Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Euskal Osasun Publikoren Gobernu Ona

2011.eko martxoak 07

1. Planteamendu estrategikoak euskal osasun publikoaren gobernu onerako.

 

  • 1.1. Euskal Autonomia Erkidegoa osasun publikoaren gobernu onerako erreferentziazko erkidego bihurtzea, bai Osasun Sistema Nazionalean bai osasun-sistema publiko integratuak dituzten Europar Batasuneko eskualdeen artean ere.
  • 1.2. Europako Kontseiluak emaniko gomendioak erreferentziatzat harturik, euskal osasun publikoaren gobernu onerako bidea etika publiko demokratikoko balioetan oinarritzea. Hor sartzen dira oinarrizko balioak (giza eskubideak, legeak betetzea, demokrazia), osasun publikoaren oinarri diren printzipioak (unibertsaltasuna, zuzentasuna, elkartasuna) eta gobernu onaren berariazko ezaugarriak (kontuak ematea, gardentasuna, erantzukizuna, partaidetza, eraginkortasuna, kalitatea, segurtasuna, beharrei erantzutea eta herritarren eskariak eta itxaropenak).
  • 1.3. Kontratu sozial berri bat sustatzea kalitatezko osasun publikoa eta euskal gizartearen sektore guztietarako (alderdi politikoak, profesionalak, gizarte- eta ekonomia-eragileak, pazienteak eta herritarrak) eraginkorra izango dena izateko. Erreferente partekatu komun gisa gobernu onaren balioak, printzipioak eta ezaugarriak hartuko dira, eta horiek oinarri hartuta akordioak eta adostasunak bilatuko dira joko demokratikoaren arauen inguruan osasun publikoa gobernatu eta kudatzeko, gobernuan dagoena edozein dela ere.
  • 1.4. Gobernu Onaren balore eta printzipio partekatuak kontutan harturik, euskal osasun publiko guztiaren antolakuntza eta funtzionamendua berriz diseinatzea, hain zuzen ere honako hauek: Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzua (Osakidetza/EOZ) eta bere erakundeak (ospitaleak, eskualdeak...) eta Osasun Publikoko zerbitzuen sarea.
  • 1.5. Osasun publikoa indarberritzea, osasunaren prebentzioa, babesa eta sustapena bultzatuz, eta osasun ona eta osasunari lotuta dagoen bizi kalitatea Euskadiko politika publikoen lehentasun nagusienetarikoa bihurtzea.
  • 1.6. Osasun zerbitzuak kalitate, eragingarritasun eta eraginkortasun maila altuagoetara bideratzea, bereziki kontutan izaki gaixo kronikoentzako arreta eta osasun eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazio eraginkorra.

2. Euskal osasun publikoaren Gobernu Onerako planteamendu estrategikoak 10 konpromisotan zehaztea.

 

  • 2.1. Kalitate, eragingarritasun eta eraginkortasun gehiagorekin erantzutea, osasun alorrari dagokionez, pazienteak eta herritarrak azaltzen dituzten beharrei, eskariei eta lehentasunei. Horrela, osasunaren planifikazioa, gidaritza eta kudeaketa egingo da kontutan izaki herritarrak eta pazienteak direla osasunaren benetako jabe, jasotzaile eta epaile.
  • 2.2. Exijentzia horri ondoren agertzen diren neurriak aplikatuz erantzutea: informazioa eskuratzeko eta informazio-gardentasunerako ahalik eta aukera gehien izatea, bai eta hautatzeko eta kontrolatzeko ere, eta bereziki, zaharrak, gaixo kronikoak, buru-gaixotasunak eta, oro har, mendekotasunen bat dutenak artatzeko zerbitzu bereziak garatzea,eta gizarte zerbitzuekin ondo koordinatzea. Halaber, elkartasun eta gizarte-justiziaren alorreko arrazoiengatik nahiz osasun publikoaren kalitate eta eraginkortasun erabakigarriari laguntzeko beharrezko sistema soziosanitarioa eraikitzea.
  • 2.3. Osasunarekiko ardura Osasun eta Kontsumo Saila zein Osakidetza/EOZ baino haratago eramatea, eta prebentzioa, babesa eta osasunaren sustapena politika publiko guztietan nahiz Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetan sartzea, eta horretarako, foru aldundi, udal eta gizarte erakunde guztien konpromisoa eskuratzea.
  • 2.4. Osakidetza/EOZren maila guztietan osasun zerbitzu publikoen gobernu onari dagozkion balore eta printzipioak aplikatzea. Horretarako, Osakidetzaren gaur egungo antolaketa-, gobernu- eta kudeaketa-sistema aztertuko dira, eta bere egitekoari behar bezala erantzuteko, zentro korporatiboari eta erakundeei beharrezkoa duten autonomia emango zaie, zerbitzua kalitatez eta eraginkortasunez eskain dezaten. Hori guztia lortzeko, besteak beste, honako hauek erraztuko dira: berrikuntza eta esperientzia pilotuak garatzea, erreformak probatzeko eta ebaluatzeko; bikaintasun profesional eta ez ohiko dedikazioa saritzeko zein suspertzeko gaitasuna, bai eta ez-betetzeak zehatzeko ahalmena ere.
  • 2.5. Osakidetza/EOZren erakunde guztietan kide anitzeko organoak ezartzea; "Gobernu Kontseiluak" izena ematea proposatzen dugu organo horiei. Administrazio kontseiluen funtzioak izango dituzte, hori baita erakundearen gorengo autoritatea, eta horri erantzun behar dio zuzendari kudeatzaileak. Erakundearen egitekoa betetzeko agindua du, eta osasun-zerbitzu publikoan herritarren interesak zaindu behar ditu, indarrean dagoen arautegia, aurrekontuak eta osasun-agintarien eta Osakidetza/EOZ erakunde publikoaren organo korporatibo nagusiaren esanak betez eta betearaziz.
  • 2.6. Funtzio kudeatzailea profesionalizatzea, eraginkorragoa izan dadin, eta legitimitate eta autoritate handiagoa izan dezan. Zuzendari kudeatzaileak eta kargu exekutibo guztiak, goi-zuzendaritzakoak, erantzukizun klinikoa edo kudeatzailea dutenak lehia publikoko prozeduren bidez, gobernu-kontseiluen parte hartzearen bidez, eta, hala badagokie, beharrezko aholkularitza profesionala izanda hautatu eta izendatu behar dira.
  • 2.7. Osakidetza/EOZn jardunbide egokien eta etika profesionalaren kultura sustatzea, maila guztietan (gobernua, kudeaketa, praktika klinikoa), eta horretarako, osasun-arduradun eta -profesional guztientzat (gobernu-kontseiluetako kideentzat, kudeatzaile exekutiboentzat, unitateetako arduradunentzat, klinikoentzat eta abar) arau eta jokabide-kode espezifikoak bultzatzea, zenbait kasutan exijitzea eta betearaztea. Era berean, arreta berezia jartzea interes-gatazken prebentzioari, eta ardurak betetzean eredu izateko etikari; hori guztia, gardentasunez eta kontuak emanez, osasun-zerbitzu onenen eta erantzukizun sozial korporatiboko nazioarteko erreferenteen adibideari jarraituz.
  • 2.8. Prozedurak ezartzea osasun publikoko maila guztietan erabakiak informazio egokia izanda, modu gardenean, kontsulta daitekeen eran eta herritarren, politikarien eta adituen parte hartzea izango dutela har daitezen, arauen kalitatea hobetu dadin. Horretarako, besteak beste, neurri hauek hartuko dira erabaki garrantzitsuak hartzeko: liburu zuriak edo txostenak, edonork kontsulta ditzakeenak. Horietan, arazoak, alternatibak eta proposatutako politikak analizatuko dira, modu publikoan eta gizarte osoaren kritikak eta ekarpenak jasotzeko moduan.
  • 2.9. Gardentasuna bihurtzea euskal osasun publikoak gobernu onaren printzipioekin duen konpromiso nabariena, eta kontuak ematen direla eta gizarte, politika eta herritarren parte hartzea bultzatzen dela "lehenespenez" egitea publiko, eta eskura dagoen informazio guztia, beti ere datu pertsonalak agerian uzten ez baditu, interneten eskuragarri eta erabilgarri jartzea.
  • 2.10. Medikuak eta osasun-profesional guztiak aktiboki inplikatzea osasun publikoaren iraunkortasunean, osasun politikak egiten, kudeaketan eta erabakiak hartzean, partaidetzako eta aholkularitza profesionalerako egitura eraginkorrak sustatuz edo sortuz, bai eta profesionalen erakundeak indartzea ere, XXI. mendeko medikuntzaren beharrei eta erronkei erantzuteko.

3. Kudeaketaren alorreko jardunbide egokiak, euskal osasun publikorako.

 

  • 3.1. "Makro" mailan (sistema osoa, inguru politikoa, legala eta soziala, Osasun eta Kontsumo Saila, Osakidetza/EOZren erakunde korporatibo nagusia), gobernu onaren printzipioek eta balioek zehazten dituzte osasun-zerbitzu publikoen gobernu, antolaketa eta funtzionamenduko "jardunbide egokiak", bai eta erreferentziazko osasun-sistema publiko integratuen esperientziak ere (Eskandinaviako herrialdeak -Suedia, Finlandia, Norvegia, Danimarka-, Erresuma Batua eta Zeelanda Berria). Horrek guztiak gomendatzen du:

 

  • Administrazio publikoan eta osasunean gobernu ona izatea posible egiten eta laguntzen duten printzipioak eta baldintzak izateko adostasun politiko eta sozial ahalik eta handiena lortzeko lan egitea. Konpromiso partekatu horrek, euskal osasun publikorako duen ageriko garrantziagatik, eduki behar luke politikoki neutrala, profesionala eta egonkorra den osasun-administrazio bat, maila ertain eta altuan (zuzendaritza publiko profesionala).
  • Osasun sailburuaren eta Zuzendaritza Politikoko Sailaren zeregina indartzea, orientazio estrategikoa izatea eta euskal osasun publiko osoaren gobernurako helburu orokorrak ezartzea, eta zeregin hori Osakidetza/EOZren Administrazio Kontseiluari, zuzendaritza-organoei eta erakundeei (eskualdeak, ospitaleak eta abar) eskuordetutakotik bereiztea.
  • Etika publikoko kultura politika demokratikoa aktiboki sustatzea, honako hauek erraztuko, eta, hala bada, horretara behartuko duten arauak eta jokabide-kodeak izanik: (a) gardentasun handia eta kontuak ematea erakunde eta jarduera guztietan, (b) interes-gatazka, iruzur edo ustelkeria mota guztiak aitortzea eta prebenitzea, (c) erabakien berri ematea, justifikatzea eta azaltzea, eta erabaki garrantzitsuak hartu aurretik txosten publikoak (liburu zuriak), herritarrek eta adituek kontsultatzeko aukera dutenak egitea, (d) pazienteei negatiboki eragin diezaiekeen gatazkak prebenitzea, desadostasunak arbitraje-formulekin konponduz, (e) lan-baldintzetan, gizarteko beste sektore batzuen aldean, arrazoirik gabeko pribilegioak baztertzea, eta beti interes publikoa babestea.
  • Osakidetza/EOZak bere zeregina betetzeko beharrezko autonomia izan dezan, beharrezko arauak eta mekanismoak egokitzea edo garatzea. Autonomia hori bi noranzkotan bultzatu behar da: batetik, Osakidetza, Administrazio Orokorraren aldean, eta, bestetik, erakundeak (ospitaleak, osasun-eskualdeak eta abar) Osakidetza/EOZren erakunde nagusi korporatiboaren aldean. Osasun-zerbitzu modernoen berezitasunak eta konplexutasunak aholkatzen du osasun-zerbitzuek antolaketa- eta arau-esparru propioa izan behar dutela, enpresa publiko batek duenaren antzekoa; horixe geratzen da nazioarteko erreferentziazko osasun-sistema publiko integratuak dituzten herrialdeetan.
  • Gardentasun-arauak ezartzea (informazioaren berri ematea eta informazioa eskuratzea, sistema ireki eta eskuragarriak, urteko txosten estandarizatuak, errendimendu-, ekoizpen- eta kalitate-adierazle komunak, kostuak, ratioak eta abar), euskal osasun publikoari buruzko informazio guztia eskuratzeko modua izan dadin, eta Osakidetza/EOZren (zerbitzu klinikoak, ospitaleak, eskualdeak eta abar) erakundeen arteko ebaluazio konparatua egin dadin eta onenak gailendu daitezen.

 

  • 3.2. "Meso" mailan (Osakidetza/EOZren erakundeak -ospitaleak, eskualdea eta abar-) osasun-zerbitzu publikoen gobernu, antolaketa eta funtzionamenduaren alorreko "jardunbide egokiak" "makro" mailan (sistema osoa eta horren inguru politikoa, legala eta soziala) daudenen ondorio dira, neurri handi batean, baina badituzte berariazko alderdi batzuk, zeinak, besteak beste, atal handi hauek barne hartzen dituzten:

 

  • Gobernu- eta kudeaketa-organoak. Horien diseinua eta funtzionamendua gobernu onaren balio eta printzipioen arabera egin behar da, eta kontuan hartu funtzionatzen duenaren ebidentzia enpiriko onena. Horrek esan nahi du gobernu-kontseiluak sortu behar direla eta profesionalki kudeatu. Gai horrek, garrantzi estrategikoa duelako eta berezia delako, bere atala du txosten honetan.
  • Herritarrei eta pazienteei zerbitzuak ematea. Osasun-antolaketaren izateko arrazoi dira; zerbitzu horien eraginkortasuna eta emaitzak praktika klinikoaren kalitatearen mendeko dira, eta praktika klinikoa osasun-langileen balioen eta profesionaltasunaren mendeko, bai eta kudeaketa-kulturaren eta erakunde-zerbitzuaren mendeko ere. Era berean, hori guztia osasun-sistema osoaren eta sistema horren osagai bakoitzaren gobernu onaren mendeko da kritikoki. Aholku-batzorde honen mandatuak ez du bere barnean hartzen euskal osasun publikoak ematen dituen zerbitzuak aztertzea, baina garrantzitsua da jasota uztea zerbitzuen kalitatearen eta eraginkortasunaren eta gobernu onaren balio eta printzipioak onartzearen artean dagoen erlazio estua.
  • Jardunbide egokiak barne-antolaketan eta -funtzionamenduan. Beste osasun-sistema batzuen eta nazioarteko zentro onenen esperientziak bermatzen du internet eta intranet-eko orrialdeetan Osakidetza/EOZren eta horren zentroen arau guztien zerrenda-biltegia izateko gomendioa, eta "jardunbide egokien" direktorio zehatza egitea, eta prozedura guztiak (policies and procedures) arautzen dituena ere bai. Katalogo horrek bere zeregina bete dezan, besteak beste, komeni da etengabe eguneratzea, eta bertako arau bakoitzak arduradun bat izatea, segimendua egiteko eta aurretik ezarritako egunean gaurkotzeko, eta babes instituzional osoa izatea jardunbide egokien erreferente den aldetik.

4. Gobernatzeko kide anitzeko organoak (Gobernu Kontseiluak) Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuko erakunde guztietan.

 

  • 4.1. Osakidetza/EOZko erakunde guztiak (Ospitaleak, Eskualdeak etab.) kide anitzeko organoen bidez -Gobernu Kontseiluak- gobernatuko dira; eta Osasun sailburuak, Gobernuaren eta Parlamentuaren aurrean osasun publikoko goreneko erantzukizuna duenak, bere ardurapeko lanak ahalik eta ondoen egiteko, bere agintaritza eta zereginak, partzialki, Gobernu Kontseiluko kideengan eskuordetuko ditu, konfiantza horiengan jarriz; horregatik, sailburuari dagokio horiek izendatzea (beren erakunde-jatorria edo "ordezkaritza" edozein dela ere), zuzenean edo Osakidetza/EOZko Administrazioko Kontseiluaren bidez, bera bertako lehendakari baita.
  • 4.2. Gobernu Kontseilu horiek Osakidetza /EOZ erakunde publikoko agintaritzaren ordezkari izango dira bere erakundeetan, eta horien aurrean eman beharko dituzte kontuak zuzendari kudeatzaileek.
  • 4.3. Beraien eskumen eta erantzukizunek Patronatuei eta Administrazioko Kontseiluei dagozkienen antzekoak izan beharko dute. Horretarako, Osakidetza/EOZko korporazio-markoaren barruan, eskumenak edukiko dituzte gobernatzen dituzten erakundeen antolaketa- eta funtzionamendu-arlo guztietan, funtzionatzeko modua arina eta eraginkorra izateko adina autonomia edukiko dutela -eskumen horiek erakundeko zuzendari kudeatzaileek, soilik, bete ahal izango ditu-. Erantzukizun hauek edukiko dituzte: (1) antolaketa-estrategia definitzea, (2) horren emaitzak kontrolatu eta ebaluatzea, (3) tokiko beharrei buruzko arreta ziurtatzea, herritarrak eta osasun arloko profesionalak kontuan hartuta, (4) ondo gobernatzeko arauak aplikatuko direla bermatzea, (5) zuzendaritza-taldea izendatzen parte hartu, bere emaitzak ebaluatu eta bere ezeztapena proposatzea, eta (6) erakundearen gobernu klinikoak (arretaren kalitatea eta segurtasuna) egoki funtziona dezan zaintzea.
  • 4.4. Osakidetza/EOZren erakundeetako Gobernu Kontseiluko kideek zerbitzatzen duten Kontseilua zein erakunderi dagokion, erakunde horretako misioaren mandataritza edukiko dute eta hori betetzeko konpromisoa beregain hartuko dute, herritarren interesak zaintzeko osasun zerbitzu publikoari dagokionez; horretarako, indarrean dagoen araudia, aurrekontuak, Osasun eta Kontsumo Sailaren politika eta osasun-helburuak beteko eta betearaziko dituzte, baita Osakidetza/EOZko korporazio-organo zentralaren jarraibide eta argibideak ere.
  • 4.5. Kontseiluen osaketetan, hiru kide mota bereiztu beharko lirateke: (1) kide korporatiboak edo barrukoak, hots, Osakidetza/EOZkoak edo Osasun eta Kontsumo Saileakoak: Kontseiluetan duten zeregina korporazio-ildo estrategikoak eta horien arau eta jarraibideak kontseilu horietara eramatea izango litzateke, bai Osakidetza/EOZ guziko orokor eta arruntak, bai erakunde bakoitzerako berariazkoak; (2) Osakidetza/EOZko erakundeek zerbitzatzen duten tokiko biztanleria ordezkatzen duten kideak, horregatik, udalek proposaturiko zinegotziak izan beharko lukete; eta (3) Kontseiluko kide modu pertsonalean, gizabanako gisa izango direnak, erakundea gobernatzeko eskain dezaketenagatik izendatuak, duten eskarmentuagatik, prestakuntzagatik eta duen gizabide/lanbide ibilbideagatik.
  • 4.6. Gomendatzen da kontseiluetan norbanako gisa dauden kideen artean aholkulariak egotea, interes-gatazkak eta zehartasunak saihestuz edota beti esplizitu eginez, kontseiluetara beren ezagutzak eta gizabidezko eta lanbidezko esperientzia ekartzeaz gain, honako ezaugarriak ere izatea: (a) tokiko biztanleria ezagutzen dutenak izatea, (b) gizarteko sentsibilitateen oparotasuna eta gizarteko baloreen pluraltasuna ekartzea kontseilura, (c) eta horien artean egon dadila beti, gutxienez, osasun arloko profesional bat, bakoitzaren elkargoak hautatutakoen artetik izendatua, eta zein erakunderen kontseiluko kide den, erakunde horrekin zerikusirik izan gabe, beren izen onaren, eskarmentuaren eta ikuspegi profesionalaren ekarpena egin dezala bertara.
  • 4.7. Osakidetza/EOZko Gobernu Kontseilu berrien eraginkortasuna, estu-estuan, hauen mende egongo da: diseinu ona eta dituen ezaugarriak, beren kideen profila definitzen asmatzea eta kideen izendapen egokia egitea, eta bere jardunerako arauak. Horregatik, nazioarteko esperientzia hobea eta euskal osasun publikoaren ezaugarriak kontuan hartuta, gomendio hau ematen dugu:
  • Ongi definituta edukitzea Kontseiluko norbanako gisa sartutako kideek zein profil, zein ezaugarri orokor, pertsonal eta prestakuntzazko eduki behar duten, zenbateko esperientzia, eta duten gizabidezko eta lanbidezko ibilbideak zer nolakoa izan behar duen.
  • Profil horretan pisu handia izan dezala zerbitzu publikoaren eta herrirako borondatezko lanaren ezaugarriak; horrek esan nahi du gizarteari zerbitzu ematea, Osakidetza/EOZko erakunde bateko Gobernu Kontseiluan.
  • Gaitasun guztiak ondo dituzten erretiratutako pertsonen esperientzia, ezagutza eta duten denbora baliatzearen alde egitea.
  • Kontseiluko kide izateko erantzukizuna formalki onartzeak -kontratu bidez ontzat ematen den formaltasuna- konpromisoa hartzea ekar dezala berekin, horretan aritzeko hilean, gutxienez, 2-3 egunetan, eta Kontseiluko Presidentearen kasuan, egun gehiagotan.
  • Kontseilu horietako kide izateak herri/gizarte lanak borondatez egitea esan nahi duenez, lan hori modu altruistan egitea, egindako gastuen itzulketa besterik jaso gabe.
  • Kontseiluko Lehendakaritza ez izatea izaera betearazlekoa, eta Kontseiluetako norbanako gisako kideek betetzea (Osakidetza/EOZtik kanpokoa), egoeraren arabera;
  • Kontseiluetako kide kopurua bere jarduna eraginkorra izateko adinakoa izatea;
  • Aurretik ezartzea kontseilarien izendapenak 3 eta 5 urte bitartean irauteko, baldin eta ez badago karguren bati lotua, eta bata bestearen atzetik doazen bi alditan luzatzeko moduan; ahal den neurrian, horren iraupena ez dadila legegintzaldiekin bat etorri.
  • Jarraikortasuna eta esperientzia transmititzea ahalbidetzeko, kontseiluetako norbanako gisako kideen hasierako izendapenak iraupen tartekatua eduki dezatela denboran zehar, kontseilari guztiei izendapena aldi berean berritzea ez tokatzeko moduan;
  • Kontseilariek duten sanitatearen interesak defendatzeko irizpideak emateko askatasunak -zerbitzu publikoaren etika jarraituz- izan dezala babesa, gutxienez, beren izendapena nahiz kargu-uztea gardentasunez eta araututako prozedura erabiliz egiteko.
  • 4.8. Gobernu Kontseilu berri horiek sartzeak, horrek dakarren guztiarekin, aldaketa kultural handia dakar, bai euskal osasun publikora, bai gure ingurunean egiten den ondasun publikoaren kudeaketara; lehen mailako erronka da, antolaketarena eta aldaketaren kudeaketarena. Horregatik, bere jarduna eraginkorra izan dadin, ezinbestekoak dira: (a) maila goreneko lidergo sendoa eta (b) Osakidetza/EOZren erakundean unitate espezializatua antolatzea, bera martxan jartzeaz arduratuko dena; besteak beste, honako zereginak edukiko ditu:
  • Osakidetza/EOZren erakundeetako Gobernu Kontseiluen Araudi Orokorra lantzea, jarraipen protokoloak edukiko dituena; besteak beste, honako puntu hauek jaso behar lituzke: kanpoko kontseilarien profila eta ezaugarriak definituta, horien izendapena eta kargu-uztea egiteko arauak, jarraitu beharreko Jokabide-kodea, interes-gatazken arauketa (pertsonalak, profesionalak, merkataritzakoak, lanekoak, etab.)
  • Kontseiluko kideei buruzko guztia kudeatzea; Kontseiluan bai modu pertsonalean arituko diren kide izateko hautagaien, bai tokiko biztanleria ordezkatuko duten kontseilari izateko hautagaien izendapenari buruzko deialdia egin eta proposamenak jasotzea; kontseilari guztien izendapen eta kargu-uzte proposamenak, etab.
  • Kontseiluko kide berrien berariazko trebakuntza antolatzea, duten erantzukizunerako prestatuz;
  • Bermatzea Kontseiluetako kide guztiek badituztela beren eginkizuna eraginkorra izateko beharrezko baliabide guztiak
  • Kontseiluen jarduera monitorizatzea, beraien akta eta akordioak erregistratuz, jardueren aldian aldiko ebaluazioak eginez edo egiteko aginduz;
  • Kontseiluaren lana gardentasunez egin dadin eta hedabide guztietan hedapen publikoa izan dezan sustatzea, batez ere, intranet eta internet bidezkoa; hots, kontseiluaren osaketari eta jarduerari dagozkion datu esanguratsu guztiak zabaldu -beti ere, tartean legez babestutako daturik ez bada -, eskuartean izaten duten informazio guztia (gai-zerrenda, aktak, bileretako dokumentazioa, etab.) sartuta; kontseiluak jendartera zabaltze horrek, gutxienez, urtean behin bilera ireki bat egitea hartu beharko luke kontuan.

 

5. Kudeaketa profesionalizatzea: zuzendari profesionalak euskal osasun publikoa egoki gobernatu eta kudeatzeko.

 

  • 5.1. Kudeaketa eraginkorra, bidezkoa eta aginpideduna izateko, kudeatzaileak profesionalizatu eta kontratu bidezko egonkortasuna eskaini behar zaie; eta beren zeregina bereiztu osasun publikoaren azken erantzukizuna duten politikarien zereginetik.
  • Horretarako, euskal osasun publikoa, bere hainbat maila eta espezializaziotan, zuzendari profesionalez hornitu behar litzateke, bere erakunde eta zerbitzu guztiak kudeatzeko;
  • Zuzendari horiek berariazko arauketa eduki behar lukete hauetarako: beren hautapen, atribuzio, lan-baldintzak eta lan-uzteko baldintzak, zuzendaritza-ibilbidearen aintzatespena, jokabide-kodea eta emaitzen ebaluazioa; eta egoera bakoitzera egokitua izan beharko luke arautze horrek, erreferentziatzat hartuta osasun sisteman ereduzkoenak direnen jardunak.
  • 5.2. Zuzendaritza publiko profesionalak behar duen egonkortasun, bidezkotasun eta aginpideak, profesional horiek guztientzako bete beharrekoak diren lege eta arauak zorrotz bete behar izatez gain, zuzendari horiek Jokabide-kode bati atxikitzea eskatzen du, besteak beste, puntu hauek barne hartuko dituena: zerbitzu publikoko baloreekiko leialtasuna; era guztietako interes-gatazkak esplizitu egitea; eta konpromiso zorrotza politika/alderdi neutraltasunean, bere zereginak betetzerako orduan; baita unean uneko administrazioari leialtasuna ere.
  • 5.3. Erantzukizun berezia duten lanpostuetako -Osakidetza/EOZko Erakundeen edozein mailatan- zuzendariak hautatzeko prozesua, batez ere, profesionaltasunaren eta kargurako egokitasunaren datu objektiboetan oinarritu behar da, eta hautaketa araututako prozedura bidez egingo da, lehia publikoa egonda eta dagokion Gobernu Kontseiluak parte hartuta, eta hala beharko balitz, baita aholkularitza profesionaleko organoek ere.
  • 5.4. Zuzendarien lan-baldintzek berezko arauketa izan behar dute, besteak beste, alderdi hauek jasoko dituena: dedikazio esklusiboa, postu bakoitzerako berariazko kontratua, kontratuaren iraupena eta hori berritzeko eta desegiteko baldintzak (uzte-agiria beti arrazoitua, eta hala beharko balitz, kalte-ordainen aurreikuspena), ordainsariak (finkoak, eta helburuak lortzearekin zerikusia duten aldakorrak), eta azkenik, dagozkion Jokabide-kodearekiko atxikipen esplizitua.
  • 5.5. Osakidetza/EOZko zuzendaritza-funtzioaren balore eta estiloak Jokabide-kode batean jaso behar lirateke, eta goian aipatutako puntuez gain, honako hauek jasoko lituzkeena: legezkotasun, gardentasun eta inpartzialtasun printzipioekiko mendekotasuna erabakiak hartzerakoan; lan-estilo irekia eta parte-hartzailea; langileen sustapen pertsonalarekiko eta profesionalarekiko konpromisoa; soiltasuna eta eraginkortasuna baliabideak erabiltzean; kontuak ematea (aldiro-aldiro eta era sistematikoan egin, bai barrukoek eskatuta, bai kanpokoek eskatuta); eta konpromisoa, ezagutza berriztatzeko eta kudeatzeko, banakoa eta erakundea gara daitezen.
  • 5.6. Zuzendarien esku utzitako jardueratik ateratako emaitzen ebaluazioa jardun arrunt gisa ezarriko da, bikaintasun profesionala sustatzeko eta ez-betetzea zigortzeko; horretarako, Osakidetza/EOZk prozedura objektiboa ezarri beharko luke emaitzak neurtzeko, eta ebaluazio hori egin, erabakigarria izango dena zuzendarien leialtasuna lortzeko politikarako.

 

6. Euskal osasun publikoan jokabide zintzoak bermatzeko tresnak: jokabide-kodeak, interes-gatazkak arautzea, iruzur eta ustelkeria kasuak prebenitu eta atzematea, eta jokaera etikoak bermatzeko beste zenbait neurri.

 

  • 6.1. Egoki gobernatzea bermatzeko beharrezkoa da horri erantzuten dioten baloreak erreferentziatzat hartzea, legeak eta arauak betetzea, baita eraginkorrak izango diren antolaketa- eta funtzionamendu-eskemak edukitzea ere. Alabaina, hori guztia beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa, esperientziak azaltzen digunez: ezinbestekoak dira, gainera, tresna osagarriak; erakundeko kide guztien jokabide zintzoa bermatzen lagunduko dutenak, egingarri eta neurgarri eginez. Tresna gehigarri horiek egoteak, erakundeak gizarteari eta bere langileei iradokitzen dion konfiantza sendotzen du, erakundeak gobernatzeko modu egokiaren printzipioekin duen konpromisoa agerian eta argi utziz, eta bereziki, erakundeko kide guztien jokabide zuzenarekin. Tresna horien artetik honakoak nabarmentzen dira: jokabide-kodeak, interes-gatazkak arautzea, iruzurra eta ustelkeria prebenitzeko unitateak, baita zintzotasuna gordetzeko entitate eta figura bereziak ere:
  • Jokabide-kodea. Jokabide-kodeak mota guztietako erakundeetan gero eta gehiago erabiltzen diren tresnak dira; izan ere, jokabide eta erabakiak, banakakoak edo kolektiboak izan, jardunbide egokiei eta etikazko estandarrei egokitzeko ekarpena egiten dute, horrela, zintzotasunaren kulturaren alde eginez. Haatik, euskal osasun publikoak Jokabide-kode Orokorra eduki beharko luke, bere langile guztientzat derrigorrezkoa, eta jokabide-kode berariazkoagoak bultzatu beharko lituzke hala eskatzen duten jarduera profesionaletarako edo kudeaketaren erantzukizunetarako.
  • Interes-gatazken gaineko arauketa. Interes-gatazken arauketa esplizitua ezinbesteko tresna da gizarteari gardentasun, zintzotasun eta jardunbide egokiak eskaini nahi dizkion edozein erakundetan. Haatik, euskal osasun publikoak interes-gatazkei buruzko araudia eduki beharko luke, bere langile guztientzat derrigorrezkoa, hainbat interes-gatazka definituko dituena, eta horietaz jarraibide argiak ezarriko dituena, beste herrialdetako osasun-sistemak erreferentziatzat hartuta.
  • Iruzurra eta Ustelkeria Prebenitu eta Atzemateko Unitatea. Ustelkeria, bere aldaera guztietan (iruzurra, eroskeria, nepotismoa, babes-zaletasuna, etab.), gobernatzeko modu egokiaren aukakoa da; nazioarteko erakunde askok (Europako Kontseilua, OECD; etab.) estrategia eta instantzia aktiboak gomendatzen dituzte arlo publikoko ustelkeriaren aurka, osasuneko barne; hortaz, bai AEBn (Medicare), bai Europan (NHS britainiarrean) unitate bereziak dituzte iruzur eta ustelkeri kasuak prebenitu, atzeman eta ikertzeko. Gomendio eta adibide hauei jarraituta, Osakidetza/EOZk ere eduki beharko luke iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako bere politika garatuko lukeen zerbitzu/unitate bat, eta horrek eskatzen dituen jardun guztiak bete beharko lituzke; besteak beste: "Iruzur eta Ustelkeria Arriskua Prebenitzeko Plana"; "Ustelkeria Susmoa Dagoen Kasuetarako Jardute-gida"; ustelkeriaren aurrean, salatu, auzipetu eta jarduteko prozedurak; gai horiei buruzko informazioa eta prestakuntza; etab.
  • Gomendatutako beste instantzia eta neurri batzuk: zintzotasuna eta jokabide etikoak sustatze aldera, euskal osasun publikoa tresna eraginkorrez hornitzeko gogoetak beragan hartu beharko luke egokitasuna aztertzea, beste erakundeetan oso emaitza positiboak eman dituzten instantziak sortzeko.
  • Osakidetza/EOZko "Zintzotasun Ordezkaria". Herritarrek eta osasun arloko langileek bertara jo ahal izango dute benetan susmatzen badute jokabide-kodea edo interes-gatazken arauak ez direla betetzen, edo ustelkeria kasua dagoela tartean.
  • Osakidetza/EOZko "Zintzotasun Ordezkaria". Instantzia gorena izango litzateke, eta erakunde mailan zintzotasunarekin zerikusia duten gai guztien ardura izango luke, honako hauek landu eta beraien jarraipena egitea barne: Jokabide-kodea, Interes-gatazken Arauketa, Iruzur eta Ustelkeria Arriskuak Prebenitzeko Plana, Ustelkeria Susmoa Dagoen kasuetarako Jardute-gida etab.;
  • Abokatuaren kanpo-kontratazioa: Harremanetarako gehigarria izango da eta konfidentziazko aholkulari gisa arituko da, ustelkeria susmoa dagoenetan edo euskal osasun publikoaren zintzotasun araudia betetzen ez denetan.
  • Kontratu guztietan sartu Osakidetza/EOZk ustelkeriaren aurkako klausula bat sinatuko duela kanpoko ondasun- eta zerbitzu-hornitzaile guztiekin. Horren bidez, kontratatuak Osakidetza/EOZko Zintzotasun Arauen berri baduela aitortuko da eta horiek betetzera behartuko.
  • Sartu zintzotasunezko jokabide eta arauketa ikastaro bat, euskal osasun publikoko langile orok jaso behar lukeen sarrerako prestakuntzan.

 

7. Profesionalen aholkularitza eta parte hartzea euskal osasun publikoan.

 

  • 7.1. Osasun eta Kontsumo Saila eta Osakidetza/EOZ zentro korporatiboak (zerbitzu orokorrak). Maila honetan, aholkularitza eta kontsulta profesionala, gaur egun, berariazko arautegi batek arautzen du. Biziki gomendatzen da suspertzea eta indartzea, eta Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren, Erizaintzako, Odontologiako eta Farmaziako Kontseiluen eta gainerako osasun-profesionalen aholkularitza sartzea instantzia honetan, eta horretarako, gaur egun dauden mekanismoak eta prozedurak berrikustea, eta beste batzuk sortzea, beharrezko jotzen badira, betiere, profesionalen erakundeei aholkua eskatu ondoren.
  • 7.2. Osakidetza/EOZren osasun-erakundeak (ospitaleak, eskualdeak eta abar). Maila honetan are erabakigarriagoa eta garrantzitsuagoa da aholkularitza eta parte hartze profesionala, input profesionalak eragin zuzena duelako zerbitzuetan, eta profesionalek bere erakundean parte har dezaten inplikatzen eta motibatzen dituelako, beraien iritziak eguneroko erabakietan kontuan izaten direla ikusten dutelako.
  • Medikuen eta asistentzia-teknikarien batzordeek edo batzorde teknikoek, kalitate batzordeek eta abarrek ondo funtzionatzeko, horien jarduera eta zeregina praktikan nolakoa den ikusi eta ebaluatu behar da, zerbitzuen kalitaterako, profesionalen partaidetzarako eta osasun-erakunde guztia bide onetik joateko egiten duten ekarpena suspertzeko eta indartzeko.
  • Osasun-erakundeen barne-arautegian medikuen eta asistentzia-teknikarien edo batzorde teknikoen eta kalitate-batzorde desberdinen iritzia eta aholkuak biltzea nahitaezkoa den gaien zerrenda zehaztu behar da.
  • Edonola ere, kudeaketa klinikoa izan behar da aholkularitza profesionalaren gai nagusi bat (profesionalak baliabideen kudeaketan inplikatzea, asistentziaren jarraipenaren alde egitea, zerbitzu klinikoen antolaketa eta funtzionamendua hobetzea eta abar), jardun profesionalaren kalitatearen alderdi guztiak kontuan hartuz.
  • Profesionalek osasun publikoan parte hartzeak bere barruan du osasun-sistema publikoaren iraunkortasunarekiko erantzukizuna eta konpromisoa; halaxe jasotzen dute osasun-profesionalen kode deontologikoek.

 

  • 7.3. Aholkularitza profesionala indartzeko, bai maila zentralean bai Osakidetza/EOZren erakunde guztien mailan, eta ikusgaitasun handiagoa emateko, eta, batez ere, erabakiak hartzeko prozesuko osagai formal bihurtzeko, ekimen zehatz hauek gomendatzen dira, besteak beste:
  • ¾ Txostenak hedatzea eta zabaltzea, internet eta intranet bidez: profesionalen kide anitzeko organoek egindako bileren aktak eta txostenak erakundeko Interneteko web-orrian jartzea. Neurri hau erabakigarria da osasun-aholkularitza profesionala eraginkorra eta legitimoa izan dadin, indartu dadin eta ikusgaitasuna eskura dezan.
  • ¾ Jarduera klinikoari eragiten dioten politikei buruzko dokumentuak eta proiektuak profesionalei kontsultatzea.
  • ¾ Medikuek, erizainek, farmazialariek eta abarrek organo horietan duten partaidetza profesionala merezimendu gisa balioztatzea, lanbide-onarpen eta -sustapenerako, eta Osakidetza/EOZn karrera profesionalerako.
  • ¾ Txostenen kontsideraziorako mekanismo formalak abian jartzea: horrek esan nahi du, besteak beste, gobernu-kontseiluen ohiko bileren gai-zerrendako puntu zehatz bat aholkularitza-organo profesionalek egindako gomendio eta txostenak kontuan hartzea izan beharko litzatekeela. Horretarako, gomendatzen da hala jasota geratzea Osakidetza/EOZren erakundeetako ohiko gobernu-kontseiluen arautegian.

 

8. Herritarren partaidetza, euskal osasun publikoaren gobernu onerako.

 

  • 8.1. Herritarrek osasunean parte hartzeak eskatzen du, pazienteari gehien ardura dion maila denez, euskal osasun publikoaren barruan hautatzeko aukera zabala edukitzea, eta, batez ere, pazienteak bere erabakiak har ditzan eta bere osasunaren arretari dagokion guztiaren kontrola izan dezan, uneoro behar duen informazioa izateko antolaketa-kultura eta kultura profesionala egotea.
  • 8.2. Horretaz gain, arreta pertsona-pazientearengan jarrita duen osasunak, herritarrak osasunean zeregin aktiboa eta parte hartzailea izateko, barnean eduki behar du -Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategian zehaztu bezala- pazientearen autozaintza eta autonomia sustatzea, pazientea bere osasunaz arduratzea, baina baita gainerako osasun-sistemaren iraunkortasuna ere. Horrek guztiak eskatzen du, Osakidetza/EOZtak bere pazienteei eta herritarrei aktiboki ekaini behar diela berrorientazio honek eskatzen duen era guztietako babesa eta tresnak (hezkuntzazkoak, informaziozkoak, "paziente aditua", arreta pertsonalizatuaren kultura profesionala eta abar).
  • 8.3. Instituzio mailan, herritarrek osasun publikoaren gobernuan duten parte hartzea, batez ere, agintariak hautatu eta kontrolatzen dituen prozesu politiko demokratikoaren bidez gauzatzen da. Partaidetza hori hurbilagokoa eta operatiboagoa da txosten honetan jaso den Osakidetza/EOZren gobernu onerako gomendioen bidez, bereziki, gobernu-kontseiluak sortuta eta horietan udaletako ordezkariak eta tokiko erkidegoari lortutako aholkulariak, maila pertsonalean, parte hartuz.
  • 8.4. Horretaz gain, osasun-zerbitzu publikoek pazienteei eta herritarrei erantzun ona eman diezaien, kexak, salaketak, iradokizunak eta erreklamazioak jasotzeko sistema instituzional bat edukitzea eskatzen du, erantzun-mekanismo eraginkor eta azkarrak izango dituena. Partaidetza modu horiek eraginkor bihurtzeko gomendagarria da Osakidetza/EOZren erakundeen gobernu-kontseiluen ohiko gai-zerrendetan beti gai hau sartzea: "Herritarren eta pazienteen kexa, salaketa, iradokizun eta erreklamazioen berri izatea eta kontuan hartzea".
  • 8.5. Pazientea eta biztanleak euskal osasun publikoaren erdigunean jartzeak eskatzen du osasun-sistema horrek proaktiboki pazienteen, zaintzaileen, familiarren eta herritarren beharrak, eskariak, lehentasunak identifikatzen lagunduko dioten tresnak indartzea, bai eta zerbitzuekin izan duten asebetetze maila monitorizatzea ere, eta informazio hori gizartearen esku jartzea ahalik eta modurik gardenenean. Alde horretatik, gomendatzen dugu Osakidetzak aldian behin, modu sistematikoan erabiltzaile-mota eta zerbitzu-mota desberdinei zuzendutako iritzi-inkestak egitea, zerbitzu horiek eta asistentzia-prozesuek pazientea eta horien zaintzaileak osagai guztietan (egokitzapena, informazioa, erosotasuna eta abar) kontuan hartzen dituztela bermatzeko.
  • 8.6. Modu osagarrian, herritarren partaidetzak, gobernu onaren aldeko mekanismo den aldetik, hirugarren sektorearen inguruan antolatuta dauden herritarren artean parte hartzeko bide arautu bat eduki behar du. Horrenbestez, parte hartzeko sistema egonkor eta iraunkor bat eduki beharko litzateke, honako hauekin: a) parte hartzeko esparru arautzailea (parte hartzea instituzionalizatzeko, ordenatzeko, errazteko edo sustatzeko arautegia), eskaera-, ekimen-, esku-hartze eskubideak arautuz eta abar, eta b) partaidetzako organo aholku-emaile egonkorrak, sektoreko elkarrizketa errazteko, elkarte horiek bildu eta zatitu daitezen saihestuz, eta bide berriak sustatzea (web 2.0 motakoak), pazienteek, zaintzaileek eta elkarteek parte har dezaten.

 

9. Amaierako gomendio osagarriak.

 

  • 9.1. Osasun-erakundeek konplexutasun nabarmena dute, eta parte diren inguru sozial eta politikoarekiko oso sentikorrak dira. Txosten honetan jaso diren gomendioek kultura-, antolaketa- eta prozedura-aldaketa nabarmena dakarte euskal osasun publikorako. Ahalegin handia egin beharko da denboran zehar gomendioak inplementatzeko, eta adostasun sozial, politiko eta profesional handia beharko dute. Horrenbestez, ezinbestekoa da, hasieran, Osakidetza/EOZrako gobernu onaren ekimen honen balio eta helburuak azaltzeko eta hedatzeko ahalegin handia egitea.
  • 9.2. Euskal gizartea eta bertako gizarte-erakundeak, erakunde politiko eta profesionalak Osakidetza/EOZren gobernu onerako ekimen honen barneko etika publikoko balioekin identifikatzeko, ahalegin kolektibo handia egin behar da balio demokratikoetan, etika publikoko balioetan eta balio profesionaletan hezteko. Prestakuntza horrek gizarte-eremu guztietara iritsi behar du, baina, bereziki, Osakidetza/EOZko langile guztiengana; hala, proposatutako ahalegin horrek profesional berriei, bai graduaurrekoei bai espezializaziokoei, harrera egiteko prozesuko parte izan behar du, bai eta horien prestakuntzako parte ere.
  • 9.3. Osakidetza/EOZtako erakundeetan gobernu-kontseiluak eta kudeatzaile profesionalak ezartzea euskal osasun publikoa hobetzeko lehenengo urratsa baino ez da, beharrezkoa baina ez nahikoa. Erreforma honek bere potentzial guztia gara dezan, gobernu onaren ideiak bere barruan dituen balioekin bat datorren kultura-aldaketa ere beharrezkoa du, bai eta Osakidetza/EOZren gobernuaren, antolaketaren eta kudeaketaren tekno-egitura eraginkorragoa eta etikoagoa bihurtzen lagunduko duten beste neurri batzuk ere, etengabe eguneratuta egon dadin. Horregatik ezinbestekoa dela uste da gobernu-kontseiluak bakarrik ez, baizik eta txosten honetan jasotako gainerako gomendioak ere ezartzea.
  • 9.4. Proposatutako aldaketen izaerak, horien konplexutasunak eta dakarten berritasunak aholka dezakete gomendio hauek abian modu mailakatuan jartzea, bai erakunde aitzindarietan esperientzia pilotuak abian jarriz bai arduradunak eta gainerako langileen inplikazioa eskatuko duten prozesu parte hartzaileak abian jarriz; edonola ere, prozesu hori diseinatzerakoan ebaluazio-sistema ere ezarri beharko litzateke.
  • 9.5. Euskal gizarteak gobernu onaren eta osasun publikoaren balioekin duen konpromisoak jarraipena izan dezan eta etengabe berritu dadin, gomendagarria da Osakidetza/EOZren Gobernu Ona Monitorizatzeko Urteko Txostena egitea. Txosten hori egiteko ardura gaitasun onartua duen kanpoko enpresa bati eman beharko litzaioke (egokiena unibertsitateko sail bati edo osasun-zerbitzuen ikerketa-institutu bati).
  • 9.6. Ebaluazioaren, berrikuntzaren eta hobetze espirituaren alde egiteko, gomendatzen da urtero edo bi urtean behin Euskal Osasun Publikoaren Jarduerari buruzko txostena egitea, eta beste autonomia erkidego batzuekin nahiz sistema publiko integratuak dituzten EBko punta-puntako eskualdeekin alderatzea.
  • 9.7. Txosten honen erreferentzia-terminoek euskal osasun publikoan bakarrik jartzen dute arreta, baina ez dago osasun pribatutik isolatuta, hainbat zerbitzu baititu hitzartuta haiekin eta merkataritzako hornitzaile askoren mende baitago. Horregatik guztiagatik, aipatu behar da gobernu onaren balioak eta printzipioak betebeharrekoak eta aplikagarriak direla osasun pribatuaren arauetan eta Osasun eta Kontsumo Sailak egiten duen horien monitorizazioan, bai eta osasun publiko eta pribatuaren arteko harremanetan ere, eta bereziki garrantzitsua dela interes-gatazkak saihestea eta/edo aitortzea, eta iruzur- eta ustelkeria-egoerei aurrea hartzea.
  • 9.8. Dokumentu honetan jaso eta Osakidetzari erreferentzia egiten dioten gomendio guztiak testu hau idazteko orduan egite-fasean zegoen Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen ondorio izango diren osasun publikoko erakunde guztiei aplikatu behar zaizkie, bidezko diren egokitzapenak egin ondoren.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan