Berriak Lehendakaritza
Eu

“Euskadi talentuduna” “Euskadi terrorismoduna”ren ordez

2011.eko martxoak 07

Lehendakariak Londresen baztertu egin ditu uharte britainiarrean ETAren terrorismoaren inguruan dauden “alegia erromantiko faltsuak”, eta Ongizate Estatuaren iraupena defendatu du, “porrot egin duen” neoliberalismoaren aurrean

Patxi López lehendakariak Londresko London Schoolen eman duen hitzaldiaren gai nagusia honakoa izan da: Ongizate Estatua, zerbitzu publikoak eta gizarte–politikak bermatzeko —krisialdian, bereziki— modu gisa. Lehendakariak sozialdemokrata europarrei “pilatutako konplexuak” baztertzeko eskatu die, neoliberalismoaren eredu sozialak “porrot egin baitu”. “Frogatu nahi dutenen aurrean, ahalegin bateratuaren balore sozial zaharrak, barneko elkartasuna eta helburuen zehazpena berreskuratu behar ditugu, etorkizunaren inguruan itxaropena ematen diguten borondateak lortzeko”, azpimarratu du jendez beteta zegoen areto batean. Lehendakariak Londresen ETAre inguruko “alegia erromantiko faltsu” batzuk baztertu nahi izan ditu, eta “amesgaiztoaren bukaerara iristen ari garela” ziurtatu du. “Bide horretan aurrerapausoak ematen ari gara. Eta hori berri ona da. Horrez gain, zorroztasun demokratikoak, Zuzenbide Estatuaren eraginkortasunak, indarkeriaren edo indarkeria onartzearen aurreko zero tolerantziak, batasunak eta gizartearen ukoak ekarri gaituztela honaino esan dezaket”, azpimarratu du.

“Euskadi terrorismoa baino zerbait gehiago da: helburu handiak dauzkan herrialde txiki bat gara”. Patxi López lehendakaria horrela ahalegindu da Euskal Herriarekin lotu izan diren estereotipoak apurtzen eta egungo Euskadi London Schooleko hitzaldi-aretoa bete duten ikusleei erakusten. Lehendakariaren hitzaldia, nagusiki, arlo ekonomiko eta ideologikoari buruzkoa izan da; Ongizate Estatuaren eta herritarrek erantzukidetasunaren bidez erabakietan gehiago parte hartzearen alde egiten duen apustua azaldu du, eta euskal politikaren egungo egoerari buruz duen iritzia azaldu du.

Gai horri dagokionez, lehendakaria zorrotz agertu da egungo egoera —hau da, ETA talde terroristaren su-etena eta ezker abertzaleak talde politiko berri bat aurkeztu izana— eragin duten arrazoiak azaltzerakoan. “Zorroztasun demokratikoak, Zuzenbide Estatuaren eraginkortasunak, indarkeriaren edo indarkeria onartzearen aurreko zero tolerantziak, batasunak eta gizartearen ukoak ekarri gaituztela honaino esan dezaket”, azpimarratu du bi gertakari horiek “berri ona” direla azaldu duenean. Lehendakaria ziur dago “amesgaiztoaren amaierara iristen ari garela”.

Lehendakariak azaldu du Euskadira orain “demokrazia eta aniztasun demokratikoaren garaia” iritsi dela, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak funtsezko 3 oinarrirekin lan egingo du: justizia, egia eta demokrazia. “Euskadi terrorismoa baino zerbait gehiago da: Euskadi herrialde moderno bat da, ez du atzean geratu nahi munduaren garapenean, helburu handiak dauzkan herrialde txiki bat gara, gure gizartea XXI. mendeko beharretara egokitzeko erreforma sakonak egiten hasi gara eta Euskadi herritar aske, solidario, iraunkor eta lehiakorrez betetako herrialde bat izatea nahi dugu”, erantsi du.

Ongizate Estatua

 

Egoera politikoa aztertu baino lehen, lehendakariak Ongizate Estatuaren inguruko eztabaida mahaigaineratu du, baita sozialdemokraziak haren defentsan eta birformulazioan duen egitekoa ere. “Gauzak gaizki egin ditugu”, onartu du lehendakariak. Ezkerreko alderdiei egungo krisi egoeraren aurrean “erantzun bat” emateko eskatu die. “Badakigu neoliberalismoak porrot egin duela”, azpimarratu du, eta “sozialdemokratok pilatutako konplexuak galdu behar ditugu kudeaketa publikoa erreformarako eta gizartea aldatzeko espazio gisa ulertzeko”.

Erreforma eta gizarte-aldaketa horrek Gizarte Ongizatearen definizioa ere barne hartzen du. Lehendakariak “gizarte gisa lortu nahi dudan garapen- eta ongizate-mailan” oinarritzea defendatzen du, baita “hori lortzeko adina baliabide izatea ere”, eta ez pentsatzea “horiek direla dauzkagun baliabideak eta horraino iristen direla gure Ongizate Estatua, gure zerbitzu publikoak edo gure gizarte-politikak”.

 

Zentzu horretan, Lópezek arlo horretan hartu behar diren neurri batzuk zehaztu ditu, adibidez: “ekonomikoki haztea, etorkizunari bermeekin aurre egitea ahalbidetzen duten kontu publiko garbiak izatea, herritarrak erantzuleak izatea eta zerbitzuak eta laguntza publikoak iruzur edo gehiegikeriarik gabe erabiltzea, administrazioa eraginkorra eta zuhurra izatea eta baliabide publikoak ez xahutzea, eta sistema bermatzeko adinako fiskalitatea izatea”.

 

“Niretzat fiskalitateari buruzko eztabaida ez da eztabaida ekonomiko huts bat; aitzitik, eztabaida politiko eta sozial bat da, erantzun behar den oinarrizko galdera ez baita zein zerga ordaindu nahi dugun, baizik eta zein diren jaso nahi ditugun zerbitzuak, hezkuntza, osasun-zerbitzuak, estaldura sozialak, azpiegiturak, justizia... eta nola ordaintzen ditugun”, gehitu du.

 

Gainera, lehendakariak herritarrek paper aktiboagoa izatea aldarrikatu du; izan ere, haiek azaldu behar dute Ongizate Estatuari eusteko zein “erreforma behar diren, batzuk mingarriak” direla kontuan hartuz. Euskadin dagoeneko gauzatzen ari dira, adibidez, industria- eta enpresa-sareen erreformak, eredu hirueledunarekin hezkuntzan ezagutza sustatzea, sanitate publikoaren erreforma, Open Government-a martxan jartzearen aldeko apustua, eta laguntza publiko eta sozialak politika aktibo bihurtzea. “Badakigu zer nahi dugun eta horixe lortzeko beharrezkoa den ahalegina egiteko prest gaude” esanez bukatu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)