratazioak

Urtarrilean, autonomia-erkidegoan 83.579 kontratazio izan dira; horietatik, 7.727 (% 9,25) mugagabeak izan dira; horrela, bada, iaztik kontratazio egonkorragorako joera dagoela egiaztatzen da. Aurreko hilabetearen aldean, kontratazio-bolumenak % 13,14 egin du gora; 2018ko urtarrilaren aldean, % 3,8.

 

Denbora partzialeko kontratu-tasa % 38,69koa da; % 52,65ekoa emakumeetan eta % 24,72koa gizonetan.  Hil honetan, kontratazio-bolumenean honako jarduera hauek izan dute beherakadarik handiena, aurreko hilekoen aldean: ostalaritza (-971), beste zerbitzu batzuk (-368) eta ura (-109). Ordea, honako jarduera hauek izan dute portaera onena: manufaktura-industriak (+4.036), hezkuntza (+1.572), eraikuntza (+1.569) eta garraioa (+1.413). Urteko erreferentzian, gehien hazi diren jarduerak honako hauek izan dira: garraioa (1.666), ostalaritza (+821), administrazio publikoa (+513), eta hezkuntza (+396). Sanitarioak eta gizarte-zerbitzuak (-380), artistikoak eta jolasekoak (-285) eta merkataritza (-260) izan dira kontratazio-galeran jarduerarik nabarmenenak.

 

Lurralde historikoen arabera, azken hil honetan nabarmentzekoa da kontratazioaren igoera handia Araban (% 19,9), gero Gipuzkoan (% 18,5) eta Bizkaian (% 8,4). Iazko urtarrilaren aldean, Bizkaia da hazkuntza gehieneko saldo positiboa duen lurraldea (% 5,1), gero Araba (% 3,3) eta, ondoren, Gipuzkoa (% 1,7). Azken hil honetan, 56.218 pertsona kontratatu dira eta, horietatik, % 48,98 emakumea izan da. Kontratatu den pertsona-kopuruak gora egin du % 17,43, 2018ko abenduaren aldean, eta % 1,9, 2018ko urtarrilaren aldean.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak