Eu

Eusko Jaurlaritzak generoko fiskalitatean eragiteko Ekonomia Itunak duen ahalmena nabarmendu du

2019.eko martxoak 01
  • Ehun pertsona baino gehiago bertaratu dira Euskadiko Zerga Koordinaziorako Erakundeak Vitoria-Gasteizen antolatutako “Genero Ikuspegiko Politika Fiskala” jardunaldira.
  • Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak bisita instituzional bat aurreikusi du genero-ikuspegiko aurrekontugintzan sakontzeko.
  • Ekonomia eta Generoko itzal handiko hizlariak izan dira bertan, adibidez, Ángela O’Hagan, Glasgowko Caledonian Universityko Berdintasuna eta Politika Publikoko irakaslea.

Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordeak, Izaskun Landaida Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarekin batera, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Erakundeak antolatutako “Genero Ikuspegiko Politika Fiskala” izenburuko jardunaldia ireki du, zerga-politikak genero-ikuspegiaren bitartez hobetzeko helburua duena, eta ehun pertsonatik gora bertaratu dira.

Agirrek gogorarazi du arautzeko gaitasuna duen bertako zerga-sistema berezia edukitzeak, Ekonomia Itunak, erantzukizun gehigarria ematen digula politika fiskalak diseinatzeko orduan. Itun horrek atzo bete zituen, hain zuzen, 141 urte. “Fiskalitatea ez da neutrala, eta Euskadin haren gainean eragiteko gaitasuna dugu”. Itziar Agirrek gehitu du “politika fiskalek, pertsonak lan-merkatuan sartzeko, familia- eta lan-kontziliaziorako, eta abarretarako” balio behar dutela.

Ogasuneko sailburuordeak adierazi duenez, aurrerapauso handiak eman dira genero-ikuspegia eta sexuaren araberako datu fiskal banakatuak dituzten aurrekontuak ezartzeari begira, baita genero-inpaktuko txostenetan ere, baina artean lana geratzen da egiteko; beraz, jarraitu egin behar da fiskalitateko genero-alderdien eta informazio banakatu egokia biltzearen inguruko ikerketa sustatzen.

Bukatzeko, Itziar Agirrek gogora ekarri du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planak XI. legegintzaldirako berdintasun-gaietako agenda politikoa biltzen duela, eta anbait ekintza-esparru guztietarako oinarrizko plan eta plan zuzendari gisa balio duela, tartean dela ere Ogasun eta Ekonomia Saila. Sail horrek bere Berdintasun Plana du, genero-ikuspegitik politika fiskalaren azterketa sustatzeko.

Arlo horretan, Agirrek bi ekintza oso zehatz nabarmendu ditu: kontratazio publikoan berdintasunerako gizarte-arloko klausulak ezartzea, eta genero-ikuspegiko aurrekontuei lotutako topagune eta bilkuretan parte hartzea.

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, bestetik, politika publikoetan genero ikuspegia txertatzea guztiz beharrezkoa dela gogoratu du erabakien eraginak berdintasunean oinarrituta egon daitezen. "Politika fiskala tresna garrantzitsua da gure gizartean dagoen emakume eta gizonen arteko berdintasun eza murrizten joateko", esan du.

Islandiako bisita instituzionala (martxoaren 21-22a)

Aurrekoaren ildo beretik, Agirre sailburuak iragarri du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak bisita egingo duela luze gabe Islandiara, martxoaren 21 eta 22an, esperientziak partekatzeko eta genero-ikuspegiko aurrekontugintzan sakontzeko. Azpiazu sailburuak herrialde horretako askotariko maila instituzionalekin egingo ditu bilkurak.

Islandiak betetzen du Munduko Ekonomia Guneko Genero Arrakalaren Munduko Tasako lehen postua, sailkatutako 144 herrialdeen artean. Hor hasi ziren genero-ikuspegiko aurrekontuak lantzen 2009an eta, ordudanik, konpromiso irmo horri eutsi diote, aurrekontuak ikuspegi horretatik aztertuz.

Islandiako Gobernuak bitarteko berezi bat sortu du administrazioan berdintasuna bultzatzeko, eta gai horretan erreferentziazkoa bilakatu da mundu osoan, bere ibilbide eta lorpenengatik.

Hain zuzen, langile-zerrendan 25 pertsonatik gora dituzten enpresa pribatuetan zein publikoetan, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala legez debekatu duen lehendabiziko herrialdea da (2018), zigorrak ezarriz eta enpresei soldata-berdintasuneko ziurtagiri bat exijituz.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, hamar urte darama genero-ikuspegiko aurrekontuak lantzen, politika publikoen eraldaketa bultzatzearren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburu orokorra zeharkakotasunez sar dezaten.

Gobernu Programan konpromiso politiko bat dago, 2020-2030 Estrategian, Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta; helburuon artean, izan ere, “Genero Berdintasuna” da 5. zenbakiko puntua. Gainera, EAEko VII. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planak “aurrekontuetan genero-ikuspegia sartzea” zehazten du gobernu onerako helburu gisa.

Euskadin, probako bi esperientzia egin ziren aurrekontuen azterketa partzialen bidez (1999-2002 eta 2010-2012) eta, 2009tik aurrera, genero-eragineko txostenak sistematikoki egin dira aurrekontu orokorren gainean. Emakundek, bere aldetik, bere egiaztapen-txostenak egiten ditu. Egun, aurrekontuaren % 99,87k genero-osagaia hartzen du kontuan, eta aurrekontuaren % 96an, adierazgarritasun handia eta ertaina du.

Genero-eraginaren azterketa administrazio-prozedura arruntera gehitu da aurrekontu orokorrak prestatzeko orduan. Sail eta erakunde autonomo guztiek beren aurrekontu-programak aztertu behar dituzte, eta Ogasun eta Ekonomia Sailari horien berri eman.

Eusko Jaurlaritzaren apustua da Euskadi genero-berdintasunean Europako lehen 4 herrialdeen artean kokatzea, eta bilatzen da, halaber, politika publikoak hobetzea, genero-ikuspegia sar dezaten, aurrekontu-prozesuaren maila guztietan genero-zeharkakotasunaren kontzeptua aplikatuz.

EZKOk 30 urte

EZKO, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek osatzen dute, eta 30 urte beteko ditu aurten. Horregatik, jardunaldi hau antolatu du, genero-ikuspegitik gure zerga-sistema aztertzen jarraitzeko, horretarako gaian adituak diren pertsonen iritzia bilduz, ondorengoena: Ángela O´Hagan, Glasgowko Caledonian Universityren berdintasuna eta politika publikoko irakasle titularra, Paloma De Villota, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakasle titularra eta Genero Ikasketen Katedraren sortzailea 1999an, Ekonomia Zientzietako doktorea eta Politika Fiskal eta Aukera Berdintasun gaietako aholkularia.

Hiru ponentzietako bakoitzari sarrera bana egin diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundiek, Teresa Viguri, José Rubí eta Bittori Zabalak ordezkatuta, hurrenez hurren.

Jardunaldian, askotariko alderdiak landu dira, adibidez, maila askotako gobernuen zerga-politiketako genero-gaien azterketa: Erresuma Batu Gobernuko eta Eskoziako esperientzia, PFEZ genero-ikuspegitik eta Zuzeneko zein Zeharkako Zergapetzetik, eta Irabazi Fiskalei buruzko eztabaida genero-ikuspegitik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak