Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Akordioa Jaurlaritzaren eta Sustapen Ministerioaren artean Gasteiz-Donostia nazioarteko zabalerako trenbide loturarako

2011.eko martxoak 04

Ernesto Gascok, Garraio Sailburuordeak iragarri du "Donostialdeko Metroa Martxan" II. Jardunaldien amaiera ekitaldian

Ernesto Gascok, Garraio Sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak akordioa lortu dutela iragarri du gaur, Gasteiz-Donostia trenbide igarobideak eta Frantziarekin izan duen loturak nazioarteko zabalera edo UIC zabalera izan dezan. Horrela, trenek bi herrialdeen artean zirkulatu ahal izango dute, mugan tren aldaketarik egin behar gabe.

Gascok esan du Sustapen Ministerioaren konpromisoa lortu dutela Gasteiz-Donostia-Hendaia ardatzaren trenbide zabalera berriaren ezaugarriak definituko dituen informazio azterlana idazteko. Aurreikuspenen arabera, urtebete eta erdiko epean egon daiteke burututa.

"ADIF-ekin eta Sustapen Ministerioarekin izandako bilera askoren ondorio den azterlanak, proiektuaren kostua eta burutzapenerako epea zehaztuko ditu. Etorkizunean posible izango da, adibidez, Donostia eta Baiona artean zirkulatzea trenik aldatu gabe. Horrela, betirako baztertuko dugu Europatik bereizten gintuen trenbide hesia", adierazi du.

Euskadi Europarekin lotuko duen neurri hori hartzeak ekonomiaren dinamizazioa bultzatuko du, enpresak eta lanpostuak sortuko baititu: "Eragilea izango da gure ekonomiarako, baina, horrez gain, apustu handia da, gure errepideetan pilaketak sortzen dituzten kamioien kopurua murrizteko", azaldu du sailburuordeak.

Iragarpen hori "Donostialdeko Metroa Martxan" II. Jardunaldien amaiera ekitaldian egin da. Jardunaldiak Donostiako Miramar Jauregian ospatu dira, eta ingeniaritza eta eraikuntza, trenbideko material eta aholkularitza enpresetako eta erakundeetako 150 profesionalek hartu dute parte.

Gascok esan duenez, "gurutzaldi abiaduran aurrera egiten ari den proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren trena da, eta Donostia eta Gipuzkoa komunikatzeaz gain, Euskadi osoa komunikatzen duen trena da. Donostialdeko metroak Europar Batasunak eskatzen dituen errentagarritasun ekonomikoko gizarte parametro guztiak betetzen ditu eta, ondorioz, Inbertsioen Banku Europarrak finantza dezakeen proiektua da".

Garraio Sailburuordeak azaldu du Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ari dela lanean Donostialdeko Metroa sozietatea eratzeko, Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren bitartez: "Ezinbestekoa da Foru Aldundiaren inplikazioa finantzaketaren ehuneko 50ean, Bizkaian gertatzen den bezala. Akordio hori lortzen badugu, askoz azkarrago aurrera egiteko gai izango gara".

Gascok gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro inbertitu dituela jada Donostialdeko Metroan, une honetan burutzen ari diren lanen (Loiola-Herrera, Fanderia-Oiartzun, Lasarte-Errekalde eta Errekalde-Añorga) eta trazatu berriak definituko dituzten proiektuen bitartez.

Halaber, iragarri du denbora gutxi barru lizitatuko direla Loiolako Erriberetako intermodalaren eraikuntza proiektua, Altzako geltokiaren eraikuntza proiektua eta baita Lugaritz-Anoeta zatiaren eraikuntza proiektua ere. Esan du, baita ere, 2011n Loiolako geltoki berria eraikitzeko lanak hasiko direla.

Gaurko jardunaldian, Frantzian dagoen Rennes hiriko Metroaren zuzendaritza taldeko kideek hartu dute parte. Hiri horrek Donostiak dituen antzeko ezaugarriak ditu, eta duela hamar urte baino gehiago metroaren aldeko apustua egin zuen, bertan zeuden mugikortasun arazo larriak bideratzeko konponbide hoberena baitzen.

Guy Jouhierrek, Rennes Metropoleko Garraio eta Azpiegitura Ordezkariak esan du "esaten zen proiektu faraonikoa zela, hiria oso txikia zelako. 9 urte daramatzagu martxan, eginiko inbertsioa ordaindu dugu eta bigarren linea bat eraikitzeko aukerak aztertzen ari gara".

"Metroa gure garraio sistema berriztatzeko aukera izan da. Urtean 30 milioi bidaiari ditugu, eta autobusak, lineak berrantolatu ondoren, metroa martxan jarri baino askoz gehiago erabiltzen dira. Intermodaltasuna ezinbestekoa da gure arrakasta ulertzeko", gehitu du.

Jouhierrek Renneseko metroa automatikoa dela azaldu du, 1-2 minutuz behingo maiztasunak dituela eta merkataritzako abiadura 32 km/h-koa dela: "Betidanik eztabaida egon da, tranbiaren eta metroaren artean, baina argi genuen. Ikusmen eta zarata eragina hutsa da, segurua da, eskariaren beharretara egokitzen da eta automatikoa denez, 100 pertsonak osaturiko lantaldearen bitartez kudeatzen da".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)