Eu

Erkorekak “ignominiatzat” hartu du esatea Eusko Jaurlaritzak kartzeletako ateak zabalduko dituela espetxeetako transferentzia beregain hartzen duenean

2019.eko urtarrilak 28

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka elkarrizketatua izan da gaur Radio Euskadiko “Boulevard” saioan. Bertan, euskal aktualitate politikoari lotutako gaiak aztertu ditu, besteak beste, egiteko dauden transferentziak eta Gernikako Estatutuaren betearazpena, baita Gobernu Kontseiluak bihar onetsiko duen Lege Proiektua ere.

Egiteko dauden transferentziei eta Gernikako Estatutuaren betearazpenari buruz galdetuta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak inoiz ez zuen lehendik hau bezalako egutegi bat izan mahai gainean. “Lehenbiziko aldiz, identifikatuta eta asumituta dugu Espainiako Gobernuaren aldetik egiteko dauden transferentzien "quantuma"”, adierazi du. Testuinguru horretan, Erkorekak argitu duenez, Espainiako Gobernuari dagokio aurreneko bultzada ematea. Zentzu horretan, Gobernu zentralaren konpromisoa gogorarazi du, hain zuzen ere, 7 transferentziren lehenengo blokeko dokumentazioa otsailaren aurreneko astean bidaltzekoa. “Dokumentazio horrekin hasiko gara adosteko kontrastatzen”, gaineratu du.

Espetxe-sistemaren transferentziari dagokionez, sailburuak azpimarratu duenez, hori litzateke Estatuko espetxeei buruzko lege bera aplikatzea eta kudeatzea baina Euskadiko eskakizunetara eta premietara egokituta. Gainera, Erkorekak azpimarratu du ignominia bat dela esatea Eusko Jaurlaritzak, espetxe-sistemaren eskumena duenean, kartzeletako ateak zabaldu behar dituela.

Gobernu Kontseiluak bihar onetsiko duen Lege Proiektuari buruz galdetuta, Erkorekak azaldu duenez, Lege Proiektua premiazko neurri-multzo bat da prestazio sozialak eta ekonomikoak posible izan daitezen, blokeatuta geratu baitira aurrekontuaren gabeziagatik. “Funtzionarioei eta itunpekoaren langileei soldata % 2,25 igotzea eta DSBE hobetzea ahalbidetuko duen Lege Proiektua”, gaineratu du. Gainera, azpimarratu duenez, neurrien proiektu horren kontrako botoa ematea izango litzateke kolektiboei esatea ‒garrantzizkoak eta kuantitatiboak zenbakitan‒ ez dutela soldata-igoerarik eta hobekuntzarik izango, ezta sozialik ere. Gainera, bozeramaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela Lege hori otsailean onestea, soldata-igoerak otsailekotik hasita nominan aplikatu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)