Eu

Euskadiko Artxibo Historikoak Valca material fotografikoko enpresari buruzko erakusketa bat antolatu du; datorren otsailaren 24ra arte egongo da irekita

2019.eko otsailak 01
  • Konpainiaren dokumentu-fondoa Artxiboaren esku geratu da eta datorren astelehenean bisita gidatu bat antolatuko da.

 

Gasteiz, 2019/02/01          

Euskadiko Artxibo Historikoak Valca enpresari buruzko erakusketa bat antolatu du, material fotografikoa ekoizten zuen konpainia honen ibilbidea gogoratzeko asmoz. Erakusketa gaur ireki da eta otsailaren 24ra arte egongo da ikusgai. Ekimen honen jatorria da enpresa horren dokumentu-fondoa Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi dela, iragan abenduan sinatutako akordio baten ondorioz. Enpresa ezagun honen etapa ezberdinei loturiko objektu, liburu, kartel, dokumentu, plano eta argazkiak biltzen ditu erakusketak. Sopeñano de Mena (Burgos) herrian bazegoen ere, euskal enpresabururen jabetza zen eta Enkarterrietako ehunka hiritarrek bertan lan egin zuten.

Enpresaren artxiboaren lagapena Javier González de Durana jaunaren eskuzabaltasunari esker izan da posible. Honek, artxiboaren hondarrak bildu zituen, galtzeko bidean zeudelarik, eta aipatua kontserbatzeaz eta bere garrantzia nabarmentzeaz arduratu da urte luzez. Balmasedako La Encartada Museoan eta Medina de Pomarren Valcari buruzko erakusketa ezberdinak antolatu ondoren, fondo horien lagapena Euskadiko Artxibo Historikoarekin adostea erabaki zuen González de Duranak. Honela, bi aldeek sinatu duten akordioaren arabera, Valcari buruzko erakusketa bat antolatzeko eta Valcak Sopeñanon (Burgos) zuen lantegi zaharrean identifikatu diren beste dokumentu guztien berreskuratzea sustatzeko konpromisoa hartu du Artxiboak.

Erakusketa  zabalik egongo da astelehenetik ostegunera, 9.30etik 18.30era, eta ostiraletan, 9.30etik 15.30era. González de Duranak berak antolatu du, enpresa ezagun honen inguruko azterlan sakon baten egilea baita. Erakusketa Euskadiko Artxibo Historikoaren (María Díaz de Haro kalea, 3; Bilbo) atarian eta lehen solairuan egongo da ikusgai.

Datorren astelehenean, otsailak 4, González de Durana jaunak bisita gidatu bat zuzenduko du, arratsaldeko 19.00etan.

Valca enpresa

Valca 1938. urtean jaio zen eta 90eko hamarkadaren hasierara arte egon zen irekia. González de Duranak dioenez, “enpresa-ideia 1938koa da, Gerra Zibila bizi-bizi zegoelarik oraindik; Euskadi, baina, eta Enkarterriak eta Mena Harana hain zuzen ere, frankisten kontrolpean zeuden jada”. “Sortzaileek ezarri zituzten helburuen artean, ekintza militarrei babes ematea zen nagusiena. Enpresaren sortzaileek, industria-enpresaburuak aspalditik, Gerra irabaziko zuen bandoan engaiatuak izanak ziren ordurako eta aginte politiko garrantzitsuak izango zituzten Gerra ondoren ezarritako erregimenean:                José Luis Oriol, José Leandro Torrontegui, Isidoro Delclaux, Mateo Olaso eta Jose María Basterra”, adierazi du González de Duranak.

Honela, legez, enpresa 1940. urtean jaio zen, eta Rafael J. Basterrechea arkitektoak enpresaren pabilioiak eta egoitza-etxea diseinatu zituen, 1942 eta 1945 bitartean eraikiko zirenak. "Une horretatik bertatik, hazkunde fisiko, tekniko eta produktibo azkarra bizi izan zuen Valcak eta pribilegiozko leku bat lortu zuen, nazio mailan zein nazioartean, argazkigintzaren eta radiografien merkatuan. Bere hedapen eta etekin ekonomikorik handienak 1985. urtean lortu zituen", adierazi du González de Duranak.

1986tik aurrera, ordea, beheraldi larria etorriko zen, enpresa ez baitzen Espainia Europako Merkatu Erkidean sartu ostean sorturiko egoera berrira egokiro egokitzeko kapaza izan. González de Duranaren ustez, aurrekoa ez zen zio bakarra izan: “Krisia larriagotu zuten beste zio batzuk egon ziren ere: multinazionalen lehia itzela, ez ordaintze garrantzitsuak atzerrian, eskasiak teknologiari zegokionez, auto-finantzazio urria, etab. Horren guztiaren ondorioz, galera ekonomiko izugarriak etorri ziren eta sei urte beranduago enpresak porrot egin zuen”.

Honela, 1992ko urtarrilaren 22an Sociedad Española de Productos Fotográficos Valca delakoak ‘Ordainketa-etendura eta Kaudimengabezia’ aitortu zuen Bilboko epaitegietan eta, urtebete beranduago, behin betirako itxi eta Sopeñano de Menako instalazioak likidatu zituen. “Erakusketa xume honek VALCAren oroitzapen nostalgikoa izan nahi du enpresaren etapa ezberdinei loturiko objektu, liburu, kartel, dokumentu, plano, argazkiak, etab., aurkeztuko baititu. Aldi berean, Espainia aldakor baten testuinguruan lantegi horrek suposatu zuenaren ideia labur bat eskainiko du ere: 40ko eta 50eko diktadura-autarkia, 60ko eta70eko irekiera-desarrollismoa eta demokrazia-nazioartekotzea 80ko hamarkadan”, amaitu du González de Duranak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak