Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza giza eskubideen segimendua egiteko ordezkaritza baten buru Hondurasen

2019.eko urtarrilak 26
  • Bidaia Eusko Jaurlaritzak martxan duen giza eskubideen defendatzaileak Babesteko Euskal Programan sartzen da
  • Helburua da jazarpenak eta mehatxuak jasateagatik Euskadin hartutako pertsonak beren herrialdeetara itzultzean bizi duten egoera ezagutzea

Eusko Jaurlaritza gaur Hondurasera bidaiatuko den ordezkaritza baten buru da. Bidaiaren helburua da, Giza eskubideen defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren barruan, herrialde horretatik Euskadin hartu zituzten pertsonen segimendua aztertzea, beren herrialdeetara itzuli ondoren. Misioan Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordeko alderdi politiko guztietako ordezkariak eta Mundubat eta CEAR Euskadi GKEen ordezkariak izango dira tartean. Bidaia ofiziala urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra bitartean izango da.

Iaz, programa horri atxiki zitzaion Nohemí Esther Pérez Borjas defendatzailea, Honduraseko atxilotu eta desagertuen familiartekoen Batzordeko kidea (COFADEH); 80 hamarkadan ekin zion aktibismoari, bere nebaren desagerpen behartuaren ondoren. 1982az geroztik, egiaren eta justiziaren aldeko plantoia koordinatzen du; hilero egiten da, Tegucigalpan. Gainera, memoria historikoaren elkarrizketaren sustatzaile da, estatu-terroreko indarkeria politikoaren ehunka biktimak ez ahazteko.  Hori guztia aintzat hartuta, etengabe izan da mehatxuak, jazarpenak eta erasoak jasaten; beraz, herrialdetik irten behar izan zuen, bere osotasun fisikoa eta morala babesteko.

Euskal misioaren helburua da zuzenean ematea ezagutzera Nohemí Esther Pérezek eta aurreko edizioetan programari heldu zioten Honduraseko gainerako pertsonek gaur egun bizi duten egoera.

Defendatzaile horien eta beren erakundeen segimendua in situ egiteaz gainera, euskal ordezkaritzaren bidaian sendotu egingo da pertsona horiek babesteko sarea eta euskal erakundeen laguntza emango da ezagutzera.

Horretarako, euskal ordezkaritzako kideek aurreikusten dute topaketa izatea gizarte-erakunde eta -mugimenduekin eta Honduraseko erakundeetako agintariekin, herrialde horretako giza eskubideen egoeraren berri izateko.

Bidaia amaitu ondoren, ordezkaritzak balorazio-txostena idatziko du, eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrialdean argitaratuko da, eta Hondurasen kontaktatutako pertsona, erakunde eta instituzioei bidaliko zaie.

Estatuko babes-programen baterako adierazpena

Aldi Baterako Babes Programak nazioarteko laguntza- eta elkartasun-tresnak dira. Horien bidez laguntzen da, batetik, pertsonen bizitza eta osotasun fisikoa babesten eta, bestetik, jatorrian giza eskubideak defendatzeko prozesuei eusten.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenarekin, Giza eskubideen defendatzaileei buruzko adierazpenaren 20. urteurrenarekin eta emakume defendatzaileen babesari buruzko ebazpenaren bosgarren urteurrenarekin bat etorriz, pasa den abenduan Euskadiko, Asturiaseko, Kataluniako eta Valentziako gobernuetako eta Madril, Bartzelona eta Valentzia hirietako defendatzaileak babesteko programetako arduradunek baterako adierazpena sinatu zuten. Horren bidez, maila globalean giza eskubideen alde lan egiten duten pertsonek eta erakundeek jasaten dituzten eraso eta jazarpenen inguruan “kezkatuta” daudela adierazi dute, eta estatu guztiei dei egin diete “beren betebeharrak betetzeko”, pertsona horiek “bidezko lan” hori egiteko baldintzak berma daitezen.

Era berean, “hezkuntzaren maila guztietan eta bizitzan zehar” giza eskubideen irakaskuntza sustatzeko eta hari bide emateko beharra berretsi dute.

Erreferentziazko programa giza eskubideen arloan

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak , 2011tik, Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa du martxan, eta, harrezkero, 5 herrialdetako 20 pertsonak heldu diote programari (11 emakumek eta 7 gizonek eta bi adingabek, mutiko batek eta neskato batek). Ekimena erreferentzia gisa hartu da beste autonomia-erkidego batzuetan antzeko ekimenak garatzeko, eta balorazio garrantzitsua izan du “Protect Defenders” Europako plataforman.

Programaren garapena eta kudeaketa CEAR-Euskadiren kargura da; erakunde horrek ibilbide luzea du giza eskubideen defentsan eta sustapenean eta nazioarteko babesa behar duten errefuxiatuen, lekuz aldatutako pertsonen, aberrigabeen eta migratzaileen edo bazterketa-arriskuan daudenen garapen integralean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak