Berriak Segurtasuna
Eu

Udalen ehun bat ordezkari izan dira Udaltzaingoaren hirugarren hautaketa-prozesu bateratuari buruzko informazio-saioan

2019.eko urtarrilak 16

EUDELek, Segurtasun Sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bilera egin dute Bilbon

 

Bilbo, 2019ko urtarrilak 16.

Berrogeita hemezortzi udaletako ehun bat ordezkari izan dira gaur EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak, Segurtasun Sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jarritako hitzorduan. Udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko hirugarren hautaketa-prozesu bateratua aurkezteko egin da bilera, eta prozesuari apirilaren hasieran ekitea aurreikusten da. Bileran udaltzainen erretiratzeko adinaren koefiziente murriztailea ezartzen duen Errege Dekretuaren gakoen eta eraginaren berri ere eman dute.

 

Berrogeita hemezortzi udaletako kargu politikoak eta teknikariak izan dira gaur Eusko Jaurlaritzaren Gran Vía 85eko ekitaldi-aretoan egin den informazio-bileran. Bertan udaltzaingoen hirugarren hautaketa-prozesu bateratuari eta, zehazki, horren abantailei, prozesuan sartzeko formulari, prozedurari eta egutegiari buruzko informazio zehatza eman zaie, argi utzita udalek borondatez balia dezaketen erreminta dela eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari kudeaketa-agindua eman behar diotela.

 

Formula hori udalerriekin lortutako adostasunaren emaitza da, eta udalei Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko hautaketa-prozesuak errazteko erreminta bat da, era horretara prozesuaren kudeaketa materiala sinplifikatzeko, prozesua abian jartzeko prozesua bizkortzeko eta deialdia egiten duen erakundeari kostuak murrizteko

 

Orain arte Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-kategoriarako hautaketa-prozesu bateratuaren bi deialdi egin dira. Lehenengo deialdian 12 udalerrik parte hartu zuten, eta guztira 75 plaza deitu ziren. Bigarren deialdia oraindik bukatu gabe dago, eta 26 udalerrik parte hartu dute bertan eta guztira 232 plaza eskaini dira.

 

“Orain dela gutxi onartu den araudiak udaltzainei 60 urterekin aurre erretiroa hartzeko aukera ematen die, eta horrek kidegoak berritzeko ahalegin handia egitea eskatuko die udalei; hautaketa-prozesu bateratuak zentzu horretan dira balioko tresnak, azkarrak eta eraginkorrak baitira. Une hauetan egiaztatuta dago prozesua erreminta sendoa dela, eta balorazio positiboa egiten dutela prozesuan borondatez sartzen ari diren udalek, hiru hiriburuetakoak barne direla. Erremintari esker baliabideak partekatu daitezke eta udalerrietako hautaketa-prozesuak arindu daitezke, eta udalen eskumenak ukitu gabe”, esan du Mungiako alkatea eta EUDELen Exekutibaren ordezkaria den Ager Izagirrek, eta behin berriro ere balioetsi egin du Segurtasun Sailarekin eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin abian jarritako lankidetza.

 

Informazio-saioan Segurtasun Sailaren aldetik esku hartu dute Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak, Araubide Juridikoaren eta Hauteskunde Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxek eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak. Arruabarrenak apirilean deitzea aurreikusita dagoen hirugarren hautaketa-prozesuaren kronograma aurkeztu du.

 

“2019an agenteak behar bezala ordezkatuko direla bermatzeko, EUDELen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-esparruaren baitan, egokitzat jo da Udaltzaingoaren hirugarren hautaketa-prozesua hilabete batzuk lehenago egitea, ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko sor litezkeen premiei”, azpimarratu du Arkauteko Akademiaren zuzendariak.

 

Data horretarako, deialdian sartzeko interesa duten udalek onartuta izan behar dute Lan Eskaintza Publikoa, eta izenpetuta kudeaketa-agindurako euren hitzarmenak. Oinarrien arabera, EUDEL – Euskadiko Udalerrien Elkarteak izendatuko ditu udalerrietako teknikariek osatuko duten Hautaketa Epaimahaiko kideak.

 

“Garrantzizkoa da informazio-saio honetan 58 udal egotea, agerian uzten baitu zer-nolako garrantzia hartzen ari diren hautaketa-prozesu bateratuak Euskadiko udaltzaingoetako belaunaldien txandan”, adierazi du Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak.

 

Interesa duten udalerriek prozesuari ekiteko prestatu behar duten dokumentazioa ere aurkeztu zaie udalei saioan.

  • Kudeaketa Agindurako Hitzarmen proposamena.
  • Hautaketa Prozeduraren Oinarrien proposamena
  • Prozesuaren kronograma
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2019.eko urtarrilak 16

    Comentario de Twitter:
    Un centenar de representantes municipales acuden a la sesión informativa sobre el tercer proceso selectivo... https://t.co/MIf53o9afV

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ager Izagirre