Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailek elikadura osasungarria sustatzen dute eskola-ikasleen artean, ekintza berrien bidez

2019.eko urtarrilak 21

Urtea hasi eta ekimen pilotuak jarriko dira abian, gazteenak fruta, barazki eta arrain zuri gehiago jatera animatzeko; horretarako, segimenduen eta sarien sistema bat baliatuko da eta, horren bidez, diploma bat lortuko dute

 

Datorren otsailaren 4an, Osasun Sailak eta Hezkuntza Sailak proiektu pilotu berriari ekingo diote, zortzi eta hamaika urte bitarteko eskola-ikasleak (lehen hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera bitartekoak) elikagai osasungarriak kontsumitzera bultzatzeko. Helburua motibatzea da, sarien sistema baten bidez, fruta, barazki eta arrain zuri gehiago kontsumitzen hasteko, bai etxean, bai ikastetxean, harik eta beren dietan ohitura bilakatu arte.

Ekimena Vitoria-Gasteizko ikastetxe publiko batean garatuko da –bertan, catering-zerbitzua dago–, bai eta Sopelako (Bizkaia) ikastetxe itundu batean ere –bertan sukaldea dago–. Datozen hiletan, ematen zaien fruta, barazki eta arrain zuria kontsumitzen duten ikasleak puntuak gehitzen joango dira; tutorea puntu horiek idazten joango da.

Modu berean, ikasleen aita-amek adingabeek etxean jaten duten fruta, barazki eta arrain zuriaren kopurua jaso beharko dute. Erregistro hori tutoreari emango zaio eta hark kargura duen eskola-ikasle bakoitzaren puntuak batuko ditu. Ezarritako helburuak betetzen dituztenek “ikasle osasuntsua”ren diploma jasoko dute. Aldi berean, ikasgela osoak “ikasgela osasuntsua”ren diploma jasoko du, baldin eta ikasleen % 75ek diploma jasotzen badu.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzen arabera, “garrantzitsua da ekintzak abian jartzea eta gure ohiturak haurtzarotik hobetzen saiatzeko metodo berriak probatzea. Elikadura diabetesaren, gaixotasun kardiobaskularren eta zenbait minbizi-motaren garapenarekin lotuta dago. Hori dela eta, garrantzitsua da umeak heztea, elikadura-ohitura onak har ditzaten eta, horrela, jaten dutena babesteko faktore izan dadin eta ez gaitzak garatzeko arrisku-faktore”.

Umeek jaten dutena erregistratzeko inprimakia doan deskarga dezake edozein interesdunek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren web-orriaren honako esteka honetan: www.euskadi.eus/informazioa/ikasle-osasuntsua/web01-a2segali/eu/

Proiektua “Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak planean sartzen da; plana Osasun Sailak sustatu zuen iaz, elikaduraren bidez osasuna sustatzeko. 2018an, aurretiko proiektua egin zen eta helburua izan zen hamar ikastetxetako jangeletako menuak aldatzea eta elikagai osasungarriagoak sartzea.  Emaitzak eta adingabeen onarpen-maila aztertu ziren eta erabaki zen, aurrerantzean, menuek arrain urdinaren bi espezie berri izango zituztela: antxoa eta berdela. Gainera, fruta eskainiko zaie astean 4 egunetan, 3 egunetan izan beharrean, orain arte bezala.  Premisa berriak eskola-jangeletako hurrengo esleipen-kontratuaren hezkuntzako baldintza-agirietan sartzen joango dira; kontratua aurtengo irailean sartuko da indarrean (2019).

 

GIZARTEARENTZAKO ELIKADURA OSASUNGARRIAREN KANPAINA

Ikastetxeetan eta “Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak” planak jasotzen dituen beste eremu batzuetan sustatzen ari diren ekintza horiez gainera, Osakidetzak eta Osasun Sailak aste honetan komunikazioko beste ekimen bat jarri dute martxan, euskal gizarte osoarentzat. Horrela, 41 informazio-olana jarri dira euskal osasun-sareko osasun-zentroetan eta ospitaleetan, programaren lemarekin: “Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak”: “Aukeratu osasuntsu jatea. Zu irabazle!” . Helburua da gizarte osoan elikadura-ohitura onak hartzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 21a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko urtarrilak 23

    Desde Peru
    Interesante el proyecto me gustaria mas informacion