Berriak Lehendakaritza
Eu

Arduragabekeriak ordaindu egingo dira

2011.eko martxoak 08

Hemendik aurrera kirol-jarduera arriskutsuek eragindako istripuen erreskateak ordaindu egin beharko dira, “behar diren neurriak hartu ez badira”

Eusko Jaurlaritzak Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legea aldatzeko Lege-proiektua onartu du. Aldaketek indarrean zeuden lau tasa kendu dituzte eta, era berean, hiru berri sortzen dituzte. Hauen artean, bilaketa-, salbamendu- edo erreskate-zerbitzuengatiko tasa nabarmentzen da. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 31,39 milioi euro bideratuko ditu guztira seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzetara. Jaurlaritzaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, ETAk lehendakariaren kontrako atentatua burutzeko asmoa izan zuela dioen informazioa baieztatu du.

Sarrera mugatua edo debekatua duten guneetara sartzean edo jarduera jakin batzuk egiterakoan, aurkako fenomeno meteorologikoen ondoriozko alerta laranja edo gorria dagoenean, eguraldi txarra dagoelako, Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen arabera, erreskatea badago, istripua izan duenak kostu bat ordaindu beharko du. Bilaketa-, salbamendu- edo erreskate-zerbitzuengatiko tasak disuasio-helburua du, jolas- eta kirol-jarduera arriskutsuak egitean zuhurtziaz joka dadin. Tasa hori ezartzearekin, horrelako jardueren estaldura eta aseguratze-sistemak sustatu ahal izango dira”, azaldu du.

Kontseiluaren ostean, Jaurlaritzaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, eta Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Carlos Aguirrek, Lehendakaritzan burutu den ohiko prentsaurrekoan parte hartu dute.

Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Lege berriak biltzen dituen aldaketek “tasen eta prezio publikoen kudeaketa hobetzen dute eta araudia arinago eguneratu eta arautzeko aukera ematen dute”, Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Carlos Aguirrek, azpimarratu duenaren arabera.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 31,39 milioi euro bideratzeko erabakia onartu du, guztira seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzetara. "krisi garaian egonagatik ere, programa horri eutsi egingo diogu, Eusko Jaurlaritzak familiei babesa eta laguntza emateko sistema hobetzen jarraitzeko asmo sendoa duela berresteko”, jakinarazi du Idoia Mendiak.

ETAk lehendakariaren aurka atentatua egin nahi izan zuen

Pasa den astean desegindako taldearen informazioaren arabera eta atxilotuen adierazpenen arabera, Idoia Mendiak, ETAk lehendakariaren kontrako atentatua egin nahi izan zuela dioen informazioa baieztatu du. Honen harira, Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du lehendakariak honen berri izan duenean esan duela “lasaitasunez eta terrorismoaren aurkako politika berarekin, gaur egun arte izan duen zero tolerantzia berarekin jarraitzeko ideiak argi dituela”. “Beraz, gobernuak ez du bere politika aldatuko, ezta lehendakariak horren gainean duen lidergoa ere”, azaldu du.

Idoia Mendiak gogorarazi nahi izan du, Emakumearen Egunean, Eusko Jaurlaritzak "beharrezkoak diren balio-aldaketak babestuko dituela, emakumeak oztoporik gabe sar daitezen gure gizarteko erabakimen-esparruetan“.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.03.08)

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)