Eu

Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien bizigarritasun baldintzak eta diseinu arauak erregulatzen dituen dekretu proiektua. Aurretiazko kontsulta publikoa. Ondorioak

2019.eko urtarrilak 16

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien bizigarritasun baldintzak eta diseinu arauak erregulatzen dituen dekretu proiektua prestatuko du. Dekretu-proiektu horrek Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea garatuko du. Lege hori 2015eko ekainaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen, 133.1. artikuluan ezartzen denarekin bat, arau proiektua egin aurretik kontsulta publikoa egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren euskadi.eus  eta Irekia web-atarien bidez, herritarren eta egitekoa den arauaren eragina izan dezaketen norbanako eta antolakunde esanguratsuenen iritzia bildu da.

Kontsulta izapide honetan 35 iruzkin jaso dira, 5 iruzkin aldekoak dira, 2k kontrako jarrera azaldu dute eta beste 28 iruzkin orokorrak izan dira.

Kontsulta izapide honetan bost pertsonak hartu dute parte, baita udal teknikari batek eta Euskadi eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Jasangarritasun Batzordeak ere.

Jaso diren 35 iruzkin horietatik 18 iruzkin pertsonak modu partikularrean egindakoak dira, 1 udal teknikariak egindakoa eta 16 Euskadi eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Jasangarritasun Batzordeak bidali ditu.

Halaber, egindako iruzkin guztietatik 17 orokorrean egindako galderei erantzuna emateko izan dira (6  iruzkin pertsonek modu partikularrean egin dituzte eta 11 iruzkin udal teknikariak eta Jasangarritasun Batzordeak aurkeztuak). Bestalde, 18 iruzkin diseinu, toki, banaketa eta ekipamenduari buruz izan dira (12 iruzkin pertsonak modu partikularrean egindakoak dira eta 6 iruzkin aurkeztu ditu Jasangarritasun Batzordeak).

Bere iruzkinak modu partikularrean egin dituztenetatik hiruk aldeko iritzia eman dute araua   egiteari buruz. Aldeko iritzia eman dute ere udal teknikariak eta Euskadi eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Jasangarritasun Batzordeak. Guztira, 7 iruzkin arau hau egitearen aldekoak izan dira.

Diseinu, kokaleku, banaketa eta ekipamenduari buruzko galderei dagokienez, adostasuna dago gutxieneko eguzkialdiari buruz edo etxebizitzen bizigarritasuna kontuan hartzeko orduan garajea eta trastelekua behar ez izateaz.

Beste gai batzuei buruz, berriz, iruzkinak ez datoz  bat; hain zuzen, etxebizitzen barne banaketa edo arropa esekitzeko tokia lehorgailu batekin ordezkatzearen inguruko galderen kasuan.

Esandako izapideak egiteko epea amaitu eta ondorioak balioetsi ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak araua prestatzeko prozedura izapidetzen jarraituko dugu, beharrezkotzat jotzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien gutxieneko  bizigarritasun baldintzak ezartzea. Halaber, araua prestatzean kontuan hartuko da kasu bakoitzean eman daitezkeen herritarren berariazko beharrak asetzeko neurriak ere ahalbidetzen direla.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau