Berriak
qrcode

Lehendakariak Lankidetzako 2018ko Ignacio Ellacuria saria eman dio Mikel Ayestaran kazetariari

2019-02-04
  • Epaimahaiak historiak kontatzean duen “giza ikuspegia” aitortu du, bai eta askotan ulertzeko zailak diren errealitateak hurbiltzeko eta ulergarri egiteko duen erantzukizuna ere
  • Lehendakariak eskertu egin du Mikel Ayestaranen lan profesionala; “kazetari bat baino gehiago da, “kooperante kazetari” bat da”

Eusko Jaurlaritzak Lankidetzako 2018ko Ignacio Ellacuria saria Mikel Ayestaran euskal kazetariari eman dio; kazetaria, batik bat, gatazkan dauden guneen berri emateagatik da ezaguna. Iñigo Urkullu Lehendakariak eman dio saria.

Oraingoan, kazetariak historiak kontatzean duen “giza ikuspegia” aitortu nahi izan du epaimahaiak, bai eta gertakarien gainean duen “errespetua” eta askotan ulertzeko zailak diren errealitateak hurbiltzeko eta ulergarri egiteko “erantzukizuna” ere. Save The Children fundazioak proposatu zuen bere hautagaitza.

Bere jardunean Lehendakariak eskertu egin dio Mikel Ayestarani bere kazetaritza-lanaren zehaztasuna. “Eskertu egiten dugu zure lan profesionala apaltasunez eta garrantzizkoa den horretan oinarrituta garatzea: mezuaren kanala izatea”, azpimarratu du. Zentzu horretan nabarmendu du Ayestaranen lanari esker gizarteak aukera izatea hobeto ulertzeko ahaztutako pertsonei, galtzaileei, bonbardatutakoei, biktimei, errefuxiatuei eta migratzaileei. “Mikel Ayestaranek erakutsi egin digu solidaritatearen eta lankidetzaren aktibista bat dela; kazetari bat baino gehiago da, “kooperante kazetari” bat da”, zehaztu du.

Lehendakariak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean hartzen duela beregain “politiken koherentzia”: Giza Eskubideen ikuspegia, Giza Garapen Jasangarriaren eredua eta Nazio Batuen Agenda 2030eko konpromisoak. “Baloreetan, konpromisoan eta solidaritatean oinarritutako gizarte bat defendatzen dugu”, gaineratu du.

“Horregatik guztiagatik, Sari hau eman izanak jatorriz duen zentzu osoa hezurmamitzen du, hau da, bizitza- eta konpromiso-erreferentziak nabarmentzea, lagungarri zaizkigunak mundu hobeago bat sustatzeko, itxaropenaren eta solidaritatearen bide bat mundu gizatiarrago baterantz”, esanez amaitu du.

Ekitaldia gaur goizean izan da Lehendakaritzan, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza ugaria izan da bertan, besteren artean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta bozeramaile Josu Erkoreka, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Osasuneko sailburu Jon Darpón, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburu Bingen Zupiria, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, eta Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José. Baita Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega ere. Save The Children Fundazioko ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Mikel Ayestaran

Mikel Ayestaran (Beasain, 1975) freelance kazetaria da, eta etengabe dihardu lankidetzan EiTB eta Vocento taldeekin. Oso gaztetan hasi zen ikasketak eta bidaiatzeko zaletasuna bateratzen. 2005ean, freelance abentura hasi zuen, eta Ekialde Ertainean zabaldutako gatazken berri ematen hasi zen. Bere suzko bataioa 2006an izan zen, israeldarrek Libano inbaditu zutenean, eta Iran, Irak, Afganistan eta Pakistango berriak ere ematen ditu. Israelera eta Palestinako lurraldeetara bidaiatu da, krisiak zeudenean, eta Israelek Gazako zerrendaren aurka abiatutako hiru erasoaldiren berri eman zuen, 2008aren eta 2014aren artean. 2011n, “udaberri arabiarra” iritsi zenean, Tunez, Egipto, Libia, Yemen eta Siriatik ibili zen. 2015etik, Jerusalemen bizi da, eta bertatik jarraitzen du eskualde osoaren berri ematen.

Ignacio Ellacuria Saria 

Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzak ematen du Lankidetzaren Euskal Agentzia-Elankidetzaren bidez. Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta pertsona indibidualek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea du helburu, euskal gizartea eta nazioarteko gizarte sentsibilizatze aldera.

4 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Gizonduz
    2019-02-05

    Comentario de Twitter:
    RT @emakundEJGV: Zorionak! @mikelayestaran-ek Lankidetzako #IgnacioEllacuriaSaria jaso du gaur Lehendakaritzan: https://t.co/kvAFzClVVc Kaz…

  • Argazkia SN Robot
    @Gizonduz
    2019-02-05

    Comentario de Twitter:
    RT @emakundEJGV: Zorionak! @mikelayestaran ha recibido el #PremioIgnacioEllacuria de Cooperación: https://t.co/TfHUwaDK3O El jurado, del qu…

  • Argazkia SN Robot
    @Yomisma71975384
    2019-02-04

    Comentario de Twitter:
    RT @emakundEJGV: Zorionak! @mikelayestaran ha recibido el #PremioIgnacioEllacuria de Cooperación: https://t.co/TfHUwaDK3O El jurado, del qu…

  • Argazkia SN Robot
    @emakundEJGV
    2019-02-04

    Comentario de Twitter:
    Zorionak! @mikelayestaran ha recibido el #PremioIgnacioEllacuria de Cooperación: https://t.co/TfHUwaDK3O El jurado,… https://t.co/5OLvr5M7TW

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)