Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Estrasburgon René Cassin Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuan Gernikako arbolako kimuaren landaketan parte hartu du

2019.eko urtarrilak 18

Iñigo Urkulluk esan du eskubideen kausa eta giza duintasuna “gizateriaren proiektu nagusia” dela

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur eguerdian, Estrasburgon René Cassin Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuan Gernikako arbolako kimuaren landaketan parte hartu du. Landaketan Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak ere parte hartu du, eta René Cassin euskaldun unibertsalaren irudia eta lana aintzatesteko antolatu diren ekitaldiei amaiera eman die; horietan Lehendakaria izan da, Euskadiko ordezkaritza baten buru.

Lehendakariak Institutuaren egoitza Jean-Paul Costa Institutuko presidentearekin batera bisitatu du. Topaketa laburra izan dute eta, bertan, Costak euskal ordezkaritzari zentroaren eginkizunak azaldu dizkio; ondoren, Lehendakariak Bisita Liburuan sinatu du. Gero, eraikinaren kanpoaldean, Gernikako arbolaren kimua landatzeko ekitaldia egin da. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Jean-Paul Costari kimua benetakoa dela ziurtatzen duen dokumentazioa eman dio. Costak, hiriko alkate Roland Ries-ek eta Lehendakariak hitz egin ondoren, landaketari ekin diote.

Lehendakariak esan du René Cassinek duela 50 urte jaso zuela Bakearen Nobel saria, “bakeari, justiziari eta giza eskubideei eskainitako bizitza osoagatik”, eta adierazpen unibertsala idazteko eginiko lanengatik. Eta gogorarazi du sariaren zuzkidura ekonomikoa Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuela. “Hemen Gernikako arbolaren hazia landatzea sinboloa eta konpromisoa da Euskal Herriarentzat”, esan du.

Lehendakariak esan du Gernikako arbolaren kimuak “elkartasun unibertsala” adierazten duela pertsona, herri eta erakundeetan, giza eskubideen “defentsan eta sustapenean”; izan ere, esan duenaren arabera, pertsona politika publikoen ekintzaren erdigunean “berriro kokatzeko” aukera ematen duen “tresna” dira.

 “Kimu hau sendo hazten da zerurantz, eta horrek gogora ekartzen digu eskubideen eta giza duintasunaren kausa gizatasunaren proiektu nagusia dela”, esan du, amaitzeko.

Jean- Paul Costa

Jean-Paul Costa jurista frantziarra da; 1941eko azaroan jaio zen. René Cassinen ondoren presidente-kargua hartu zuen Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuan (René Cassin Fundazioa). Costa Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentea izan zen, 2007ko urtarrilaren 19tik 2011ko azarora arte.

Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua – René Cassin Fundazioa

René Cassinen pentsamenduarekin bat etorriz, Institutuaren helburua da independenteki eta espiritu zientifikoarekin eta eskuzabaltasunez ezartzea giza eskubideen eta funtsezko askatasunen defentsa eta sustapena, hezkuntzaren eta ikerketaren bidez. Jean-Paul Costa da presidentea eta Estrasburgon du egoitza; hirian zuzenbidezko estatuaren eta giza eskubideen sinbolo.

Fundazioak gaurkotasuneko gaiekin zerikusia duten giza eskubideetan gaitzeko ikastaro ugari ematen ditu. Gaikuntza-saio horien bidez, giza eskubideen eragileek beren ezagutzak gara ditzakete, horiek eraginkortasunez babesteko, indarkeriak prebenitzeko eta zehatzeko beharrezko tresnak ematen baitzaizkie.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak