Eu

Marcos Muro: “Gizarteratzeko IV. Planak desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatura hurbiltzen jarraitzearen alde egiten du, bai eta lan-merkatua desgaitasuna duten pertsonetara hurbiltzearen alde ere”

2019.eko urtarrilak 23
  • Lorezaintzako eta Garbiketako profesionaltasun-ziurtagiriak banatzeko ekitaldia, Lantegi Batuen eskutik

Bilbo, 19 01 23

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak gaur goizean, Lantegi Batuak antolatutako ekitaldi batean, honako hau esan du: “Gizarteratzeko IV. Planak desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatura hurbiltzen jarraitzearen alde egiten du, bai eta lan-merkatua desgaitasuna duten pertsonetara hurbiltzearen alde ere”. Muro sailburuordeak 79 profesionaltasun-ziurtagiri berri banatzeko ekitaldian parte hartu du; ekitaldia Lantegi Batuak antolatu du, Bilbon. 2014tik, Lantegi Batuak aukera eman du ingurumen-zerbitzuetako unitateko 251 pertsonak, guztira, dagokien diploma izateko; horietatik, 164k adimen-desgaitasuna dute.

Ziurtagiriak banatzeko ekitaldian, sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak Lanbide bidez eta Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin garatzen dituen ekintzetako batzuk azaldu ditu; horien bidez, lanpostuei eusten eta desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren kontratazioa areagotzen laguntzen da. Hori horrela esan du, Gobernuak, iaz, 42 milioi euro bideratu zituela desgaitasunen bat duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko sustatzera. “Eta 2019. urte honetarako, gizarteratzeko enpresetan enplegua sortzeko eta hari eusteko beste 10,22 milioi euro inbertitzea onartu dugu, eta milioi bat gehiago enplegu lagunduaren jarduketak garatzeko laguntzetara bideratzeko, desgaitasuna duten pertsonak integratzeko neurri gisa”.

Gaur goizean Bizkaia Aretoan egin den ekitaldian Murok honako hau nabarmendu du: “batzuetan desgaitasuna izateak dakarren desabantailaren aurrean, erakunde publikoei eta gizarteari, oro har, lan egitea dagokigu”. Eta zera esan du: “hala egiten dugu ziur gaudelako gizarte aurreratuak eta kohesionatuak, gurea bezalakoak,  pertsonekin kontatu behar duela”. “Guk ahal den guztia egingo dugu Euskadiko hirugarren gizarte-sektorearekiko elkarlan-eredu hori sendotzeko, izan ere, horrek elkarrekin hazteko aukera eman digu, bai eta, beren gaitasunen arabera, bizi-proiektuak garatzeko laguntza bereziak behar dituzten pertsonei ahalik eta arreta onena emateko ere”, esan du amaitzeko.

Ziurtagiriak

Gaur banatu diren Lorezaintzako eta Garbiketako 79 diplomak edo profesionaltasun-ziurtagiriak aintzat hartuta, Lantegi Batuak, dagoeneko, 251 pertsona ditu ziurtatuta eta horietatik 164k adimen-desgaitasunen bat dute. Erakundearen hitzen arabera, diploma horiek lanbidea aintzatesteko modu garrantzitsua da, pertsona horien egungo jardueran ez ezik enpresa arruntetan, Lantegi Batuetatik kanpo, enplegua lortzeko ere.

2014tik aitortutako 251 pertsonek –145 gizon eta 106 emakume– garbiketako eta lorezaintzako lanbide-gaitasun guztiak ziurtatu dituzte (abuztuaren 28ko 1378/09 Errege Dekretuak araututa), zehazki honako kategoria hauei lotutakoak: azalera eta altzarien garbiketa eraikinetan eta lokaletan; eta jarduera osagarriak mintegi, lorategi eta lorezaintzako zentroetan.

Langile horiek guztiek Lantegi Batuen laguntza izan dute egiaztapen-prozesua prestatzeko, bai eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren (IVAC/EEI) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa ere.

Ekimena Aukerability proiektuan sartzen da; % 50ean finantzatzen du Europako Gizarte Funtsak, Euskadiko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan; programa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere badu, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bidez.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak