Eu

Ander Añibarro: “2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programan izena emateko epea otsailaren 6an amaituko da”

2019.eko urtarrilak 26

 

VG 26 01 19

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak 1989aren eta 1997aren artean jaio diren euskal gazteak 2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko hautaketa-prozesuan izena ematera animatu ditu; otsailaren 6ra arte egongo da izena emateko epea zabalik. Bostehun bat hautagaitza aukeratuko dituzte Amerikan, Asian eta Afrikan lan egiten duten garapenerako gobernuz kanpoko 22 erakundek, Arabako Barriako aterpetxean egingo diren topaketetan. Horietatik, ehun aukeratuko dira.

 

“Helburu nagusia Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetzako ekintzetan sentsibilizatzea da, eta euskal gazteetan herri eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea. Horretarako, hautatzen diren pertsonek zuzenean parte hartuko dute garapenerako lankidetza-ekintzetan Amerikako, Asiako eta Afrikako herrialdeetan, eta, horrela, “in situ” ezagutuko dute ekintza horien garapena”, esan du Añibarrok. 

 

Añibarrok honako hau zehaztu du: “esperientzia hiru hilekoa izango da, uztailetik urrira bitartean, eta eskatzen diren profiletan, betiere GGKEek aurkeztu dituzten proiektuen beharren arabera, honako hauek balioetsiko dira: Medikuntza, Erizaintza, Irakasle Ikasketak, Gizarte Hezkuntza, Psikologia, Pedagogia, Logopedia, Informatika, Web Diseinua, Ikus-entzunezkoak, Kazetaritza, Komunikazioa, Marketina, Argazkigintza, Arte Ederrak, Musika, Ingeniaritza Zibila, Ingeniaritza Energetikoa, Industria Ingeniaritza, Agronomia Ingeniaritza, Energia Berriztagarriak, Ingurumen Zientziak, Gizarte Zientziak, Politika Zientziak, Landa Garapen Jasangarria, Jostura, Diseinua, Jantzigintza, Jarduera Fisikoak eta Kirola, Nutrizioa, Gastronomia eta Gozogintza, Kontabilitatea, Ingelesa eta Frantsesa.

 

Programa Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatu dute, Euskadiko eta xede-herrialdeetako garapenerako GKEen lankidetzarekin. Gastuak Eusko Jaurlaritzaren kargura dira: joan-etorriko bidaia egiteko gastuak, xede-herrialdean garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarri artekoak, bisatua eta erantzukizun zibilaren, istripuen eta bidaiako laguntzaren poliza.

 

Izena ematea eta eskakizunak

 

Inprimaki elektronikoan identifikazio-datuak, prestakuntza akademikoaren ingurukoak eta lan- eta boluntariotza-esperientziari buruzkoak aipatu beharko dira.  2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programan parte hartzeko eskakizunetako batzuk honako hauek dira: 1.- Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea, oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik, edo euskal herritarraren baldintza politikoa betetzea, Autonomia Estautuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. 2.- 1989aren eta 1997aren artean jaio izana, biak barne. 3.- Jardueraren xede-helmuga den herrialdeko nazioarteko hizkuntza ezagutzea. 4.- Adingabeekin harremanetan egotea dakarten jarduerak dituzten proiektuen kasuan, sexu-delituengatik kondenatua egon ez izana. 5.- Ezingo dute deialdi honetan aurreikusitako laguntzetara jo administrazio- edo zigor-arloan zehapena jasan dutenek. 6.- Dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen esparruan hasita, oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitu beharko da.

 

Konpromisoak

Garapenerako lankidetza-ekintzetan sartzeko, aurretik, Gazteria Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentuaren bidez, hautatutako pertsona bakoitzak honako hauetarako konpromisoa hartu beharko du: xede-herrialdean esperientzia hasi aurretik, prestakuntza-fasean parte hartzea; hura dagokion GGKE tutorearen kardura izango da.     Esleitutako ekintzaren ondoriozko bizi-baldintzetara egokitzea.     Xede-herrialdean esperientziaren iraunaldia amaitu arte geratzea.     Dagozkion osasun-gomendioak betetzea.     Esperientzia amaitzean, garapenaren balorazio-txostena aurkeztea, bai eta behatutako ekintzari buruzkoa eta bete beharreko beharrizanei buruzkoa ere, urte batzuk geroago proiekturik garatzen bada baliatu ahal izateko.     Programaren eta esperientzia guztien garapenari buruzko ebaluazio-jardunaldietan parte hartzea, dagokion urteko programa amaitu ondoren.     Urtebetez, GGKEetatik eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziatik eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzatik antolatzen diren sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko disponibilidadea izatea, eta dagokion GGKE tutoreari gutxienez 30 ordu eskaintzeko beharra, 30 eguneko epean, kooperantea iritsi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

 

Euskadiko kooperanteen taldeak hiru hilabetez partaide izango dituzten jardueretan, honako eginkizun hauek izango dituzte: ura eta saneamenduak hornitzea, haurrei irakastea, emakumeak ahaldundu eta prestakuntza ematea, azpiegitura, osasun-prestakuntza, adinekoei arreta ematea edo irakaskuntza-zentroak prestatzea. GGKEen proiektuen helmugako herrialdeak honako hauek izango dira: Kolonbia, Peru, Filipinak, Guatemala, Honduras, Bolivia, Ekuador, India, Haiti, Senegal, Mozanbike, Kamerun eta Mexiko.

 

Neska-mutil horiek ia 700 pertsona artean hautatuko dira, zenbait asteburuz Arabako Barria udalerrian proiektuen arduradun diren GGKEekin zenbait topaketa egin ondoren.

 

Eusko Jaurlaritzak babestutako laguntza-proiektuak antolatzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak honako hauek dira: Edex Centro de Recursos Comunitarios, Hermanas Pasionistas, Serso San Viator de Euskal Herria, Foro Rural Mundial, Fundación Ayuda Más, Xenofobiaren Aurka Taldea, Berdinak gara, Solidaridad Internacional, Haurralde Fundación,  Arquitectos sin Fronteras, Fundación Benito Menni, Medicus Mundi Bizkaia, Ayuda en Acción, Hegoaizia, Asociación Africanista Manuel Iradier, Taupadak, Mozambique sur, Juan Ciudad Fundazioa GGKE eta Fundación Jóvenes y Desarrollo.           

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak