Berriak Osasuna
Eu

Arartekoak Osakidetzaren 2016-2017ko LEP-i buruz eginiko txostenaren balorazioa

2019.eko urtarrilak 30

Aztertu da Arartekoak Osakidetzaren 2016-2017ko LEPen inguruan egin duen eta gaur argitara eman duen ofiziozko txostena, eta Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak honako balorazio hau egin dute:

 

  1. Osasun Saila eta Osakidetza bat datoz Arartekoarekin, Osakidetzaren hurrengo lan-eskaintza publikoak hobetzeko gomendio edo proposamenak egitearekin.
  2. Aztertu dira Arartekoak txostenean proposatutako 12 gomendioak, eta Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak edukiaren gaineko balorazio positiboa egiten dute eta konpromisoa hartzen dute Osasun Saila eta Osakidetza hurrengo LEPen prozedurak hobetzeko dagoeneko prestatzen ari diren hobekuntza-proposamenean jasotzeko. Horrela, Eusko Legebiltzarrak hartutako konpromisoak betetzeko, LEPen eredu berriaren proposamena 2019ko lehen lauhilabetekoan zehar aurkeztuko da, eta proposamenak Arartekoak eginiko gomendioak jasoko ditu.
  3. Txostenak erakusten duenez, nabarmentzekoa da Osakidetzaren eta IVAPen erabateko lankidetza Arartekoak eskatu dien guztian. Gardentasuna erabatekoa izan da. Gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak helburu dute prozesuaren amaiera arte iristea eta LEP hau bermeekin amaitzeko bitarteko guztiak jartzea.
  4. Arartekoak eginiko analisiak, Osakidetzak jarraitutako prozedura babesten du. 2016-2017ko LEPen kudeaketa oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz egin dela erakusten du; oinarri horiek sindikatuekin adostu ziren eta EHAAn argitaratu.
  5. Osasun Sailak eta Osakidetzak positibotzat jotzen dute Arartekoak nabarmentzea Oviedoko Unibertsitateak eginiko txosten psikometrikoen balioa. Txostenak hauxe dio: “ziodun edo arrazoizko oinarri izan dira Osakidetzak hartu dituen erabakiak hartzeko”.
  6. Era berean, oso positibotzat jotzen da Rafael Jiménez Asensio katedradunak prestatutako txostenaren inguruan Arartekoak egin duen balorazioa; txostenean bertan esaten denez, “balio eta interes handiko” proposamen eta gomendioak jaso dira. Balorazio horrek erakusten du zer baliagarria den Osasun Sailak eskatu zuen –gogora ekarri behar dugunez– eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen dokumentua; dokumentua Osakidetzan langileak hautatzeko gaur egun dagoen sistema hobetzeko oinarri izatea zen helburua.
  7. Hala ere, Arartekoaren txostenak ikuspegi kontrajarriak egiaztatzen ditu LEPen ereduaren inguruan, sindikatuek eginiko proposamenen, adituaren txostenaren, IVAPen eta Arartekoaren beraren irizpidearen artean. Horrek erakusten du, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren iritziz, zer konplexua den administrazio publikoan profesional medikoen hautaketa eta nolako beharra dagoen etorkizunerako eredu berria abian jartzeko adostasun zabalean aurrera egiteko.
  8. Bestalde, Arartekoaren txostenak, “Topaketak Legebiltzarreko taldeekin eta sindikatu-erakundeekin” atalean Osakidetzaren eta administrazio publikoaren langile-politikari buruzko iritzi eta hausnarketak jaso ditu, bai eta enpleguko denborazkotasunari buruzkoak ere; azken horiek, gure iritziz, ez dute txostenaren helburuarekin loturarik. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailak eta Osakidetzak uste dugu administrazio publikoan denborazkotasun-tasak murriztu egin behar direla, betiere erakundearen erantzukizuna eta indarrean dauden lege eta arauak aintzat hartuta.

 

Azken batean, eskertu egiten ditugu Arartekoaren gomendioak. Hobetzeko neurriak hartzeko beharra onartzen dugu, planteatzen den moduan. Hobekuntzarako proposatu zaizkigun neurriak hartuko ditugu dagoeneko egiten ari den eta eginiko gomendioak osatzen dituen lanean, hurrengo LEPen prozedura hobetzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 30a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau