Eu

Euskadiko administrazio publikoetako kulturako gastua berreskuratu egin da krisiaren urte latzenen ondoren, Kulturaren Euskal Behatokiaren azterlan batek dioenez

2019.eko urtarrilak 25
  • Azterlanaren arabera, 2016an euskal administrazioek kulturan egindako gastua 428,9 milioi eurokoa izan zen, 197,4 euro biztanle bakoitzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019/01/25            

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen kulturako gastua berreskuratzen joan da krisi ekonomikoaren urte latzenen ondoren. Hori izan da ‘Finantzaketa eta gastu publikoa kulturan Euskal Autonomia Erkidegoan’ azterlanetik ateratako ondoriorik argiena. Azterlana Kulturaren Euskal Behatokiak egina da, udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak 2016an kulturan egindako gastu kontsolidatuaren eta likidatuaren analisitik abiatuta. Azterlanaren arabera, 2016an euskal administrazioek kulturan egindako gastua 428,9 milioi eurokoa izan zen, biztanleko 197,4 euro. “Gorakada nabarmena izan du aurrekontu publikoetan kulturarako jartzen den kopuruak 2012aren aldean (segida historiko guztian urte hartan egin zen gasturik txikiena kulturan)”, ondorioztatu du azterlanak.

                Orain arte 2008az geroztik kulturako gastuan beheranzko joera antzematen ari bazen ere, azterlanak adierazten duenez 2016an eten zen dinamika hori. Azterlanak dioenez, administrazio-maila desberdinetako kultura-gastu likidatuaren eboluzioan joera positiboa ikusten da aztertu den azkeneko 2014-2016 aldian. Hazkundea bereziki nabarmena da organismo autonomoen, sozietate publikoen eta fundazioen kasuan: 44 entitate ziren eta egun 51 dira, gastua % 33,5 egin duelarik gora 2008az geroztik (47,1 milioi euro gehiago).

Udalen kasuan, azterlanak datu positiboak jasotzen ditu 2016an, gastu likidatuaren % 14 gehiago (29,7 milioi euro). Eusko Jaurlaritzak % 2,2 gehitu zuen bere gastua, 2008ko gastuarekin alderatuta. Azkenik, foru aldundiek 2016an % 2,8 gehiago zuzendu zuten kulturarako aurrekontutik (2,1 milioi euro) 2014aren aldean.

Jardute-eremu nagusiei dagokienez, azterlanak ez ditu aldaketa esanguratsuak islatzen. Kulturan egindako gastu publikoaren erdia baino gehiago (% 58,4) arteetara eta industrietara doa; laurden bat ondarera (% 25,9) eta, gainerakoa, banatu egiten da festetako eta herri kulturako gastuen (% 8,0) eta zuzendaritza eta zerbitzu orokorretarako gastuen artean, azken hauek sektore jakin bati inputatu ezin zaizkion funtzionamendu-gastuak (% 7,7).

Horrela, ekintza kulturalak (% 25,5) hartzen du gastu-bolumenik handiena, kontuan izanik ekintza kulturaltzat hartzen direla zeharkako programazio-jarduera, ekipamendu balioanitzak eta zerbitzu ez espezializatuak, komunitarioak eta sozio-kulturalak. Jarraian dator musikaren munduari lotutako proiektuetarako gastua (% 18,8). Bestalde, bitarteko gastu-maila batean kokatzen dira gastu osoaren % 7tik % 10era metatzen duten sektoreak: museoak (% 10,6), liburutegiak (% 8,4), zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak (% 8,0), antzerkia eta dantza (% 7,8) eta festak eta herri kultura (% 7,7). Azkenik, % 5etik beherako pisua duten sektoreak kokatzen dira : ondarea eta arkeologia (% 4,8), zinea eta ikus-entzunezkoak (% 3,9), artxiboak (% 2,1), arte bisualak (% 1,6), literatura eta edizioa (% 0,5) eta bertsolaritza (% 0,3).

Kultura-arloko enpleguaren eboluzioa

Bestalde, Kulturaren Euskal Behatokiak kultura-arloko enplegu publikoaren eboluzioa aztertu du, non nolabaiteko hazkundea antzeman duen 2010aren aldean. EAEko administrazio publikoak kultura-arloko 2.879,6 lanpostu biltzen ditu, propioak edo zuzenak. Hala, azterlanak ondorioz ateratakoaren arabera, orokorrean, krisiak ez du erasan kultura-arloko enplegu publikoa: 2010az geroztik izan den eboluzioan % 5,7ko hazkunde moderatua ageri da (lanpostu publiko propioak 2.725,0 izatetik 2.879,6 izatera).

Azkenik, enplegu publiko propioaren eboluzioari dagokionez, erakunde desberdinen arabera, % 20,1eko hazkundea nabarmentzen da Eusko Jaurlaritzako enpleguan, eta % 15,8koa organismo autonomoetan, sozietate publikoetan eta fundazioetan. Hala ere, foru aldundietan eta udaletan jaitsi egin da enplegua, % 10,0 eta % 2,0 gutxiago, hurrenez hurren.

Kulturaren Euskal Behatokiak bi urtean behin egiten du azterlan hau, udalek, hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak kulturan egindako gastua aztertuz (kasu honetan, 2016ko datuekin. Analisia instituzio horien gastu exekutatuak oinarrituta egiten da eta, ondorioz, datu guztiak ezin dira bildu hurrengo urtearen bigarren seihilekora arte (azterlan honen kasuan, 2017). Hurrengo urtean, 2018an, datuen azterketa egiten da, dokumentazioa prestatzen da eta erakunde bakoitzari dagokion fitxa bidaltzen zaio.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak