Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

"Zuk egiten duzu Euskadi"

2011.eko martxoak 04

"Zuk egiten duzu Euskadi" da kanpaina berriaren goiburua, eta joan den astelehenean Guggenheim museoan ospatutako Enbaxadore Galaren mezua indartzeko sortu da

Gala horren esparruan, lehendakariak honako hau ekarri nahi izan zuen gogora: "herritar guztiak inplikatu behar ditugu turismoa sustatzeko zereginean, Euskadi gero eta irekiagoa eta atseginagoa izan dadin lortzeko".

Kanpaina horren bitartez, euskal herritar guztiei jakinarazi nahi zaie euskal turismoaren arrakastaren partaide direla, 2010ean lortutako datuak bikainak izan direla aintzat hartuta, baita garrantzizko zeregin horri eutsi behar diotela ere, hazkunde-bide horretan aurrera egiteko.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak turismo-sentsibilizazioko kanpaina baten hasiera aurkeztu du gaur, Eusko Legebiltzarrean. Aste batzuetan, euskal herritar guztiak inplikatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, turismoa Euskadiko ekonomiaren garrantzizko sektore bat izan dadin lortzeko.

Kanpaina bihar (larunbata) hasiko da komunikabideetan, joan den astelehenean Guggenheim museoan ospatutako Enbaxadore Galan emandako mezuari jarraipena emateko asmoarekin. Lehendakaria egon zen ekitaldi horren buruan, eta milaka pertsona ezezagun zein ezaguni eskerrak eman zizkien, 2010. urtea euskal turismoaren historiaren onena izateko egin duten ekarpenarengatik.

Gainera, Patxi Lópezek adierazi zuen gizarte osoa turismoa sustatzeko zereginean inplikatu beharko litzatekeela, guztion artean Euskadi are toki atseginagoa eta erakargarriagoa izan dadin lortzeko.

Euskadiko turismo-sektoreak 19 hilabete metatu ditu etengabeko hazkundean. 2010ean Euskadik bere marka hautsi zuen etorritako bidaiari kopuruari dagokionez: 2,2 milioi turista baino gehiago bertaratu ziren gurera. Euskal turismoak bere historiako urterik onena izan du, beraz, honako arrazoi hauengatik, besteak beste: marketin-plan berriaren haritik sustapen-politika berriak garatu dira, sektoreak egindako ahaleginari erantsi zaizkionak; Eusko Jaurlaritzak eta Turespañak atzerrian sustatzeko zenbait akordio sinatu dituzte; eta, une honetan, Euskadik lasaitasun-irudi bat transmititzen du kanpora.

Sailburuak gogora ekarri duenez, kanpainaren bitartez honako mezu hau helarazi nahi da: "taxilariek, harreragileek, zerbitzariek, dendariek, azken batean herritar guztiok, daukagun onena eman behar dugu gure herria zaindu eta edertzeko, gure begien eta gurera datozen guztien begien gozamenerako". "Ohartu beharrean gaude turismoa oso garrantzitsua dela, aberastasuna eta enplegua sortzeko ez ezik, bizi-kalitatea hobetzeko ere gai den sektore ekonomikoa osatzen duen neurrian. Izan ere, gure turistek Euskadin zenbat eta esperientzia hobea eduki, orduan eta hobeto hitz egingo dute gutaz, eta guztiok ere zeresan asko dugu horretan".

Kanpaina horren atzean askoz ere lan zabalago eta garrantzitsuago bat dago, hain zuzen ere Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana, eta horren jardun-ildoak aplikatzen hasi dira dagoeneko.

Enbaxadoreak

Azken hilabete hauetan 2.500 pertsona baino gehiago atxiki zaizkio Euskadiko "enbaxadoreak" biltzeko ekimenari, euskadisaboreala.es web-orriaren eta Facebooken "Yo también soy embajador/a de Euskadi" profilaren bitartez.

Horien guztien artean, ospe handiko zenbait pertsonak Euskadin izan dituzten esperientzien berri eman nahi izan dute, bideo baten bitartez. Talde horren barruan bilduta daude kirol-arloko ordezkariak, hala nola Edurne Pasaban, Julio Salinas, Juanma López Iturriaga edo Caja Laboral-Baskonia taldeko Fernando San Emeterio, Brad Oleson eta Marcelino Huertas jokalariak; kulturaren eta artearen arloko pertsona ospetsuak, hala nola Elías Querejeta, Amaia Montero, La Oreja de Van Gogh, Igor Yebra edo Inma Shara; Martín Berasategi eta Karlos Argiñano sukaldariak; Modesto Lomba diseinatzailea; eta komunikazioaren arloko ordezkariak, hala nola Iñaki Gabilondo, Jon Sistiaga, Javier Hoyos edo Miguel de la Quadra-Salcedo.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan