
Lide Amilibia: “BherriLab-en bidez, kolektiboan hausnartu dugu eta ezagutza eta esperientzia partekatu ditugu”
- BherriLabek herritarren laborategi bat abiarazi du espazio publikoen kudeaketa komunitarioaren inguruan
- Ekimenean administrazio publikoko eta herritarren ekimenetako 170 pertsona baino gehiago batu dira
- Gobernu Irekirako Aliantzarekin (Open Government Partnership) bat egiten du; Euskadi bertan dago murgilduta
Donostia / SS, 19 01 28
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, honako hau azaldu du: “BherriLaben bidez, kolektiboan hausnartu dugu eta ezagutza eta esperientzia partekatu ditugu”. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako ekimen honen hirugarren eta azken saioan, honako hau azaldu du: “BherriLab herritarren laborategia izan da eta helburua izan da gai zehatz baten inguruan egon daitezkeen galderetarako erantzuna aurkitzea eta horren inguruko eragileek horren inguruan jarduteko aukera izatea. Azken batean, topaketarako esparrua da”.
BherriLaben lehen edizio honetan, administrazio publikoko eta herritarren eta adituen ekimenetako 170 pertsona baino gehiagok parte hartu dute egin diren hiru saioetan, bat lurralde bakoitzeko. Gaur hirugarrena izan da, Donostia / San Sebastiángo Uliako Lore-Baratzak-en instalazioetan.
BherriLabek Gobernu Irekirako Aliantzarekin (Open Government Partnership – OGP) bat egiten du; Euskadi bertan dago murgilduta. Ekimen horren bidez, gobernu irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekin sentiberagoak sustatzeko mekanismoak garatu nahi dira.
Zehazki, herritarren laborategi honek, edizio honetan, Euskadiko espazio publikoen kudeaketa komunitarioari heldu dio. “Ikuspegi sozialetik, ongi gauzatutako kudeaketa komunitarioak integrazioa, inklusioa eta erantzunkidetasuna hitz huts gisa baliatzen ez dituzten proiektuak ekar ditzake. Azken batean, gure gizartearen kohesiorako bide eman dezakete”, esan du Amilibiak.
Hiru saioetan, 170 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, eta lau eremuren inguruan lan egin dute: esparru juridikoa, lankidetza, lagapen-irizpideak eta gobernamendu-mota honen ondoriozko behar eta eskariei arin erantzun ahal izateko baliabideei forma emateko ebaluazio-adierazleak. Ondorio nagusiak eta herritarren partaidetzari buruzko txostena honako web-orri honetan deskarga daitezke: www.bherria.eus/bherrilab.
BherriLab ekimena, ‘Bherria. Herritartasun berrirako agora’ programari jarraipena emateko sortu da; gizarte-berrikuntzako prozesua da, herritarrek parte hartzeko eta gizarte-ekintzako egungo esperientzietatik abiatuta hausnarketarako eta ikaskuntzarako topalekuak eraiki daitezen sustatzeko.
Bherria programa
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluarekin lankidetzan, ‘Bherria. Herritartasun berrirako agora’ programa jarri zuen martxan. Ekimen horren bidez, Euskadin administrazio publikotik partaidetzari eta boluntariotzari lotutako balioak sendotuko dituzten bide eta proiektu berriak aztertu nahi dira. Proiektu “handia eta berritzailea” da, sailburuordearen hitzen arabera, eta, horren bidez, herritartasun aktiboekin lankidetzan, gure gizartea hobetzeko estrategiei buruz hausnartu, mintzatu eta eztabaidatu nahi da. Eusko Jaurlaritza Bherriaren bigarren edizioaren azken ukituekin ari da.
Lehen esperientzian jasotako gako nagusien ondorioz, Bherria Dekalogoa sortu zen, lankidetza publiko-sozialerako eta herritartasun aktiboa sustatzeko testua. Dekalogo horren zortzigarren puntuak administrazioaren “kode burokratikoa irekitzeko” modua du erdigune, eta espazio publikoen kudeaketa komunitarioaren erronkari heldu dion lehen herritarren laborategi honetarako erreferentzia izan da.
Bherria izena euskaraz Berria eta Herria terminoen arteko hitz-jokoa da. Web-plataforma du (www.bherria.eus) eta, bertatik, informazioa jaso eta prozesuaren beraren jardueraren eta sare sozialen –Facebook eta Twitter– segimendua egin daiteke; horrela, elkarrizketak, egiaztapenak eta hausnarketak espazio digitalean jarraitu daitezke.
-
2019-01-28
Comentario de Twitter:
RT @EnpleguGizaEJGV: ✳️ Hoy ha tenido lugar la tercera y última sesión de #BherriLab 🔗 https://t.co/ZxcqOPxmmA 🔗🗣 Lide Amilibia, vicecons…