Berriak Osasuna
Eu

Euskadik erizaintzako zainketen jardunbide egokien “BPSO” nazioarteko programaren eskualdeko zentro koordinatzaile izateko aukera du

2019.eko urtarrilak 28

Euskadi erizaintzako zainketen jardunbide egokien “BPSO” (Best Practices Spotlight Organizations) nazioarteko programa entzutetsuaren eskualdeko zentro koordinatzaile izateko aukera duen hiru autonomia-erkidegoetako bat da.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan da, gaur, Bilbon, “host” autonomiko hori eratzeko hautagaiak izendatzeko ekitaldiko buru; guztira Osakidetzako hamaika osasun-erakunde lehiatuko dira.

Euskal osasun publikoak lankidetzan ziharduen, aurretik ere, nazioarteko programa horretan, baina orain beste urrats bat gehiago emango du bere inplikazioan; izan ere, BPSO programaren barruan ekimen aitzindari horren buru izateko eskatu da. Estatuan Asturias eta Balearrak baino ez dira lehiatuko.

Jon Darpón sailburuak Osakidetzako Erizaintzako profesionalen aurrean nabarmendu duenez, Euskaditik programa koordinatzeko aukeraren bidez, “gure erakundeetara zabaldu ahalko da eta zentroen sarea ehundu ahalko da, zainketen bikaintasunean sakontzeko. Betiere, unibertsaltasunaren eta ekitatearen printzipioei jarraikiz eta programaren hiru oinarrien arabera: ezagutza zientifikoa, profesionalen artean ezartzea eta pazienteetan izandako emaitzak ebaluatzea”, esan du.

Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie Osakidetzako erizainei, programa honetan izan duten inplikazioagatik eta “berrikuntzarekin eta osasun-sistemarekin” duten konpromisoagatik, “baina, batez ere, pazienteekin eta euskal gizartearekin” duten konpromisoagatik. Aldi berean, berriz ere aldarrikatu du Erizaintzak osasun-sisteman eta osasun-sistemarako duen ezinbesteko lana, eta erizaintzak merezi duen protagonismoa izateko Osasun Saila egiten ari den lana aipatu du; horretarako, erizaintzako rol berriak eta erizaintzako zainketen praktika hobetzeko estrategiak ezartzen ari da.

 

Bilbo, 2019ko urtarrilaren 28a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko