Berriak Lehendakaritza
Eu

Herrialde Itun baten premia planteatu du Lehendakariak trantsizio energetikoaren alde

2019.eko urtarrilak 28
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Eguzki-energia fotovoltaikoaren EKIAN parkearen aurkezpenean izan da Lehendakaria
  • Ekonomiaren hazkunde jasangarriaren alde apustu egiten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak
  • Lehendakariak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak bihar onetsiko duela 2019ko aurrekontuetan laguntzeko lege-proiektua

Iñigo Urkullu Lehendakaria Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera izan da eguzki-energia fotovoltaikoaren EKIAN parkearen aurkezpenean. 

Gasteizko Europa jauregian ospatu den ekitaldian, Ramiro González Arabako diputatu nagusia ere izan da.

Enpresa bakoitzeko arduradunek atxikimendu dokumentua sinatu ondoren, Arantxa Tapiaren lekukotzarekin, Ekian proiektuaren aurkezpen ekitaldiari hasiera eman zaio.

Bere jardunean, Lehendakariak gogora ekarri duenez, mentalitate-aldaketa da erronka energetiko global garrantzitsuena, eraginkorrak izate aldera. Zentzu horretan, trantsizio energetikoaren aldeko Herrialde Itun baten premia planteatu du; “aldaketa horrek instituzioen, enpresen, eragile ekonomiko eta sozialen, eta gizarte osoaren inplikazioa eskatzen du”, gaineratu du. Lehendakariak azaldu duenez, EKIAN proiektua lankidetza publiko/pribatuaren emaitza da, Euskadin eguzki-energiako Parke handiena sortzeko. “Herrialde proiektu bat da hau, eta Estrategia Energetikoa 2030en helburuei erantzuten die: handitu egiten du hornikuntza iturri berriztagarrien bitartez eta eguzki-energiaren garapenari ematen dio hasiera”, nabarmendu du.

Lehendakariak azpimarratu egin du ekonomiaren hazkunde jasangarriaren alde apustu egiten jarraitzeko Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Bere iritziz, horretarako, Gobernuak baliabideak ditu industria, ekonomia produktiboa eta internazionalizazioa babesteko. “Baliabideak ditugu inbertsio publikoaren hazkundea bermatzeko eta berrikuntzako proiektuak bultzatzeko, betiere Europan aitzindaritzan mantentzearren”, adierazi du.

Gainera, Lehendakariak gogora ekarri duenez, energia berriztagarrien euskal sektore industriala eta teknologikoa lehiakorra da merkatu globalean eta, hortaz, beharrezkoa da sektore hori indartzea, gaitasunak hobetzea, hornikuntzan aurrerapenak egitea, ezagutza esportatzen jarraitzea eta merkatu berriak zabaltzea. Zentzu horretan, eta eguzki-energia fotovoltaikoaren ARASUReko Parke berriari aipamen eginez, proiektu honek euskal ekonomiaren ekosistema indartu egingo duela nabarmendu du Lehendakariak. “Aukerak zabaltzen ditu hazten ari den sektore batean, eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko balio du”, gaineratu du.

Giza garapenari eta hazkunde jasangarriari jarraitasuna emateko helburuz, Lehendakariak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bihar onetsiko du 2019ko aurrekontuetan laguntzeko lege-proiektua. “Behar adina babesa izatea espero dugu Administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonentzako neurri positibo batzuk abiarazteko; Hezkuntzako eta Osasuneko profesionalen baldintzak hobetzeko; kohesio soziala sendotzeko eta Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez gehien behar dutenei laguntzeko”, gaineratu du.

EKIAN

EKIAN proiektua lankidetza publiko-pribatu gisa eratzen da, zeinean proiektuaren bi sustatzaileek –Energiaren Euskal Erakudeak eta KREAN– sozietate instrumental bat eratu duten, –teknikoki Interes Ekonomikoko Elkarte deitutakoa–, hogeita hamar urteko eperako eratzen dena eta helburutzat instalazio fotovoltaiko horren energia sortzeko jarduera martxan jartzeko eta egikaritzeko jarduna erraztea duena. Sustatzaileekin batera, hainbat sektore eta esparrutako (industria-arloa, eta zerbitzuen eta administrazioaren arloak) enpresak osatutako talde baten atxikipena eragin du proiektuak, eta guztira 24 milioi euroko inbertsio globala bideratuko dute eguzki-parkea instalatu eta martxan jartzeko. Enpresa gehiago atxiki ahalko dira proiektura etorkizunean, zenbait euskal enpresarekin irekitako negoziazioen arabera.

ARASUR industrialdeko “La lágrima” deitutako 55 hektareako hedadura duen industria-finkan egongo da kokatuta eguzki-planta fotovoltaikoa, Erriberabeitiko udalerrian, Araban. Bakoitzak 355 watt dituen azken belaunaldiko 67.000 eguzki-panelen multzo batek osatuko du, eta horrek guztira 24 Mwko instalatutako potentzia totala batuko du, urtean gutxi gorabehera 40.000 MWh produzituta, hau da, 15.000 familiak urtean egiten duten kontsumo elektrikoaren baliokidea den energia elektrikoa. Proiektu aitzindaria izango da EKIAN, lehen aldiz sustatuko baita eguzki-parke bat instalatutako potentziaren zati baten “jabe” izango diren enpresa ugariren lankidetzaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak