Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak gaixotasun kronikoak dituzten Pertsonentzako Paziente Bizia programako monitoreei egin die omenaldia

2019.eko urtarrilak 24

6.400 pertsona baino gehiago izan dira, dagoeneko, berdinen arteko hezkuntza-tailer hauetan; gaixotasun bat duten pertsonek edo zailtzaileek ematen dituzte

 

Miramongo teknologia-parkeko ekitaldi-aretoan izan da, gaur, Paziente Bizia programako monitoreei omenaldia egiteko jardunaldia. Programak ibilbide luzea du Osakidetzan; autozaintzen inguruko prestakuntza eskaintzen du, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek beren osasun-egoera hobetu ahal izateko. Omenaldian, Iñaki Berraondo doktorea eta Osasun sailburuordea eta Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusia izan dira.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoetako bat biztanleriaren ahalduntzea eta herritarren partaidetza sustatzea da; beraz, ahalegin berezia egin da euskal herritar guztiekin, autonomoagoak izateko tresnak edukitzeko eta, horrela, beren osasunaren zaintzan segurtasun handiagoa izateko.

Hori da, hain zuzen, Paziente Bizia programaren helburua. Programa Osakidetzaren Osasun Eskola zerbitzuaren barruan sartzen da, eta lau tailer eskaintzen ditu, pazienteek beren gaixotasunari aurre egin ahal izateko trebetasunak eskuratzeko: Nire osasuna aktiboki zainduz (edozein gaixotasun kroniko duten pertsonei edo haien zaintzaile nagusiei zuzentzen zaie); Nire diabetesa zaintzen; Osasuna zaintzen ijitoen herrian; eta Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen. 2010ean tailerrak hasi zirenetik, 6.400 euskal herritarrek baino gehiagok hartu dute parte horietan.

Tailer horien ezaugarri nagusietako bat da berdinen arteko hezkuntza dela, hau da, gaixotasun kronikoa duten pertsonek edo gaixotasun kronikoa duten pertsonen zaintzaileek ematen dute. Gaur egun, Paziente Bizia programako tailerrak emateko prestakuntza duten 300 monitore daude, eta gaur omenaldia egin nahi izan zaie. Gaur goizean egin den ekitaldian, “Nire ikasketen esperientziak” Kontakizun Laburren II. Lehiaketako sariak banatu dira; bertan, tailerretako parte-hartzaileek beraiek parte hartu dute.

Osasun sailburuordeak nabarmendu du Osakidetzaren programa honen “gogobetetasun-maila altua” dela, hala egiaztatu baita parte-hartzaileen hitzen bidez, kontakizunen lehiaketan erakutsi duten bezala. Gainera, monitoreei eskerrak eman dizkie “beren lan goraipagarriagatik, beste pertsona batzuei beren gaixotasunaren kontrola hobetzen ikasten laguntzeagatik eta, batik bat, onberatasuna, laguntza, elkar ulertzea eta entzunaldia eskaintzeagatik”.

Iñaki Berrando doktoreak gogorarazi du Osakidetzaren erronketako bat gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko gehiago dituen biztanleriari kalitateko osasun-zerbitzuak ematea dela.  Horri aurre egiteko, Osasun Saila eta Osakidetza honako neurri hauetan ari dira lanean, besteak beste: biztanleen ahalduntzea sustatzea, herritarren parte-hartzea sustatzea eta pertsonek beren osasun-zainketaren inguruan izan behar duten paper aktiboak duen garrantzia nabarmentzea.

 

Donostia-San Sebastián, 2019ko urtarrilaren 24a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau