Eu

NEIKER-Tecnaliak sei eskola agroiraunkor sustatzen ditu Ugandan eta 2.507 ikasle joaten dira

2019.eko urtarrilak 28

Saluganda proiektuak aurrera jarraitzen du, sortu zenetik zortzi urtera, Buiwe eta Mukono eskualdeetako baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen heziketa hobetzen.

Egitasmoak aukera ematen die ikasleei nekazaritza eta abeltzaintzako, konposatzeko eta higiene pertsonaleko teknika jasangarriak ikasteko, bizitza baldintzak hobetzeaz gain

NEIKER-Tecnaliak Ugandan sustatzen duen eskola jasangarrien proiektuak sei ikastetxeri ematen die estaldura dagoeneko, 2.507 ikaslerekin, Saluganda proiektuaren esparruan. Egitasmoak zortzi urte bete ditu sortu zenetik, eta Buiwe eta Mukono eskualdeetako baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen heziketa hobetzen jarraitzen du.

NEIKER-Tecnalia tokiko Cape of Good Hope Orphan Care (COGHOC) GKEarekin dihardu lankidetzan, Ecosan motako komun lehorrak, euri urak biltzeko tankeak, txerri haztegiak, oilategiak eta baratze ekologikoak instalatzen, ekoizpen jasangarriko ziklo bat osatzeko, eskola bakoitzaren baliabideetara egokituta. Proiektuak hainbat erakunderen laguntza dauka, horien artean egonik Ner Group, Lancor S. Coop., Ekin S. Coop., Steilas eta Munduko Landa Foroa.

NEIKER-Tecnaliako laborategietan eskoletako baratzeetako lurra eta komun eta ukuiluetatik datorren konposta analizatzen da, osasungarritasuna segurtatzeko eta ongarrien dosiak kalkulatzeko, eskoletako bertako baliabideak aprobetxatuz.

Ecosan motako komun lehorren bitartez, lehenago zeuden komunen egoera sanitario eskasek eragindako kutsaketak saihestu nahi dira. Horretarako, komun “lehor” berriak eraiki dira. Izenaren oinarrian dago gorozkiek pixarena ez bezalako prozesu bat jarraitzen dutela, hezetasuna murrizteko eta errazago konpostatzeko. Hondakin horiek, gainera, eskoletako sukaldetik datorren errautsarekin tratatzen dira, pH-a igotzeko ea kakaren patogenoak kentzeko. Konpostatu egiten dira eta, higienizazioa zuzena izan dela egiaztatu eta gero (analisi mikrobiologikoak), eskolako baratzerako ongarri moduan balio dute.

Baratzeetan eskola jangeletako dieta dibertsifikatzeko barazkiak ekoizten dira, baita ganaduarentzako artoa ere, eta, ondorioz, kanpoko gastuak nabarmen murrizten dira. Gainera, ikasleek beraiek egiten dituzte komunak, oilategiak eta baratzeak mantentzeko lanak, ingurumen heziketarako diseinatutako planaren barruan. Horri esker, nekazaritza eta abeltzaintza, konpostatze eta higiene pertsonaleko teknika jasangarriak ikasten dituzte, eta eskolako bizi baldintzak hobetzen dira eta, ondoren, baita etxekoak ere. Produktuen salmentarekin lortutako sarrerekin 257 ikaskide berri eskolatu ahal izan dira, haien familiek ezin baitzuten berez eskolako tasa ordaindu.

Bost eskola beregain

Urtero bezala, NEIKER-Tecnaliako Iker Mijangosek ikuskatu du bertatik bertara proiektuaren aurrerapena, zeina dagoeneko beregaina den babestu diren lehendabiziko bost ikastetxeetan: Tom & Margaret Primary School (2011), Maranatha Primary School (2012), Kisimba Muslim Primary School (2013), Kiyindi SDA Primary School (2013) eta Kiyindi Community Primary School (2015), eta, horrenbestez, gaur egun, ekarpen ekonomikoa pentsuak, eskola materiala eta ikaslerik pobreenen eskola tasak ordaintzera mugatzen da, laguntza tekniko agropekuarioa doan emateaz gain.

Aurrerapen horiei esker seigarren eskola bat gehitu ahal izan da, St. Cecilia Primary School, zeinean 2017an Ecosan komunak eraikitzen hasi baitziren, eta 2018an 10.000 litroko tanke bat instalatu dute, euri ura jasotzeko; gainera, akre bateko eskola baratze bat ezarri da (0,5 hektarea inguru), eta lanabesak eta nekazaritza ekologikoko haziak eta trebakuntza tailerrak eman dira.

Datozen hilabeteetan lehen bost eskoletan izandako lorpenak finkatu nahi dira, St. Cecilia Primary Schoolen aurrera egiten jarraitu, eta azken bisitan identifikatu zen ikastetxe bat gehitu -The Good Samarithan Primary School-, inguruan mugikortasun arazoak dituzten ikasleak onartzen dituen bakarra baita.

Proiektuari buruzko informazio gehiago: www.saluganda.org

NEIKER-Tecnaliari buruz

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen ahalegina nekazaritzako elikagaien sektorea berritzera dago bideratuta, hainbat ardatzetan, betiere irtenbide berritzaileak eta transferigarriak emateko, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzako produkzio sistemen lehiakortasuna hobetzeko.

Jarduera horien emaitzek, bestalde, nekazaritzaren sektorean etengabeko hobekuntza eta berrikuntza izaten laguntzen dute; esaterako, ekonomiatik bioekonomiarako konbergentzia lortzeko soluzioak sortzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorean medikamentu eta fitosanitarioen arrazionalizazioa lortzea, datu prediktiboen eta zientifikoki aurreratuen modelizazioa eta tratamendua egiteko tresnak sortzea, edo laboreetako teknikak bilatzea produktu berriak sortzeko, naturalagoak, osasungarriagoak, sentsorialki hobetuak eta tokian-tokian sustraituak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak