Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Urkullu Lehendakariak eskerrak eman ditu Euskadiko Gurutze Gorriaren lan humanitarioagatik: “Gizarte kohesionatua ondasun erkidea da”

2019-02-01
  • CREko arduradunekin eta Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera, Vitoria-Gasteizko instalazioak bisitatu ditu

  • “Balio eta printzipioak partekatzen ditugu, baita Gurutze Gorriaren lema ere: “pertsonengandik gero eta hurbilago”

  • Euskadiko Gurutze Gorriak 470 profesional ditu, 14.000 boluntario eta 53.000 laguntzaile

Iñigo Urkullu Lehendakariak XIX. mende amaieratik Euskadiko Gurutze Gorriak egiten duen lana goraipatu du: “Euskadiko Gurutze Gorriak dituen 470 profesionalekin, 14.000 boluntarioekin eta 53.000 laguntzaileekin gizarte-inklusioa sustatzeko egiten duen lana: hori ezinbestekoa da gure herrialdearentzat, izan ere, gizarte kohesionatua “ondasun erkidea” da".

Iñigo Urkulluk, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin, Iñaki Irusta Euskadiko Gurutze Gorriaren Batzorde Autonomikoko presidentearekin, Aitor Allende CREko koordinatzaile autonomikoarekin eta Xabier Manzano CREko idazkari autonomikoarekin batera, Euskadiko Gurutze Gorriaren bulego zentralak bisitatu ditu, Vitoria-Gasteizko Gaztelako Atea kalean. Bertan, larrialdien, asistentziaren, prestakuntzaren eta gizarte-inklusioaren arloan nazioarteko erakunde humanitarioak egiten duen lana goraipatu du. Halaber, Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak eta Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak ere parte hartu dute.

Urkullu Lehendakariak Euskadiko Gurutze Gorriak hirugarren gizarte-sektorearen eremuan eta bere hiru mila erakundeek eta 242 mila boluntarioek egiten duten lana nabarmendu du. “Gurutze Gorriak euskal gizartearen zerbitzura egiten du lan, 1874tik”, nabarmendu du Urkulluk. Eta hiru erreferentzia historiko aipatu ditu: “XIX. mendean Gurutze Gorriaren lehen esku-hartzeak azken karlistaldian iritsi ziren, Henry Dunant-ek hamarkada bat lehenago sustatu zuen nazioarteko mugimenduan oinarrituta. XX. mendean, Alfredo Espinosa Eusko Jaurlaritzako lehen Osasun sailburuak, 1936ko azaroaren 19an, Euskadiko Gurutze Gorria sortzeko dekretua sinatu zuen, “izaera humanitarioko eta ongintza- eta gizarte-ordenako erakunde” gisa; "herrialde honen babespean eratu zen”. Eta, orain, XXI. mendean, erakunde globala zarete”.

Nazioarteko Gurutze Gorriaren funtsezko balio eta printzipioetan oinarritzen den lana garatzen duzue: humanitatea, inpartzialtasuna, neutraltasuna, independentzia eta unibertsaltasuna. Gaur printzipio horiei jarraikiz diharduzue eta, beraz, harro egon behar duzue”, esan du Lehendakariak.

Jarduera

Urkulluk Euskadiko Gurutze Gorriaren jarduera aipatu du: “istripua izan duten pertsonak sorosten ditu; enplegagarritasunerako zailtasun gehien duten pertsonentzako prestakuntza sustatzen du; iragaitzazko migratzaileei babesa eta laguntza ematen die; errefuxiatuei arreta ematen die; elikagaiak eta arropak banatzen dizkie gehien behar dutenei; ezinbesteko baliabidea da larrialdietan; eta beste gizarte-erakunde batzuekin elkarlanean dihardu”.

Era berean, Lehendakariak CREk migratzaileekin egiten duen lana aipatu du: “egiten duzuen lana aintzatesten dugu: “zer” eta “nola”. Euskal Herriaren elkartasuna argia izan da, eta erakundeen eta hirugarren gizarte-sektorearen arteko lankidetzaren bidez, erantzun koordinatua eman zaie arreta jaso duten 6.500 migratzaile baino gehiagori, hurbiltasunez eta onberatasunez, gure herrialdean. Iragaitzazko migratzaileek Euskadin “humanitate-espazioa” aurkitu dute".

Iñigo Urkulluk berriro ere esan du “balioak eta printzipioak” partekatzen ditugula, “baita Gurutze Gorriaren lema ere: “pertsonengandik gero eta hurbilago”. Gurea bezalako gizarte aurreratuak eta kohesionatuak pertsona guztiak izan behar ditu aintzat, inor atzean utzi gabe. Gizarte-inklusioa sustatzea eta bultzatzea gure herrialdearen helburu argia da, izan ere, gizarte kohesionatua “ondasun erkidea” da.

Euskadiko Gurutze Gorria

Euskadiko Gurutze Gorriak Euskadiko hiru lurralde historikoetan lan egiten du, 1874. urtetik. Hasieretan, laguntza “kanpainan zauritutako” pertsonei zuzentzen zitzaien. Gaur egun, honako jardun-eremu hauek ditu: kolektibo ahulak, kolektibo ahulentzako enplegua, osasuna, sorospenak eta larrialdiak, osasun-zentroak, ingurumena, nazioarteko lankidetza, Gurutze Gorria Gazteria (gazteak).

Eremu horietan, Prestakuntzaren arloan honako hauek dira nabarmentzekoak: 1.380 ikastaro 17.324 pertsonarentzat eta Enplegu Plana 3.363 pertsonarentzat; ibilbide osoa egiten dutenetan laneratze-ratioa % 43koa da. 2018an, Euskadin, guztira, 175.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu. 238 ibilgailu ditu, 79 ontzi, 105 egoitza eta 251 udalerri, babes zuzenarekin.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioko eta Media Luna Rojako kideak dira; Media Luna Roja munduko erakunde humanitario handiena da, eta nazionalitateagatiko, arrazagatiko, erlijio-sinesmenengatiko, klase sozialagatiko edo iritzi politikoagatiko bazterketarik gabe ematen du asistentzia. 

Misioa

Iñaki Irustaren hitzen arabera: “Gurutze Gorria erakunde humanitario boluntarioa da; gizartean oso errotuta dago; pertsona ahulei erantzun integralak ematen dizkie, giza garapenaren eta komunitarioaren ikuspegitik, eta, horrela, beren gizarte-testuinguruan dituzten banako gaitasunak sendotzen ditu. Horregatik gaude pertsona ahuletatik gero eta hurbilago nazio- eta nazioarte-mailan, ekintza integratuen bidez, funtsean boluntarioek eginiko ekintzen bidez, eta gizarte-partaidetza eta lurraldeko presentzia zabalarekin”.

Media Luna Roja eta Gurutze Gorriaren munduko sozietate nazional guztiek partekatzen dituzte zazpi funtsezko printzipioekiko errespetua eta defentsa: humanitatea, inpartzialtasuna, neutraltasuna, independentzia, boluntariotza, batasuna eta unibertsaltasuna

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @basquemployment
    2019-02-02

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: https://t.co/z189GkYmgm #cruzroja #cruzrojaeuskadi #voluntariado #gobiernovasco El Lehendakari Urkullu agradece la l…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)