Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

Elkarrizketarekin, denborarekin eta harmenarekin kudeatuko du ko Jaurlaritzak Herenegun hezkuntza-materialari buruzko adostasuna

2019-01-24
  • Bihartik aurrera elkarrizketa-prozesu bati ekingo dio Eusko Jaurlaritzak Herenegun hezkuntza-materialari ekarpenak egin dizkioten erakundeekin eta pertsonekin
  • Materialaren proposamenak 31 alegazio-dokumentu jaso ditu

Eusko Jaurlaritzak 31 ekarpen jaso ditu Herenegun hezkuntza-materialerako. Zehazki, zazpi alegaziok materiala kentzeko eskatzen dute, beste zazpik bere edukia sakonetik berritzea iradokitzen dute eta 16k baliozkotzat edo egokitzat jotzen dute. Euskadiko unibertsitate- eta hezkuntza-erakunde nagusiek ontzat hartzen dute materiala eta hobetzeko proposamen puntualak egin dituzte. Bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa-prozesu bati ekingo dio ekarpenak egin dituzten erakundeekin eta pertsonekin, ahalik eta iradokizun gehienak biltzearren.

Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek, Hezkuntzako sailburuorde Maite Alonsok eta Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarrok prentsaurreko bat eman dute gaur goizean, eta bertan adierazi dutenez ekarpenetan bildu diren askotariko iritziak ikuspegien pluraltasunaren isla bat dira. Bestalde, adierazi dutenez, elkarrizketarekin, denborarekin eta harmenarekin kudeatuko du Eusko Jaurlaritzak Herenegun hezkuntza-materialari buruzko adostasuna.

Ekarpenak biltzea eta aztertzea

Jasotako iradokizunen edukia aztertu ondoren, Hezkuntzako sailburuorde Maite Alonsok azpimarratu duenez, pluraltasunaren adierazpen horrek aurrean ipintzen digun errealitatea hauxe da:

-Batetik, hedabide, terrorismoaren biktimen elkarte eta alderdi politiko batzuek ukatu egin dute materialaren ahalmena eta, ondorioz, kentzeko eskatu dute.

-Bestetik, biktimen kopuru nabarmen batek norbere izenean eta Euskadiko ia erakunde akademiko eta unibertsitario ia guztiek adierazi dutenez, materiala baliozkoa edo egokia da, eta zenbait proposamen egin dituzte materiala hobetzeko.

Hezkuntzako sailburuorde Maite Alonsok azpimarratu du funtsezkoa dela hezkuntzaren helburua eta bizikidetza aurretik jartzea ekarpenek biltzen dituzten iritzi desberdinak ebatzi ahal izateko. 

Jarduteko irizpideak

Batetik, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernándezen iritziz, Herenegun hezkuntza-materialaren inguruan piztu den eztabaida lehenaldiari buruz dugun ikuspegiari buruzko aukera sortzaile eta konstruktibo bat bezala har daiteke. Horrela izan dadin, elkarrizketarekin, denborarekin eta harmenarekin kudeatuko du Eusko Jaurlaritzak Herenegun hezkuntza-materialari buruzko adostasuna.

-Elkarrizketarekin. Orain arte izan diren interpretazioez eta terrorismoaren iragan hurbilaren tratamenduak eta Euskadik jasandako indarkeriak sorrarazten duten sentikortasunaz jabetuta, elkarrizketarekin eta zuhurtasunez landuko du Eusko Jaurlaritzak jasotako ekarpenetako bakoitza, aurreneko pilotajea 2019-20 ikasturtean burutzeko.

-Denborarekin. Lantzeko epeak zabaltzeak aukera emango du denbora-tarte hori erabili ahal izateko hausnarketa bare bat egiteko iragan hurbilari eta hezkuntza-eremura eramateko bitartekoei buruz.

-Harmenarekin. Eusko Jaurlaritzaren borondatea da jasotako ahalik eta proposamen gehienak barneratzea, horrela eskainiko baitu Herenegun materialak parte-hartze maila handieneko emaitza.

Jonan Fernándezek bi muga etiko bakarrak gogora ekarri ditu: “Ezin da onartu terrorismoaren eta indarkeriaren inolako legitimazio-modurik. Eta ezin da baztertu edo ezkutatu gertaera bakar bat ere, azken 60 urte hauetan giza eskubideen edo bizitzarako eskubidearen eraso larri bat izan bada”.

Bestetik, Gogoran gordailatuko da Herenegun Material Didaktikoari buruzko dokumentazio osatuaren multzoa, gerora begira, gure iragan hurbilaren memoria kritiko baten eraikuntza-prozesuaren parte denez gero, aztertu eta analizatu ahal izateko.

Hurrengo pausoak

Bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa-prozesu bati ekingo dio Herenegun hezkuntza-materialari ekarpenak egin dizkioten erakundeekin eta pertsonekin.

Jonan Fernándezek azaldu duenez, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak bihar izango duen ohiko bileran, Eusko Jaurlaritzak dokumentu hau aurkeztuko du: “Elkarrizketarako proposamena Herenegun material didaktikorako jasotako ekarpenen inguruan”. Dokumentu hori ekarpenak egin dituzten erakunde eta pertsona guztiei bidaliko zaie, eta horrekin emango zaio hasiera hezkuntza-materialari buruzko elkarrizketa-prozesuari.

Idazkari Nagusiak azpimarratu duenez, elkarrizketa bidez eta zuhurtasunez garatuko da prozesua, denborarekin eta baretasunarekin, baita ahalik eta iradokizun gehienak barneratzeko harmenarekin eta borondatearekin ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)