Eu

Etxebizitza Sailak eta Zumarragako Udalak alokairurako babes publikoko 108 etxebizitza eraikitzea adostu dute

2019.eko urtarrilak 24
  • Arriola sailburuak eta Serrano alkateak erakunde-lankidetzaren balioa nabarmendu dute, herritarrek egiten duten etxebizitzaren eskariari erantzuteko funtsezko tresna gisa
  • Gipuzkoako etxebizitza publikoaren eragiketa garrantzitsuenetako bat da azken urteotan, eta 9 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak, gaur goizean, Gipuzkoako udalerrian alokairurako babes publikoko 108 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu dute. Akordioa sinatzean, abian jarri da azken urteotako etxebizitza publikoaren eragiketa garrantzitsuenetako bat Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

Hitzarmenaren bidez, udalerrian etxebizitza egokia eskuratzeko dagoen arazoari erantzun nahi zaio. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari aukera emango dio Eizaga Berri auzoko hiru lur-zatitan eraikitzeko; lur-zati horiek doan laga dizkio Udalak, bertan alokairurako 108 etxebizitza eraikitzeko, eta horien kudeaketa Alokabidek egingo du. Eraikuntza-proiektua aurten idaztea eta esleitzea aurreikusten da, eta obrekin 2020an hasi ahal izatea. Eraikuntzarako aurrekontua 9 milioi eurotik gorakoa da.

Etxebizitzen lehentasunezko adjudikaziodun izango dira Zumarragan erroldatuta daudenak. Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako baldintzak eta eskakizunak beteko dira. Gaur egun, hartzaileek 3.000 eta 25.000€ bitarteko errenta izan beharko dute erregimen berezirako, 3.000 eta 39.000€ bitartekoa orokorrerako, talde bereziak salbuetsita.

Gaur egun, 241 eskatzaile daude Etxebideren zerrendetan izena emanda, Zumarragan etxebizitza jasotzeko. Horietatik, 185ek alokairu-modalitatea eskatzen dute. Hori horrela, Arriola sailburuak honako hau esan du akordioaren inguruan: “bide berezia markatzen du erakunde-lankidetzan eta erakundeen arteko ahaleginen batasunean, pertsona guztiek etxebizitza duina lortu ahal izateko”, eta eskerrak eman ditu Zumarragako Udalak eginkizun honetan elkarrekin lan egiteko erakutsi duen ahaleginagatik.

“Benetan uste dut –esan du– sinatu berri dugun hitzarmena gertakari garrantzitsua dela Zumarragarentzat eta udalerri horretan bizi diren eta bizitzeko pisua behar duten herritarrentzat, alokairuko etxebizitza behar dutenentzat”.

Mikel Serrano alkateak, instituzioen arteko elkarlanaren garrantzia azaldu du. Era berean elkarlan honek hiritarekiko duen eragina goraipatu du. Batez ere gazteengan duen eragina, zeren gazteek dira, etxebizitzaren arazoa jasaten dutenen gizatalde haundienetako bat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak