Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

6.500 migratzaileri eman zieten arreta Euskadiko Gurutze Gorriaren eta euskal erakundeen lankidetzaren bidez 2018an, Europako erdialdera joateko bidean

2019-01-29
  • % 40ren jatorria Ginea-Conakry izan da
  • Europako Batzordeko Migrazioaren Zuzendaritza Nagusiak eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari “mahai gainean eztabaida pizgarria jartzearren”
  • Artolazabal: “euskal erakundeek epe labur eta ertaineko aurreikuspenak aztertu dituzte eta EBren baterako plangintza beharrezko ikusten dute”

 

VG 2019 01 29

Iragaitzazko 6.500 migratzaileri eman die arreta Euskadiko Gurutze Gorriak, 2018ko ekainetik abendura –6.800 migratzaileri, gaur arte–, Bilboko, Donostiako, Vitoria-Gasteizko eta Irungo instalazioetan: Araban % 4ri, Bizkaian % 60i eta Gipuzkoan % 36i. Pertsona horietatik, % 85 gizona izan da, % 13 emakumea eta % 2 adingabea. Nazionalitateen arabera banatuta, honako jatorri hauek izan dituzte: % 40 Ginea-Conakrykoa; % 20 Malikoa; % 12 Boli Kostakoa; eta % 28 Kamerungoa, Nigeriakoa, Senegalekoa eta Burkina Fasokoa. Kasuen % 90ean, migratzaileek frantsesa dakite.

 

Iaz Donostian Andaluziako kostaldeetatik zetozen migratzaileak zeramatzan autobus bat ikusi zenetik. Pertsona horiek migrazio-prozesuan zeuden, eta prozesu horren helmuga nagusia Europako erdialdea eta iparraldea izaten dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan, Euskadiko Gurutze Gorriarekin batera, arreta humanitarioko sistema bat aktibatu zuen, beren harremanak berriro ezartzeko bidea errazteko eta, horretarako, telefonoak kargatzeko eta wifi sarera konektatzeko aukera emateko eta jateko, ohea izateko eta osasun-laguntzarako oinarrizko beharrei erantzuteko.

 

Gaur arte, 273 harrera egin dira Araban, 12.686 Bizkaian eta 3.469 Gipuzkoan; alegia, guztira 16.428. Araban 307 gau, Bizkaian 7.611 eta Gipuzkoan 4.563. Euskadin, guztira, 12.481 dira.

 

Gauak

307 gau izan dira Araban, 7.586 Bizkaian eta 4.563 Gipuzkoan eta, guztira, 12.456 Euskadin. Arreta jaso duten pertsona guztiek ez dute gaua harrera-baliabideetan eman; izan ere, bazetozen harreman-sare batekin eta, hori dela eta, beren bidaiarekin jarraitu ahal izan dute.

 

Abuztuaren 6tik 12ra bitarteko astean iritsi zen kopururik handiena, erregistroaren arabera; 435 guztira, 55 Araban, 330 Bizkaian eta 50 Gipuzkoan. Abuztuaren 13tik 19ra bitartekoan iaz harrera-kopuru handiena erregistratu zen: 52 Araban, 739 Bizkaian eta 80 Gipuzkoan, guztira 871. Pertsona horiei, guztira, 2018an, 7.160 bazkari eman zaizkie eta 7.234 afari. Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Euskadiko Gurutze Gorriaren artean migratzaileentzako arretak kudeatzeko harremanak etengabeak izan dira.

 

Beatriz Artolazabal sailburuak eta Lide Amilibia sailburuordeak eta Ernesto Sainz zuzendariak, iazko ekainetik, erakunde-bilerak eta harremanak izan dituzte, etengabe, Estatuko Gobernuarekin, Europako Batzordearen Migrazioen Zuzendaritza Nagusiarekin eta Eskualdeetako Lantaldearekin, Bruselan, eta “migrazio-mugimenduei buruzko argibide gehiago” eskatu dituzte, “bai eta EBren plangintza ere, epe ertain eta luzera, fenomenoa konpontzeko, eta Batasuneko estatuei erantzunkidetasun zintzoa” eskatu diete.

 

Eusko Jaurlaritzak Europari Share plana proposatu dio, migratzaileei arreta emateko; planak migratzaileen banaketa erantzunkidea eta proportzionala aurreikusten du. Beatriz Artolazabal pasa den abenduaren 4an zehaztu zion Simón Mordue Europako Batzordeko Migrazioetako zuzendari nagusi ondokoari, eta hark eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari “mahai gainean eztabaida pizgarria jartzearren”.

 

Brusela

Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza Hiri Agendaren esparruan migratzaile eta errefuxiatuak gizarteratzeko Elkartean parte hartzera animatu zuen, integrazioaren alde lan egiteko, maila anitzeko gobernamendu-ereduaren bidez. Halaber, Madrildik (Lan, Migrazio eta Gizarte Segurtantza Ministerioa) eta Bruselatik (Europako Batzordea) bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren inguruko ekintzetarako kudeatzen diren Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtsaren partidetara jotzera ere animatu zuen, edo Batasunaren babesletzara. Europako Batzordeak SHARE ekimena Dublingo erreformarekin erkatu du (etenda dago EBko Kontseiluan).

 

Bereziki ahulak diren edo asilo politikoa eskatzen duten migratzaileen kasuetarako, Eusko Jaurlaritzak baliabideak ditu Berrizen eta Oñatin. 2019rako Europako aurreikuspenak dira pertsona horien hego eta iparraldeko fluxuak jarraitu egingo duela; horretarako, euskal erakundeak, beste gizarte-erakunde batzuen lankidetzarekin, Euskaditik egiten duten igarobidearen inguruko kudeaketa zehatza prestatzen ari dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)