Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

TASEI ETA PREZIO PUBLIKOEI BURUZKO LEGEA ALDATZEKO LEGE-PROIEKTUA

2011.eko martxoak 08

 -Lege-proiektuan islatutako aldaketak teknikoak dira, tasen eta prezio publikoen kudeaketa hobetzen dute eta araudia arinago eguneratu eta arautzeko aukera ematen dute. 

-Tasek eta prezio publikoek, zerbitzu edo jarduera publiko bat ematearen kostua direla, zerbitzu edo jarduera horiek finantzatzen laguntzen dute, eta, orobat, eskariaren beharrezko arrazionalizazioa egiten ere. 

-Tasak EAEko administrazio orokorrak eta instituzionalak bakarrik emandako jarduera eta zerbitzuei aplikatzen zaizkie, eta prezio publikoak administrazioak eta sektore publikoak egindako jarduera eta zerbitzuei.  

-Eusko Legebiltzarrari dagokio tasak sortu eta arautzeko lana eta, lege baten bitartez, funtsezko elementuak ezartzeko ardura.  

-Ekitaldi honetarako aurreikusi da tasengatiko eta prezio publikoengatiko diru-sarrerak 42 milioi euro ingurukoak izango direla; horietatik 24 milioi euro tasetakoak izango dira, eta 18 milioi euro zerbitzu publikoetakoak. Tasen artean nabarmentzekoak dira obrak zuzendu edo ikustatzeagatikoa (18,5 milioi euro) eta portuetako zerbitzuengatikoa (2,3 milioi euro). Prezio publikoen atalean, diru-sarrera handienak (13,5 milioi euro) HABE eta IVAP bezalako erakundeek emandako prestakuntza-jardueretatik eratorritakoak dira. 

-Lege berriaren ondorioz 36 tasa egongo dira, lau kendu direlako eta beste 3 txertatu direlako.

 Hiru tasa berri sortu dira (1. ERANSKINA):

 1- Bilaketa-, salbamendu- edo erreskate-zerbitzuengatiko tasa. Disuasio-helburua du, jolas- eta kirol-jarduera arriskutsuak egitean zuhurtziaz joka dadin. Tasa hori ezartzearekin, horrelako jardueren estaldura eta aseguratze-sistemak sustatu ahal izango dira

 2- EBren etiketa ekologikoa emateagatiko tasa. Europar Batasuneko araudian aurreikusitako moduan arautzen da.

3- Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak (UNIQUAL) irakasleak kredita ditzan egindako ebaluazio-eskabideak izapidetzeagatiko tasa.

 Lau tasa kendu dira:

 

  • 1-Aseguru Bitartekari Tituludunaren diploma emateagatiko tasa (titulazio hori jadanik ez dagoelako)
  • 2-Material informatikoa eta hondakin arriskutsuen jarraipen eta kontrolerako agiriak entregatzearen tasa (informazio horitelematikoki banatzen da dagoeneko, eta Estatuko Administrazioak egiten du)
  • 3-Merkataritza-gune handiak baimentzeagatiko tasa (Merkataritzako Jardueraren 2008ko Legeak baimena eskatzeko beharra kendu zuen)

4-Kirol Entitateen Erregistroko jarduketen tasa  (azken urteetan ez da erabili) 

(1. ERANSKINA)

 BILAKETA-, SALBAMENDU- EDO ERRESKATE-ZERBITZUENGATIKO TASA

 Herrizaingo Sailaren berezko eta hitzartutako koordinazio eta esku-hartze taldeek, segurtasun publikoko arrazoiengatik, egoera zailean dauden pertsonak bilatu, salbatu edo erreskatatzeko zerbitzua ematea da tasa honen zergapeko egitatea. Zerbitzua ofizioz edo aldeak eskatuta eman daiteke, betiere zerbitzua ematea subjektu pasibotzat jotzen denaren onerako bada eta kasu hauetan ematen bada:

a) Bilatze-, erreskate- edo salbamendu-lanak jolas- edo kirol-jarduera arriskutsuak egitearen ondorio direnean.

Tasa hau aplikatzeari dagokionez, honako hauek joko dira jolas- eta kirol-jarduera arriskutsutzat, modalitate eta estilo guztietan: urpekaritza, igeriketa-zeharkaldiak, windsurfinga, flysurfa, uretako eskia, wakeboarda, wakesurfa, skurferra, uretako motoak, bodyboarda, surfa, raftinga, hydrospeeda, piraguismoa, arraunketa, nabigazioa itsasontziz, arroilen eta troken jaitsiera, puentinga, gominga, kite buggya, quadak, eskalada, espeleismoa, mendiko bizikleta babes-kaskorik gabe, moto-krosa, mendiko motordun ibilgailuak, raid eta trec diziplinetako hipika, zaldizko turismo eta ibilaldiak, eskia, snowboarda, elurretako motoak, paraskia, snowbikea, mushinga, skibikea, aerostazioa, parakaidismoa, base-jauzia, hegaldiak ultrarinetan, hegaldiak motordun eta motorrik gabeko aparatuetan, parapentea, delta hegala eta parasailinga.

Erregelamendu bidez, bestelako jolas- eta kirol-jarduera arriskutsuak ere ezarri ahal izango dira.

b) Bilatze-, erreskate- edo salbamendu-lanak leku arriskutsu gisa seinaleztatutako lekuetan edo sarbidea mugatuta edo debekatuta dutenetan egiten direnean.

c) Bilatze-, erreskate- edo salbamendu-lanak egiten direnean herritarrei jakinarazi zaienean aurkako fenomeno meteorologikoen ondoriozko alerta laranja edo gorria egongo dela meteorologia txarrarekin arriskutsuak izan daitezkeen jardueretan ibiltzeko.

d) Zerbitzua objektiboki justifikatutako arrazoirik gabe eskatzen denean edo arriskua dagoelako itxurak egiten direnean.

Ez da pertsonen bilatze-, erreskate- edo salbamendu-zerbitzuak emateagatiko tasarik ordaindu behar izango katastrofe- edo hondamendi-egoeretan, edota interes orokorreko arrazoiengatik, eta ez partikularren edo ondasun jakinen mesedetan, egin direnetan.

 Subjektu pasiboa.

Zerbitzuaren onuradun diren pertsona fisiko edo juridikoak eta erakundeak izango dira tasa honen subjektu pasiboak.

Tasa honi lotutako zerbitzuak eman beharra eragin duten jolas- eta kirol-jarduerak antolatu dituztenak ere izango dira tasaren subjektu pasiboak. Kasu horretan, tasa ordaintzeko erantzukizun subsidiarioa izango dute zerbitzuaren onuradunek.

Subjektu pasiboak aseguru-poliza bat badu tasa honi lotutako kasuak estaltzeko, aseguru-entitate edo -sozietateak izango dira subjektu pasibo, polizan aseguratutako zenbatekora arte.

Kuota.

Kuota zehazteko, bi faktore hartuko dira kontuan, batetik, zerbitzua emateko erabilitako pertsonen eta bitartekoen kopurua eta, bestetik, pertsona edo bitarteko bakoitzak zerbitzua ematen igarotako denbora.

Tarifa honen arabera eskatuko da tasa (euroak orduko):

1. Mobilizatutako giza baliabideak (pertsona bakoitzeko)............ 37,74

2. Bitarteko materialak (pertsonen dotazioa barne) 

2.1. Ibilgailu bakoitza.......................................................... 76,50

2.2. Helikoptero bakoitza................................................ 2.244,00

2.3. Itsasontzi bakoitza

- 18 metroko edo gutxiagoko luzera dutenak.............. 459,00

- 18 metrotik gorako luzera dutenak....................... 2.244,00

Ordu-zatikien kasuan, tarifaren zenbatekoak modu proportzionalean aplikatuko dira.

 

Salbuespenak.

Tasa hau ordaintzetik salbuetsita egongo dira subjektu pasibo hauek:

•a)    Edozein eratako anomalia, urritasun edo asaldura psikikoa dutenak.

•b)    16 urtez azpikoak.

•c)     Erreskatean edo aurreko fasean hildakoak, edo ondorengo fase batean hildakoak baldin eta bilaketa, erreskatea edo salbamendua eragin zuten arrazoiengatik hil badira.

 -EB-REN ETIKETA EKOLOGIKOA EMATEAGATIKO TASA  

 

Tasa hori tasaren funtsezko osagaiak aurreikusten dituen Erkidegoko araudian -2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EE) Erregelamenduan- aurreikusitako moduan arautzen da.

Kuota: Eskabide bakoitzeko 306 euroko kuota ordaintzeko eskatuko da, eta enpresa txiki eta ertainen eta mikroenpresen kasuan, eta garapen-bidean dauden herrialdeetako operadoreen kasuan, kuota 153 eurokoa izango da.

Hobariak: Kuotaren % 20ko hobaria aurreikusi da Europako Erkidegoko ingurumen-kudeaketa eta auditoretzaren sisteman (EMAS) erregistratuta dauden eskatzaileentzat eta ISO 14001 arauaren araberako egiaztapena dutenentzat.

 -EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIAK (UNIQUAL) IRAKASLEAK KREDITA DITZAN EGINDAKO EBALUAZIO-ESKABIDEAK IZAPIDETZEAGATIKO TASA

 Tasa 42,84 eurokoa izango da.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre