Berriak Hezkuntza
Eu

Zorrotzako Gizarte-hezkuntza Proiektuaren aurkezpena

2019.eko urtarrilak 17
  • Hezkuntza Sailak esku-hartze komunitarioaren ereduari jarraitzen dion gizarte-hezkuntzako proiektua bultzatu du, sareko lanean oinarritua, komunitatea eraikitzeko erarik egokiena horixe delakoan
  • Zorrotzako (Bilbo) haur, nerabe eta gazteak auzorekin eta gizartearekin konprometitutako herritar gisa heztea du helburu, auzoko ikastetxe publikoek egiten duten lana ere agerian jarriz

Bilboko Zorrotza auzoko Udaltegian 2017-2022 Zorrotza Gizarte-hezkuntzako Proiektua aurkezteko ekitaldia burutuko da gaur arratsaldez (urtarrilak 17, osteguna, 17:30etan), auzotar guztientzat eta ekimen hau ezagutzeko interesa duen ororentzat irekia. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila 2017tik ari da proiektu hau bultzatzen Bilboko Udalarekin eta auzoko hainbat elkarterekin lankidetzan.

Esku-hartze komunitarioaren ereduari jarraitzen dion gizarte-hezkuntzako proiektu bat da, Zorrotzan bizi diren hainbat sektoretako eragileen parte hartzearekin garatzen ari dena. Aurrez aipaturiko erakundeez gain, proiektuan ari dira familiak, Zorrotzako hiru ikastetxe publikoak, osasun zentroa, haur eskola, euskaltegia, auzo elkarteak eta gainerako gizarte zein kultura eragileak. Guztien artean eta guztien inplikazioa tarteko, honako hau da helburua: Zorrotzako haur, nerabe eta gazteak hezkuntza-curriculumaren arlo guztietan trebatutako herritar gisa heztea, euren auzoarekin zein gizartearekin konprometitutako gazte solidarioak.

Proiektua 2017an sortzen eta lehen pausoak emetan hasi zenetik oraintsu arte, proiektua bera definitu eta diseinatzeko elkarlana gauzatu da, helburu eta metodologiak zehaztuz. Bertan inplikatu diren eragileek elkar hobeto ezagutzeko garaia ere izan da, hauetako bakoitzak proiektura zein ekarpen egin dezakeen identifikatuz.  

Proiektu honen baitan garatuko diren jarduerak burutzeko sortu den batzorde teknikoak lehenetsi ditu, dagoeneko, 2018-2019 ikasturte honetan zehar landu beharreko ardatzak: bizikidetza, euskararen sustapena, eskola kalera ateratzea edo metodologia berrikuntza daude horien artean. Horrez gain, jarduera-egutegi partekatu bat osatzen ere ari da batzordea, lehentasunezkotzat jo diren gai horiei erantzuna emateko.

Egun, zerbitzu solidarioen ikaskuntzarekin loturiko hainbat ekimenen inguruan ari dira lanean, esaterako, auzoko osasun zentroarekin batera garatuko dena, odola emateak duen garrantziaren inguruko sentsibilizazioa pizteko auzotarren artean. Batzorde teknikoa honako erakunde edo elkarte hauetako ordezkariek osatzen dute: Zorrotzako hiru ikastetxe publikoak eta bertako guraso elkarteak; Zorrozgoiti haur eskola; auzo elkarteak; Zorrozako osasun zentroa; Bilboko Udala eta Hezkuntza Ikuskaritza.

Ekimen hau joan zen urrian Bilbon burutu zen Estatuko Hezkuntza Ikuskarien XV Kongresuan aurkeztu zen. Harrera bikaina izan zuen orduko hartan, hezkuntza auzo guztiarentzat erreferente izan dadin eragile guztien koordinazioan eta inplikazioan oinarritzen den esperientzia baita hau.

Sareko lana

2017-2022 Zorrotza Gizarte-hezkuntzako Proiektua hainbat faktorek auzoan bat egiteari esker ari da garatzen, hala nola, bertako gizarte antolamendu sendoa, ikastetxeetako zuzendaritza taldeen ilusioa, erakundeen babesa eta batez ere konpromisoa erakutsi duten pertsonen parte hartzea. Honek guztiak dakarren esku-hartze eredua, hau da, inplikatutako elkarte, erakunde zein zerbitzuen arteko sareko lana, komunitatea eraikitzeko erarik egokiena da. Sareko lan horrek, aldi berean, Zorrotzako haur, nerabe eta gazteen hezkuntza-garapenaren hobekuntza ere badakar, eta auzoan ikastetxe publikoak egiten ari diren lana ikustaraztea ere erraztu egiten du.

Era honetako proiektu batek:

  • Hezkuntza eragileen erantzunkidetasuna indartzen du
  • Ikaskuntza prozesu formalak, ez formalak eta informalak elkarrekin uztartzen ditu
  • Eragileen begiradak integratzen ditu, emandako erantzuna egokiago bihurtuz
  • Parte hartzen duten kideak proaktiboago egiten ditu
  • Konponbideak bilatzearen aldeko kultura sustatzen du
  • Sareak sortzea errazten du
  • Hezkuntza ibilbideak sortzea bultzatzen du

 

 

 

 

2017-2022 Zorrotzako Gizarte-hezkuntzako Proiektuaren

aurkezpena

 

Zorrotzako Udaltegia (Clara Campoamor, 1  Bilbo)

Urtarrilak 17, osteguna

17:30etan

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak