Eu

Euskadik bere Ekonomia Zirkularreko Estrategia azkendu du gizarteko 200 eragileren lankidetzarekin

2019.eko urtarrilak 16
  • Jardunaldian zehar estrategiaren behin betiko testura erantsiko diren ehundik gora ekarpen jaso dira 
  • Topaketa Gobernu Kontseiluan behin betiko onartu aurretiko urrats gisa ireki den parte-hartze publikorako prozesuaren parte da 
  • Elena Moreno sailburuordearen arabera, euskal ekonomiaren hazkundea dagoeneko ez dago lotuta kontsumitutako baliabideen igoerarekin eta hondakin gehiagoren ekoizpenarekin

 

Euskadiko gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-sektore garrantzitsuenetako 200 pertsona inguru elkartu dira Bilbon Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila antolatzen ari den Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030rako Estrategiako edukiak eztabaidatu eta lantzeko. Estrategia horrek euskal ekonomiaren eraldaketarako oinarriak finkatuko ditu, horiek zirkularrago eta eraginkorrago egiteko.

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ireki du ekitaldia eta ekonomia zirkularraren arloan Euskadi izan dugun abiapuntuko egoera aztertu du. “2000. urtetik hona, euskal ekonomia % 26 hazi da; materialen kontsumoa, berriz, % 25 jaitsi da eta zabortegian amaitzen duen hiri-hondakinen bolumena % 56 murriztu da”, azaldu du Morenok. “Horrek esan nahi du gure ekonomia materialen kontsumoa eta hondakinen sorrera banantzen ari da ekonomia zirkularreko neurrien bidez; hau da, hazkundea, baliabideen erabilera intentsiboaren mende baino horien erabilera eraginkor eta jasangarriaren mende dago gehiago”, gaineratu du.

Jardunaldian zehar, bertaratutakoek, lan-mahai desberdinetan parte hartzeko aukera izan dute eta, horietan, geroago estrategiaren behin betiko testuan txertatuko diren ehun ekarpen baino gehiago jaso dira.

Lan-talde desberdinek estrategiaren alderdi nagusien inguruan eztabaidatu dute: berrikuntza eta fabrikazioko baliabideen erabilera eraginkorra; enplegua eta negozio-eredu zirkular berriak; elikadura eta bioekonomia zirkularra; eraikuntza eta birgaitze jasangarria, eta hondakinak bigarren mailako lehengai gisa.

Parte-hartze publikoa

Estrategia burutzeko diseinaturiko lan-metodologiak inplikaturiko eragile guztiak biltzen ditu eta euskal ekonomiaren zirkularizaziorako ibilbide-orri bat izatea ahalbidetuko du. Azken helburua Euskadi ekonomia zirkularrean erreferentea den EBko eskualde gisa kokatzea da, ingurumenarekiko errespetua jasangarritasun, lehiakortasun eta enplegu-sorrerarako funtsezko gako bilakatu dadin eta hazkunde ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi efektuko gasen emisiotik banandu dadin.

Etorkizuneko estrategiak ekoizpen-prozesu osoan zehar baliabideak optimizatzea ahalbidetu beharko du: diseinu eta fabrikaziotik hasita, kontsumotik, berrerabiltze-prozesutik, birmanufakturatik eta birziklapenetik igaroz, aprobetxatu ezin daitezkeen hondakinak ezabatzera arte. Modu horretan, modu esanguratsuan murriztu ahalko dira baliabideen sarrera zein hondakinen sorrera.

Estrategiaren elaborazio-prozesua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatu du bere menpekoa den Ihobe erakunde publikoaren bidez.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2019.eko urtarrilak 18

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco ultima su Estrategia de Economía Circular con la colaboración 200 agentes de la sociedad vasca https://t.co/llQeYdI9Y3

Ekitaldiko kargudunak