Berriak Lehendakaritza
Eu

Ertzaintzak Donostian hedatu zeneko 25. urteurrena ospatu du

2019.eko urtarrilak 25
  • Lehendakaria izan da Donostiako Ertzain-etxean egin den urteurreneko ekitaldiaren buru

Ertzaintzako agenteak 1994ko urtarrilean hedatu ziren Donostian, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak asumituta. Guztira 355 ertzain, 325 gizonezko eta 30 emakumezko, destinatu zituzten Donostiako kaleetan patruilatzera eta, esate baterako, eraikinak zaintzera, Martuteneko espetxea barne zela. Efemeridea ospatzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak lagunduta, Donostiako Ertzain-etxea bisitatu du, eta egungo agintariekin eta Ertzain-etxean 25 urte hauetan izan diren nagusiekin elkartu da.

Urteurreneko ekitaldian lehendakariak eta Segurtasuneko sailburuak diploma eta oroigarria eman dizkiete Iñaki Munetari, Xabier Landari, Juan José Lakunzari eta Alfonso Garaikoetxeari, egungo unitate buru Patxi Ardanazen aurretik Donostiako Ertzain-etxean izan diren lau komisarioei. Patxi Ardanazek esan ditu ongietorriko lehenengo hitzak.

Ekitaldian bertan, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediaren esku-hartzearen ondoren, omenaldia egin diete Donostiako Ondarretako Ertzain-etxea zabaldu zenetik Ertzain-etxean egon diren zazpi ertzainei.

“Ertzaintza orain dela 25 urte lehen aldiz zabaldu zenetik hona eskuz esku igaro den lekukoaren irudia zeuek zarete. Orduan egoitza nagusia Intxaurrondon zegoen, gaur egun, ordea, Ondarretan, baina lekukoak bere hartan dirau, patruilak egiten, ikertzen, herritarrei arreta ematen  eta mugape honetako segurtasuna zaintzen, ertzain-etxea osatzen duzuen 377 pertsonen lanari esker, 305 gizon eta 67 emakume”- horixe nabarmendu nahi izan du Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburua.

Lehendakariak gogorarazi du, duela 25 urte bezala, gaur egun ere zailtasun kolektiboak daudela. “Zailtasun horiek bizikidetzan, gardentasunean eta zerbitzua emateko asmoan oinarrituta konpontzen jarraitu behar dugu”, esan du. Hori horrela, Lehendakariak nabarmendu du nolako garrantzia duen etorkizuna eraikitzen jarraitzeko gai izateak, “gainditutako zailtasunek eragiten duten ilusioarekin”. Era berean, Lehendakariak 28. sustapena nabarmendu du, eta esan du 3.500 pertsonak baino gehiagok erabaki dutela probetara aurkeztea. “Donostiako ertzain-etxe honek berriz ere hartuko ditu ikasteko eta Akademian jasotako prestakuntza sendotzeko eta herritarrekiko zerbitzuaren eta konpromisoaren tradizioari birizik eusteko prest dauden gazteak”, esan du.

Donostiako alkate Eneko Goiak ere esan ditu hitz batzuk Ertzaintza Donostian hedatu zeneko urteurreneko ekitaldian. Gertaera irudi historikoak biltzen dituen bideo baten bidez ere gogoratu da, eta bertan hedapenaren lehenengo egunean egindako lehen jarduerak ikusi ahal izan dira. Bestalde, Donostiako Ertzain-etxeko egungo buruaren, Patxi Ardanazen, eta kargua eta funtzioak aurretik bete zituzten lau komisarioen lekukotasuna ere eman da.

Lehenengo zerbitzu-partea

Iñigo Urkullu lehendakariaren esku-hartzeak eman dio amaiera Ertzaintza Donostian hedatu zeneko 25. urteurrena dela eta Donostiako Ertzain-etxera egindako bisitari. Aldez aurretik, lehendakaria polizia-arduradunekin elkartu da, eta 1994ko urtarrilaren 14an egindako lehenengo zerbitzu-partearen kopia eman diote. Bertan hedapena bera eta egun horretan egindako lehenengo jarduketak daude jasota.

Aurretik, Urkulluk Donostiako Ertzain-etxeko guneak bisitatu ditu (GI-EI, A Linearen bulegoa, Giza Baliabideen bulegoa, Inteligentzia Bulegoa eta Aginte eta Kontrol Zentroa), sailburuarekin eta Donostiako Unitate buruarekin, Herritarren Babeserako Unitatearen buruarekin eta Ikerketa buruarekin batera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak