Eu

Etxebizitza Sailak berrogeita hamar bat etxebizitzaren gizarte-alokairua kudeatzen du dagoeneko, Udal Biziguneren bitartez

2019.eko urtarrilak 17
  • Eibarrek bat egin du gaur goizez programa honekin, eta udal titularitateko zazpi etxebizitza gehitu ditu.

  • Arriola sailburuak Eibarren eredua goraipatu du, eta udal guztiei deitu die programarekin bat egin eta Alokabideren zein Etxebizitza Sailaren eskarmentuan eta kudeaketa onean konfiantza izatera.

  • ‘Udal bizigunea’k etxebizitzen kudeaketa erraztu eta homogeneoagoa egiten du Alokabideren bitartez; hura arduratuko da hasieratik alokairuaren gai guztiez, hala alde teknikoez nola maizterren tratuaz.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizez eta, haren bidez, Gipuzkoako udalak 7 etxebizitza lagako dizkio Alokabideri gizarte-alokairuetarako, Udal Biziguneren bitartez. Partikularren etxebizitza hutsak erakartzeko Bizigune programaren aldaera berezi bat da. Joan den udaberrian jarri zuen abian Etxebizitza Sailak, eta helburua da udal titulartasuneko etxebizitzak eskuratu eta alokairuko merkatu librean sar ez daitezkeen pertsona guztien eskueran jartzea. Urtebete baino lehen, programa honek berrogeita hamar etxebizitza inguratu ditu dagoeneko gutxi gorabehera. Eibarko Udalak konpromisoa hartu da, gainera, luze baino lehen, Udal Biziguneri etxebizitza bat gehiago batzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalen zati handi batek kasu askotan hutsik dauden etxebizitzak ditu, beste helburuetarako gordetzen edo, are, alokairu-programetara bideratzen direnak. Alokabideri etxebizitzak lagaz, sozietate publikoak alokairuko gai guztien ardura hartu du bere eskuetan: hala alde teknikoa nola maizterren tratua, baita etxebizitza zerrendatzea eta haren esleipen-prozesua ere, errentak kalkulatu eta kobratzea, zerbitzuen kontratazioak, gorabeherei kasu egitea eta etxebizitza mantentzea, eta haren kontserbazio egoera.

Horrek guztiak arindu egiten du udal kudeaketaren itomena; izan ere, gainera, udalean erroldatuta egotea (gehienez hiru urtez) sar dezakete etxebizitzak eskuratzeko betekizun gisa, eta betekizun horiei Bizigune eta Etxebide programan ezarritako ekonomia-, gizarte-, eta antzinatasun-aldetiko betekizunak ere gehituko zaie, gizarte-alokairuko etxebizitza eskuratzeko Etxebizitza Sailak nahitaez eskatzen duen bezala. Udal Bizigunen 6 urte luzagarritarako lagatzen dituzte etxebizitzak, eta udalek, orduan, errentamendu bakoitzeko kanon bat jasotzen dute hileko, Eusko Jaurlaritzako Bizigune programan izena emandako partikularrek jasotzen dutenaren antzekoa, hileko 600 euro gehienez.

Eibarko Udalak lagatako udal titulartasuneko 7 pisuak Etxebideko erregistroan alokairuko etxebizitza eskatzaile gisa izena eman duten pertsonei emango zaizkie errentan, Eibarren gutxienez hiru urtez erroldatuta egon badira. Etxebizitzetako batek lau gela ditu, bik hiru gela bana dituzte, eta gainerako laurek bi gela bana. Maizterrek ordaindu beharreko urteko errenta inoiz ez da izango errentamendu-kontratuko titularren urteko diru-sarrera ponderatuen % 30 baino gehiago.

Etxebizitzen eraberritze-lanak eta egokitzapenak Alokabidek egiten ditu, eta guztira 96.000 euroko aldez aurreko inbertsioa behar izan dute, Alokabidek udalari alokairuagatik ordaindu beharreko hileko kanonetik kentzekoak.

Arriola sailburuak erakunde publikoen arteko lankidetza eta Eibarko udalerriaren eredua goraipatu ditu. Herri horretan, Sailak 263 etxebizitza kudeatzen ditu eta, horietatik, 134 partikularren biziguneak dira. Nabarmendu duenez, oso kopuru handia da, eta asko esaten du Eibar herriaren gizarte-kontzientziaz”, nahiz eta aitortu ere duen ez dela artean nahikoa une honetako eskariari aurre egiteko. Egun, Eibarren erroldatutako 824 pertsonak dute izena emanda Etxebiden etxebizitza baten bila, eta horietako 747k dute aukera alokairua eskuratzeko.

Arriolak dei egin die “etxebizitza hutsak dituzten udal guztiei eta, are, udal arlotik jada kudeatzen ari direnei, Alokabideren zein Etxebizitza Sailaren eskarmentuan eta kudeaketa onean konfiantza izatera eta programa batekin bat egitera, haren helburua baita Euskadiko herritar guztiek bizitzeko aterpe bat izatea”. Adierazi du ere oso zaila dela ulertzea hutsik dauden titulartasun publikoko etxebizitzak egotea, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ez duten hainbeste pertsona daudenean.  

Etxebizitza Sailak, Alokabide sozietate publikoaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko 13.231 etxebizitza kudeatzen ditu alokairuan. 4.275 Alokabideren jabetza dira, 3.326 Etxebizitza Sailaren jabetza, 5.214 Bizigune programarenak, 265 ASAP programarenak, eta 151 askotariko udalen jabetza.

Eibarko alkateak, bestalde, azpimarratu du “hitzarmen honen sinadura oso albiste ona dela, 2017 urtetik garatzen ari garen lan baten emaitza da-eta. Alokairuaren figura berri bat da, etxebizitzen kudeaketa azkarrago bat egiteko ahalmena emango diguna, eskari handiari garantia segurtasun guztiekin erantzuna emanez eta prozedura errazago baten bidez horrelako etxebizitza bat lortu nahi dutenekin harremanetan jartzea ahalmenduko du. Gainera, honek egiaztatzen du erakundeen arteko harremana onuragarria dela beti garrantzia handiko proiektuak burutzeko. Lanean jarraituko dugu alokairuko zuzkidurako etxebitzitza kopurua handitzeko, Eibarren benetako beharra dagoelako.

Txonta auzoko bulegora egindako bisita

Hitzarmena sinatu ondoren, Iñaki Arriola sailburua eta Miguel de los Toyos alkatea Txontako hurbileko bulegora joan dira Eusko Jaurlaritza eta Eibarko Udala auzo horretan garatzen ari diren hiria berroneratzeko proiektuaren aurrerabidea bertatik bertara ezagutzeko.

Proiektu anbiziotsua da; izan ere, ondorengoak aurreikusi ditu: energia-efizientzia eta irisgarritasun irizpideak dituzten eraikin zaharrak zaharberritzea, etxebizitza babestuak eta oin berriko zuzkidura-bizitokiak eraikitzea, gizarte- eta ingurumen-arloetan era jasangarrian eta ikuspegi integralez hiria berroneratzea, eta auzotarrek auzoan parte hartzea.

Programaren lehendabiziko fasean, Txonta kaleko 17 portaletako 221 etxebizitza zaharberrituko dira. Iñaki Arriola buru duen Sailak 2,3 milioi euroko diru-laguntza zuzendu du horretarako. Horietatik, 300.000 euro hurbileko bulegoa funtzionatzeko eta auzoko gizarte-arloa berpiztearekin zerikusia duten lanetarako gorde dira; 1,9 milioi etxebizitzak zaharberritzeko laguntzetara bideratuko dira, eta 100.000 euro laguntza osagarrien Berme Funtsean metatuko dira.

Interbentzio horiek guztiak hiria zaharberritu, berroneratu eta berritzeko politika integratu berriaren garapenean kokatzen dira, gure hiri eta herrietako auzo eta eremu narriatuak biziberritzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatuta. Txontaren ondoan askotariko ekintzak egiten ari dira Euskal Autonomia Erkidegoko askotariko udalerrietan, adibidez, Sestao (Txabarri-El Sol), Donostia (Txomin-Enea), Vitoria-Gasteiz (Coronación), Bilbo (Otxarkoaga) eta Durangon (Aramotz).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea