Berriak Lehendakaritza
Eu

  Gobernuak Ignacio Ellacuria 2018 Saria eman dio Mikel Ayestaran kazetariari

2019.eko otsailak 01
  • Epaimahaiak historiak kontatzean duen “giza ikuspegia” aitortu du, bai eta askotan ulertzeko zailak diren errealitateak hurbiltzeko eta ulergarri egiteko duen erantzukizuna ere
  • Lehendakariak saria datorren astelehenean emango dio, hilaren 4an

Eusko Jaurlaritzak Lankidetzako 2018ko Ignacio Ellacuria saria Mikel Ayestaran euskal kazetariari eman dio; kazetaria, batik bat, gatazkan dauden guneen berri emateagatik da ezaguna. Iñigo Urkullu Lehendakariak emango dio saria, datorren astelehenean, hilaren 4an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian.

Oraingoan, kazetariak historiak kontatzean duen “giza ikuspegia” aitortu nahi izan du epaimahaiak, bai eta gertakarien gainean duen “errespetua” eta askotan ulertzeko zailak diren errealitateak hurbiltzeko eta ulergarri egiteko “erantzukizuna” ere.  Save The Children fundazioak proposatu zuen bere hautagaitza.

Mikel Ayestaran (Beasain, 1975) freelance kazetaria da, eta etengabe dihardu lankidetzan EiTB eta Vocento taldeekin.  Oso gaztetan hasi zen ikasketak eta bidaiatzeko zaletasuna bateratzen. 2005ean, freelance abentura hasi zuen, eta Ekialde Ertainean zabaldutako gatazken berri ematen hasi zen. Bere suzko bataioa 2006an izan zen, israeldarrek Libano inbaditu zutenean, eta Iran, Irak, Afganistan eta Pakistango berriak ere ematen ditu. Israelera eta Palestinako lurraldeetara bidaiatu da, krisiak zeudenean, eta Israelek Gazako zerrendaren aurka abiatutako hiru erasoaldiren berri eman zuen, 2008aren eta 2014aren artean. 2011n, “udaberri arabiarra” iritsi zenean, Tunez, Egipto, Libia, Yemen eta Siriatik ibili zen. 2015etik, Jerusalemen bizi da, eta bertatik jarraitzen du eskualde osoaren berri ematen.

(*) Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzak ematen du Lankidetzaren Euskal Agentzia-Elankidetzaren bidez. Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta pertsona indibidualek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea du helburu, euskal gizartea eta nazioarteko gizarte sentsibilizatze aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak