Berriak Lehendakaritza
Eu

Oharra: Euskadiren ordezkaritza. Honduraseko giza eskubideen egoerari behatzeko misioa

2019.eko otsailak 01

Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren babespean dauden pertsonen egoeraren segimendua egiteko esparruan, Euskadiren Ordezkaritza batek herrialdea bisitatu du, igandetik, abenduaren 27tik, ostiralera, otsailaren 1era.

Ordezkaritzako buru Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria izan da, eta honako hauek parte hartu dute: Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideak eta Berdintasuna Batzordeko ordezkariak (Ana Oregi, Batzordeko presidentea; Iñigo Iturrate, EAJ; Oihana Etxebarrieta, EH Bildu; Eukene Arana, Elkarrekin Podemos; Rafaela Romero, PSE; Carmelo Barrio, PP; eta Eduardo Mancisidor, letraduna), Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (Noemí de la Fuente eta Maite Garmendia) eta Mundubat (Eneko Gerrikabeitia, presidentea) eta CEAR-Euskadi (Patricia Bárcena, zuzendaria; eta Leire Lasa, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programako koordinatzailea) giza eskubideen inguruko erakundeetako ordezkariak.

Herrialdean eginiko egonaldian, bileren agenda bat antolatu da, giza eskubideen gobernuz kanpoko erakundeekin eta gizarte-mugimenduekin batzeko, besteak beste honako hauekin: Comité de Familiares de Detenidos y Desaparecidos de Honduras (COFADEH), 2018an Babeserako Euskal Programaren, La Vía Campesinaren (LVC) eta Central Nacional de Trabajadores del Camporen (CNTC)  babespean hartu zen defendatzailea dela bertako kide; gainera, Lenca indigenen komunitate baserritarrekin partekatu da Departamento de La Pazen eta Nuevo Amanecer komunitate baserritarra bisitatu da. Halaber, topaketak izan dira emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideak defendatzen dituzten erakunde feministekin, adierazpen- eta informazio-askatasuna defendatzeko erakundeekin eta lankidetzarako nazioarteko erakundeekin, bai eta Berta Cáceresen familiarekin ere.

Era berean, elkarrizketak izan dira Honduraseko erakundeekin, besteak beste, Giza Eskubideen Batzorde Nazionalarekin (CONADEH), Ministerio Publikoarekin, Giza Eskubideen Idazkaritzarekin, Giza Eskubideen Defendatzaileak, Kazetariak, Gizarte Komunikatzaileak eta Justizia Operadoreak Babesteko Mekanismoarekin, Errepublikaren Kongresuko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordearekin, bai eta nazioarteko organismoekin ere, esaterako, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoarekin (OACNUDH) eta Espainiako Enbaxadarekin.

Bileren eta jasotako lekukotzen ondoren eta aurretik dokumentazioa aztertuta, Ordezkaritzak:

HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:

LEHENENGOA: Kezka adierazi nahi dugu giza eskubideen defendatzaileek, herri indigenek, afrikarren ondoko diren komunitateek eta komunitate baserritarrek, lurraren eta lurraldearen defendatzaileek, sexu-aniztasunaren eta emakumeen eskubideen defendatzaileek eta aniztasun funtzionalaren defendatzaileek jasaten dituzten indarkeria horien ondoriozko mehatxuen, behartutako etxegabetzeen, kriminalizazioaren, judizializazioaren, irainen eta behartuta lekualdatzeko egoeraren inguruan. Eta giza eskubideen inguruko defentsa baketsu horri babesa, errespetua eta elkartasuna adierazten dizkiogu.

BIGARRENA: Testuinguru horretan, kezkagarria da, halaber, indarkeria horietan dagoen zigorgabetasun-maila altua, batik bat herri indigenen kasuan eta lurra, lurraldea eta ondasun erkideak defendatzen dituzten herri indigenen eta komunitate baserritarren kasuan, bai eta LGTBI eta emakumeen giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen kasuan ere.  Hori horrela, Ministerio Publikoari, ikerketei ekiteko eskumena duen organoari, lan hori susta dezala eskatzen diogu. 

Era berean, beraiek babestu eta aintzatesteko funtsezko urratsa izan daiteke Emakumeen aurkako Diskriminazio Modu Guztiekin Amaitzeko Konbentzioaren Hautazko Protokoloa (CEDAW, ingeleseko siglak) berrestea eta legeria nazionalean Baserritarren eta Landa Eremuetan Lan egiten duten beste Pertsona batzuen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpena sartzea.

HIRUGARRENA: Giza eskubideen arloan ikusitako aurrerapenak nabarmentzen ditugu, besteak beste metodologia eta protokolo berrien garapena Giza Eskubideen Defendatzaileak, Kazetariak, Gizarte Komunikatzaileak eta Justizia Operadoreak Babesteko Mekanismoan, bai eta Honduraseko Giza Eskubideen inguruko Gomendioen Monitoreo Sistemaren abiaraztea ere (SIMOREH), eta hura finkatzea espero dugu.

LAUGARRENA: Hondurasko erakundeei giza eskubideen defendatzaileak babesteko eta laguntzeko mekanismoak garatzen jarraitzeko eta bizitza eta giza eskubideak defendatzen lan egiten duten komunitate eta kolektiboen lanaren balioa ikusarazteko eta nabarmentzeko eskatzen diegu, bai eta beren lana garatzeko erakundeen arteko antolaketa eta politika- eta aurrekontu-laguntza sendotzeko ere. 

BOSGARRENA: Eskerrak ematen ditugu erakundeen, gizarte-mugimenduen, Hondurasko erakunde publikoen eta nazioarteko organismoen aldetik izan dugun harreragatik.  Eta konpromisoa hartzen dugu giza eskubideen defendatzaileen egoerari arretaz behatzeko eta beren lana segurtasun-baldintzetan bete dadin bermatzeko; horretarako, arreta berezia eskainiko diegu Ordezkaritzak bere gain hartutako konpromisoei, besteak beste COFADEHren egoeraren segimenduari eta Berta Cáceresen erailketaren kasuan justizia bilatzeko laguntzari.

 

Tegucigalpa, 2019ko otsailaren 1a

Giza Eskubideen Behaketarako Euskadiko Ordezkaritza

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko otsailak 02

    Enhorabuena por vuestro trabajo. Interesante inclusión en el comunicado a las personas con diversidad funcional, que es un plus de discriminación.

Ekitaldiko kargudunak