Berriak Lehendakaritza
Eu

2011ko martxoaren 8ko adierazpena. Emakumeen nazioarteko eguna (2011-03-08(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko martxoak 08

1975ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak MARTXOAREN 8a finkatu zuen EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUN gisa. Mugarri garrantzitsua izan bazen ere, nazioarteko ospakizun hau ez zen egun hartan hasi; izan ere, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako zenbait gertakaritan oinarritzen da. Hain zuzen ere, 1910ean, 17 herrialdetako 100 emakume baino gehiago Kopenhagen bildu ziren, eta Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko proposamena onartu zuten; hori horrela, lehen ospakizuna 1911an zen. Beraz, aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren mendeurrena ospatzen da, gizonekiko erabateko berdintasunean eta gizarteko esparru guztietan parte hartzeko borrokaren hasieraren mendeurrena, alegia.

Geroztik, mugimendu feministak, emakumeen elkarteek eta botere publikoek egindako lanari esker, eta agente sozial askok eta, oro har, herritarrek apurka- apurka egin dituzten ekarpenei esker, aurrerapen esanguratsuak lortu dira gure gizartean, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez.

Hala ere, gure gizarteak desberdintasun handiak ditu oraindik emakume eta gizonen eskubide, botere, baliabide eta etekinak baliatu, garatu eta kontrolatzeko orduan. Gaur, beraz, berdintasuna lortzea egiteke dagoen lana da, eta bere konplexutasun osoan ekin behar zaio horri.

Onartzen dugu guztiz beharrezkoa dela emakumeek gure gizarteko esparru soziokultural, politiko, ekonomiko eta bestelakoetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukerak hobetu eta modu aktiboan babestu behar direla,
Botere--oreka handiagorantz jo behar dugu gizon eta emakumeen arteko harreman pertsonal eta sozialetan, eta gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabakiak hartzeko esparruetan; besteak beste, udal, diputazio, gobernu, unibertsitate, enpresa, sindikatu edo patronaletan.

Hau guztiagatik, gobernu honek emakumeen jabekuntza prozesuak babesteko konpromisoa hartzen du, jabekuntza emakumeen kontzientzia indibidual eta kolektiboa hartzeko bide gisa ulertuta, modu horretan aukera izan dezaten erabaki-prozesuetan, boterea gauzatzeko orduan eta eraginerako gaitasunean euren partaidetza handitzeko. Era berean, beharrezkoak diren balio-aldaketak babestuko ditugu, emakumeak oztoporik gabe sar daitezen gure gizarteko erabakimen-esparruetara.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan