Eu

Baieztatu egin da Eusko Jaurlaritzak 2018rako aurreikusi zuen %2,8ko hazkundea

2019.eko urtarrilak 30

BAIEZTATU EGIN DA EUSKO JAURLARITZAK 2018RAKO AURREIKUSI ZUEN %2,8KO HAZKUNDEA  

  • Enpleguari buruzko datuek hamarren batean hobetu dituzte aurreikuspenak, eta 19.000 lanpostu inguru sortu direla baieztatzen dute

Eusko Jaurlaritzak baieztatu egin du 2018rako hazkunde aurreikuspena, EUSTATen Hiru Hilabetez behingo Kontuen Aurrerapenean kaleratutako datuak ezagutu eta gero. Horrela berretsi denez, euskal ekonomia %2,8 hazi zen iaz, aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago bakarrik.  

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak maiatzean aurreratu zuenez, urteko batez besteko hazkundea hori izango zen, eta ondorengo berrikuspenek eutsi egin diote zifrari.

Enpleguari dagokionez, jardunaldi osoko lanpostu kopurua urte arteko %1,9 igo zen laugarren hiruhilekoan, eta %2,1 urteko batez bestekoari dagokionez. Bi zifra horiek hamarren batean hobetzen dute Ekonomia Zuzendaritzaren aurreikuspena, eta urtean, batez beste, 19.000 lanpostu sortu direla baieztatzen dute.

Enplegu garbia sortzen den bitartean, gora egiten dute hedapen zikloak jarraitzeko aukerek, agertoki makroekonomikoan aurreratzen den moteltze arin soslai horren barruan.

Laugarren hiruhilekoa

Laugarren hiruhilekoan, hazkunde erritmoa urte arteko %2,4koa izan zen, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago. Horrek erakusten duenez, aurrera jarraitzen du 2018. urtearen hasieran hasitako moteltze faseak.

Egia da Ekonomia Zuzendaritzaren aurreikuspenak dinamismo handiagoa aurreratzen zuela epealdi horretarako (%2,6), baina egia da, baita ere, agertoki makroekonomikoan aurreikusten zenez, intentsitatearen galerak gutxienez 2019ko lehen erdialdera arte jarraituko zuela, etenaldi hori gorabehera.

Hiruhilekoko hazkundearen sektoreen araberako banakapenak erakusten duenez, eraikuntzaren une onari eta zerbitzuen egonkortasunari esker eutsi ahal izan zaio aurrerapenari. Industriari dagokionez, intentsitate galera nabarmena ari da jasaten.

Sektorea  hoztearen arrazoi nagusietako bat, automobilgintzako enpresak isurketen arautegi berrira egokitzeko erakusten ari diren moteltasuna da, eta horrek eragina du zenbait euskal enpresa handitan. Ekoizpena doitzeko geldialdiak errepikatu egingo dira urte honen lehen hilabeteetan eta, ondorioz, industriaren balio erantsia aurreikusitakoa baino txikiagoa izango da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak